Ahotsak.eus - 2018

Badihardugu Deba Ibarreko Euskara Alkartia 2000. urtean jaio zen, Eibarren. Ahotsak proiektua euskara elkarte horren baitan garatu da eta proiektuan Euskal Herri osoko euskalki guztietako ahozko testigantzak jaso dituzte. Testigantza horiek etxez etxeko elkarrizketak eginez eta dagoeneko herritar anonimoek jasota zeuzkaten grabazioak bilduta jaso dituzte eta denen eskura jarri dituzte www.ahotsak.eus webgunean, modu irekian. Gainera, hainbat lan ere egin dituzte jasotako lekukotza horietan oinarrituta, euskalkien sailkapenak, corpusa...

Sortutako materialaren garrantziaz eta hori zabaltzeak duen inportantziaz jakitun, Ahotsak.eus webgunean jasotako testigantzen transmisioa egiteko hainbat bide jorratu dituzte:

  • Ahotsak.eus webgunea: Jasotako testigantzak daude bilduta eta aldagai ezberdinen arabera egin daitezke bilaketak.
  • Ikasgelan webgunea: ahozko ondarea ikastetxeetan lantzeko.
  • Gerrako Ahotsak webgunea: oroimen historikoa aztertzeko.
  • Gazte Gara Gazte webgunea: Gazteen aisia eta euskara aztertzen dituen proiektua.

Guztira gaikako 100 bideo baino gehiago sortu dituzte eta hainbat dokumental labur.

Hala, egindako lanaren garrantzia azpimarratu nahi izan du Aldundiak, izan ere, euskalkien ahozko lekukotza horiek jasotzerakoan Euskal Herriko ondare inmaterial oso garrantzitsua jasotzea lortu dute. Halaber, azpimarragarria da, hein berean, lekukotza horietako protagonista asko adineko pertsonak direla, haiek baitira euskalkiak bizien mantendu dituzten herritarrak eta, beraz, garrantzitsua izan da gaiari lehenbailehen heldu izana.