Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Gipuzkoa Berdinago

Gipuzkoa Berdinago. Buletinak

Gipuzkoa Berdinago buletinetarako sarbidea

Gipuzkoa Berdinago buletin bakoitzean hamar bat albiste jasoko dira, guztiak Gipuzkoa Berdinago ekimenarekin lotutakoak, euskararen sustapenari buruzkoak eta interes orokorrekoak. Urtean bi buletin argitaratuko dira.

Gipuzkoa Berdinago

Gipuzkoako 19 eragile erreferentzialek hausnarketa partekatu bat egin eta jendaurreko hizkuntza jokamoldean berdin jokatzeko konpromisoa hartu zuten 2017ko azaroaren 29an. Gipuzkoa Berdinago osatzen duten entitateak izaera oso ezberdinetako erakundeak dira eta, besteak beste, Gipuzkoako aniztasuna islatzen dute izaera, helburu eta lan esparruari dagokionez. Honakoak dira 19 sinatzaileak: Adegi, Basque Culinary Center, Bera Bera, CAF, Deustuko Unibertsitatea, Donostiako Udala, DYA, Eibar SD, Euskal Herriko Unibertsitatea, Fagor, Kaiku, Kutxabank, Kutxa Fundazioa, Laboral Kutxa, Mondragon Korporazioa, Mondragon Unibertsitatea, Mutualia, Real Sociedad eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

 

Gipuzkoa Berdinagoren buletina. Harpidetza egiteko hemen eman daiteke izena.

 

Gipuzkoa Berdinago liburuxka.

GB 2016-2020

Ekimenak 2016-2020 egindako ibilbidea jasotzen du liburuxkak.

2020

Euskaraldiarekin bat egin dute Gipuzkoa Berdinagoko eragileek

Gipuzkoa Berdinago egitasmoan parte hartzen duten 19 eragileek bat egin dute Euskaraldiarekin. Enpresa eta entitate horiek Gipuzkoan duten erreferentzialtasunaz baliatuta, Euskaraldiari eta euskararen erabilerari bultzada eman nahi izan diote publikoki horrela. 

 

Gipuzkoa Berdinago osatzen duten entitateetako ordezkariek elkarrekin egindako bideoaz gain, banaka ere zabaldu nahi izan dituzte euskararen eta Euskaraldiaren aldeko mezuak. Jarraian bakoitzak bere erakundearen izenean osatutako bideoak.

 

Gipuzkoako Foru Aldundia

Adegi

Basque Culinary Center

Bera Bera K.E.

CAF

Deustuko Unibertsitatea

Donostiako Udala

DYA Gipuzkoa

Eibar K.E.

Euskal Herriko Unibertsitatea

Fagor Taldea

Kaiku

Kutxabank

Kutxa Fundazioa

Laboral Kutxa

Mondragon Taldea

Mondragon Unibertsitatea

Mutualia

Real Sociedad

2019

Euskararen erabilera publikoa sustatzeko konpromisoa berretsi dute hemeretzi eragileek

“Euskarak eta hizkuntza berdintasunak aurrera egingo badute, hiru alor nagusitan eragin behar dugu, horietatik etorriko baita aurrerabidea. Gizarte aktibazioa, berrikuntza eta elkarlana”. Hitz horiekin ireki du gaurkoan Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Gipuzkoa Berdinago egitasmoko kideek Etorkizuna Eraikiz Gunean egindako jardunaldia. Hizkuntza erabilera aurreratuak partekatu eta sustatzeko sortutako egitasmo hau, gaineratu duenez, hiru ardatz horiekin “lerrokatzen” da. “Komunikazio publikoak garrantzia berezia du euskara biziberritzeko lanean eta horretan ere eredugarriak izateko ardura dugu”, azpimarratu du Olanok.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez eta Soziolinguistika Klusterraren koordinazioarekin, 2016tik elkarlanean ari dira Gipuzkoako 18 enpresa, erakunde, kirol talde eta elkarte. Gipuzkoan hizkuntza-berdintasunaren norabidean paper garrantzitsua joka dezaketela sinetsita, komunikazio publikoaren eremuan burutzen duten jardueran euskararen presentzia eta erabilera handitzeko bat egiten dute. Erakunde horietako bakoitzak antolatzen dituen barne-ekitaldi jendetsuetan jarri dute arreta ikasturte horretan eta, testuinguru horretan, euskararen erabilera eta ikusgarritasuna handitzeko urrats praktiko zehatzak partekatu dituzte gaur. Jardunaldian izan dira erakunde eta elkarteotako kideak, baita Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria, Garbiñe Mendizabal, ere.

