Back KM berriak irakurketa sustatzeko programa bat eskainiko du, haurrak eta gazteak kulturarekin birkonektatzeko

KM berriak irakurketa sustatzeko programa bat eskainiko du, haurrak eta gazteak kulturarekin birkonektatzeko

Makina bat kontu proiektuak bilatzen du haurrak eta gazteak istorio eta kontakizunekin liluratzea, irakurketara eta literaturara hurbilarazteko. Denis Itxaso; "Kultur esperientziak ez du mundu digitalak monopolizatuta egon behar; irakurketa eta literatura oinarrizkoak dira belaunaldi berriek baliabide intelektualak eta sortzaileak izan ditzaten".

KM berriak irakurketa sustatzeko programa bat eskainiko du, haurrak eta gazteak kulturarekin birkonektatzeko

Denis Itxaso Kulturako diputatuak Makina Bat Kontu programa aurkeztu du; haurrei zuzendutako programa bat da, obren ondorengo Koldo Mitxelena berrituan kokatuko dena. Prentsaurrekoan egon dira, baita ere, Anjel Alkain, Diana Gorostidi eta Ana Sistiaga, programaren diseinatzaileak.

 

Itxasok azaldu duenez, Aldundiak KMren egiturazko zaharberritzea egitea erabaki zuenetik, eraikina aldi baterako itxi beharra KMK errealitate berrietara eta etorkizuneko beharretara egokitzeko aukera izan zitekeela ulertu zuen. Ohiko erabiltzaileei arreta emateaz gain, horientzat KMk erreferentziazko espazio izaten jarraituko baitu, Koldo Mitxelenak belaunaldi erreleboari erantzun behar dio, datozen 20 urteetarako zentroan pentsatzea egungo haur eta gazteengan pentsatzea baita. Beraz, kulturako foru arduradunen iritziz, haur eta gazte horiei ateak irekitzeko unea da hau.

 

Zentro honek 16 urtetik gorakoentzako espazio gisa funtzionatu du 25 urtez. Apustua, beraz, espazioa haur eta familiei irekitzea da, eta, aldi berean, publiko gazteenarekin konektatzen duten proposamenen aldeko ahalegina egitea. Beharrezkoa da, gainera, haurren artean irakurketa sustatzen laguntzea. Gipuzkoako liburutegietatik horretan ari dira lehendik ere, kontu kontalarien bidez, irakurketa kluben bidez edo programa espezifikoen bidez.

 

«KMtik proposamen desberdina egin nahi dugu: ez da haur liburutegi bat (lurraldean badaudelako haur liburutegi asko, oso ongi funtzionatzen dutenak), haurren eta familien artean irakurzaletasuna sustatzeko proiektu bat baizik. Irakurketa gero eta gehiago kezkatzen gaituen kontu bat delako. irakukerta indize apalek eta testuinguru digital berriak dakarkigun erronkak benetako eztabaida piztu dute irakurketaren eta irakurzaletasunaren inguruan.  Gai honi diziplina anitzeko ikuspegitik heldu behar diogu, eta hortik dator proiektu hau, zeinak bilatzen baitu harremanak eraikitzea, liburuekiko kontaktuak sortzen duen emozioaren bidez, istorioak irakurriz, espazio atsegin eta goxo batean», azaldu du Itxasok.

 

Makina bat kontu literaturaz gozatzeko espazio bat da, non bilatzen baita bisitari aktiboarengan jolasteko, irakurtzeko, entzuteko, ikusteko, eraikitzeko, amets egiteko, abesteko, konpartitzeko, hitz egiteko, marrazteko eta sortzeko gogoa piztea.

 

«Proiektu parte-hartzailea eta sortzailea izatea nahi dugu, harremanak eraikiko dituen proiektu bizi bat. Gainera, oroitzapenak sortzea nahi dugu, emozioaren bidez, eta espazio atsegina izatea, goxoa eta gertukoa. Koldo Mitxelena Kulturuneko etorkizuneko erabiltzaileentzat, gure helburua da Makina bat kontu haurtzaroko espazio ahaztezina izatea», esan du Itxasok.

 

Haurrak izango dira espazio honen protagonistak, baina pentsatuta dago, baita ere, familientzat, ikastetxeentzat, liburutegientzat eta, oro har, Gipuzkoan haur literaturarenganako zaletasuna duen edozeinentzat. Txikienek emozioa, akzioa eta irudimenerako arrazoiak aurkituko dituzte beren neurrira pentsatu eta antolatu den espazio honetan. Familien arteko topagune ere izango da. Bertan, esperientziak trukatu ahal izango dituzte. Ikastetxe, irakasle eta ikasleek ere, aldez aurretik landutako programa baten bidez, ikusi ahal izango dute literatura dela lilurarako, sormenerako eta bizipenerako bidea. Liburutegietako liburuzainak ezinbesteko laguntzaile izango dira Makina bat kontu espazioan. Urtetan metatu duten esperientzia aprobetxatuko dugu, eta, trukean, Gipuzkoako liburutegiek lan horren guztiaren emaitzak jasotzeko aukera izango dute.  

 

Literaturaren mundua, idazleena, aktoreena, artistena, musikariena, ilustratzaileena,… horiek ere beren espazioa izango dute. Lan talde bat egongo da, lan egiteko eta proposamenak aurkezteko baldintza onenak eskainiko dizkiena.

 

Literaturaren alderdirik ludikoena sustatu nahi da, eta irakurzaletasuna eta liburutegiekiko lotura indartu, askotariko sorkuntza jardueren bidez, aitzakiatzat literatura eta liburuak hartuta. Istorioen hartzaile izango dira. Eta istorio horiek liburua lortzeko grina piztuko dute. Horretarako, liburutegietara bideratuko ditugu erabiltzaileak, istorio horiek bertan topatu eta irakur ditzaten.

 

Koldo Mitxelenan kokatuko den Makina bat kontu espazioak bi atal izango ditu. Bata haur hezkuntzako haurrentzat, hau da, irakurtzen ez dakitenentzat (Kontu txikiak espazioa); bertan, oinarrizko elementua ipuina izango da. Bestea, berriz, lehen hezkuntzako haurrentzat (Makina handia espazioa). 8-9 urte bitarteko haurrentzako espazioa da. Haur horiek badakite irakurtzen, eta literatura testu batean oinarritutako istorio bat biziko dute, ibilbide dramatizatu baten bidez.

 

Bi espazio horientzat harrera espazio bat ere aurreikusten da. Ezinbestekoa izango da aldez aurretik erreserbatzea, eta harrera espazio hau arduratuko da eskaerak kudeatzeaz. Makinak webgune bat ere izango du, eta honek, sare sozialekin batera, espazio birtuala osatuko du.  Makina bat konturen asmoa da literaturaren gozamena komunikatzea, eta horretarako puntualki Koldo Mitxelena Kulturuneko beste hainbat espazio erabiltzea ere aurreikusten da.