Back Gipuzkoak Poesiaren Munduko Eguna ospatuko du #EdertasunaZabaldu gizarte ekimenarekin

Gipuzkoak Poesiaren Munduko Eguna ospatuko du #EdertasunaZabaldu gizarte ekimenarekin

Martxoak 21ean Poesiaren Munduko Eguna ospatuko da. Data hori ospatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak #EdertasunaZabaldu ekimena jarri du abian. Helburua da gipuzkoarrek sare sozialen bidez errezitatutako olerkiez betetzea lurraldea.

Gipuzkoak Poesiaren Munduko Eguna ospatuko du #EdertasunaZabaldu gizarte ekimenarekin

Kultura Departamentuak herritarrak gonbidatzen ditu ekimen honetan parte hartzera. Gipuzkoa poesiaz betetzea da helburua eta horretarako, kanpaina bat jarri du abian sare sozialetan, herritarrak graba daitezen poema bat errezitatzen edo argazkiren bat argitara dezaten Instagramen, Twitterren edo Facebooken. Gainera, lurraldeko liburu-denda batzuetan % 5eko deskontuak egongo dira poesia liburuetan.

Gaurtik martxoaren 21era arte, Kultura Departamentuak herritarrak animatzen ditu poesiaren irakurketa partekatuaz gozatzera, beren sare sozialen eta Departamentuko sare sozialen bitartez.

Horretarako, aste osoan zehar herritarrek sare sozialetan bideoak grabatzea proposatzen du poemak errezitatzen edo poesia batzuen argazkiak argitaratzea, #ComparteBelleza eta #EdertasunaZabaldu etiketak erabiliz.

Gainera, Departamentuko kanalen bidez (@GipuzkoaKultura), Gipuzkoako gizartearen eremu guztietako hogei ordezkari baino gehiagoren bideoak zabalduko dira, herritarrek partekatzen dituztenez gain. Ekimenak Gipuzkoako kulturaren, zientziaren, gastronomiaren, politikaren, kazetaritzaren, lankidetzaren edo kirolaren munduko pertsona ospetsuak erakartzea lortu du, ekintzaren enbaxadore gisa jardungo dutenak. Besteak beste, dagoeneko parte hartu dute Lucía Lacarra dantzariak, Elena Arzak sukaldariak edo ADEGIko presidente Eduardo Junquerak.  Lurraldea ordezkatzen duten hogeitik gora lagun, euskaraz nahiz gaztelaniaz irakurtzen.

 

 

Deskontuak liburu-dendatan

Lurralde osoko 40 liburu-denda inguruk bat egin dute ekimen honekin. Datorren asteartera arte % 5eko deskontua eskainiko dute poesia-liburuetan. Horietatik 22 Donostian, 2 Errenterian, Irunen eta Andoainen eta bat Pasaian, Hernanin, Villabonan, Beasainen, Tolosan, Arrasaten, Bergaran, Eibarren, Zarautzen eta Elgoibarren.

Adolfo López Gipuzkoako Liburu-denden Gremioko presidenteak adierazi duenez, «Gremioa oso pozik dago poesia kulturaren eta edertasunaren erdigune gisa kokatzen duen proiektu batean parte hartzeko aukera eman zaiolako, liburu-dendak hedapen eta eduki poetikoaren iturri bihurtuz sareetan, egun hauetan ekitaldi poetikoen egoitza izanez, eta gipuzkoarrei aste osoan zehar poesia liburuetan zuzeneko deskontua eskainiz».

Bestalde, Asier Serranok honako hau adierazi du: “poesiak ez ditu gerrak gelditzen, poesiak ez ditu bake itunak sinatzen; nahiz eta hitz poetikoak erabiltzen ditugun gerra zein bakea deskribatzeko. Poesiak ez ditu lurrikaren etorrerak iragartzen; nahiz eta hitz poetikoz lasaitu ditzakegun seismoen uhinen ondorioak. Poesiak ez digu gosea baretuko; nahiz eta hanburgesa eta janari ekologikoa saltzeko hitz poetikoak erabili ditzakegun”.