Kaikuko komunikazio taldeko Ariane Barrenak, Mondragon taldeko komunikazio arduradun Javier Marcosek eta Deustuko Unibertsitateko Itziar Navarrok azaldu dute zer nolako berrikuntzak bultzatu dituzten azken hilabeteotan beren erakundeetako barne ekitaldietan.

Jardunaldiari amaiera emateko,  berriz, komunikazio publikoan hizkuntzen erabilera berritzailearen kasu aurreratu kasu bezala, CCMA Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals taldeko hizkuntza-aholkularitza zerbitzuko kide Jordi Solé Travéren hitzaldia izan da. Besteak beste, komunikabideetan ere elkarrizketa eleanitzak sustatzearen garrantzia azpimarratu du. “Normalizatu dezagun komunikabideetan ere hizkuntzak tartekatzeko ohitura. Hizkuntzak integratzeko modu bat da eta, ahalegin horretan, katalana integraziorako eta kohesiorako hizkuntza bilakatzen da”. aipatu du.

Hizkuntzaren ikuspegitik Kataluniako hedabide publikoek egindako ibilbidea azaldu du Solék, kontuan izanda, gaur egun, kataluniarren %94,4 katalana ulertzeko gai dela eta %85,5 hizkuntza idatzia irakurtzeko gai dela. Datu horien gainean erabaki logikotzat jo du hedabide publikoek katalanez lan egiteko erabakia hartu izana; hortik aurrera, 1980ko hamarkadan, “eduki interesgarrien bitartez” herritarrak hizkuntzara gerturatzeko hautua egin zuten TV3 de Catalunya Radiok. Urte hauetako lanaren ondoren, hizkuntza “irizpide bateratuak” dituzte hedabide publiko guztiek.

Gipuzkoa Berdinagoko kideak dira: Mutualia, Adegi, Basque Culinary Center, Bera Bera, CAF, Deustoko Unibertsitatea, Donostiako Udala, DYA, Eibar SD, Euskal Herriko Unibertsitatea, Fagor, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kaiku, Kutxabank, Kutxa Fundazioa, Laboral Kutxa, Mondragon Korporazioa, Mondragon Unibertsitatea eta Real Sociedad.

2018

Gipuzkoa Berdinago ekimenak hizkuntza berdintasunaren aldeko urrats praktikoak proban jartzeko baliatu du Euskaraldia

Euskararen ulermena bermatuta dagoen egoeratan euskara hutsez komunikatzeko praktikak gauzatu dira 

Gipuzkoa Berdinago adierazpena aurkeztu eta urtebetera, 2018an egindako bidea landu dute erakunde-sinatzaileek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz Gunean egindako bileran. Gipuzkoako Foru Aldundiaren gidaritzapean eta Soziolinguistika Klusterrak koordinatuta egiten ari da bidea Gipuzkoa Berdinago proiektua. Horrela, erakunde partaideek elkarrekin partekatzen dituzte prentsarekiko harremanean, publizitate euskarrietan, sare sozialetan edo ekitaldietan euskararen tokia handitzeko euren erronkak eta praktikak. Euskaraldiak iraun duen 11 egunetan, jendaurreko komunikazioetan euskararen erabilerari dagokionez praktika-aurreratuak proban jarri dituzte erakunde eta enpresek.

2017ko azaroan jendaurreko komunikazio egoeratan euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa publiko egin zuten Gipuzkoako 18 erakunde erreferentzialek. Taldeak denetariko sinatzaileak biltzen ditu: enpresak, gizarte arlokoak, finantza-erakundeak eta kirol taldeak, besteak beste. Hala, Adegi, Basque Culinary Center, Bera-Bera Eskubaloia, Deustuko Unibertsitatea, Donostiako Udala, DYA Gipuzkoa, UPV/EHU, SD Eibar, Real Sociedad, Laboral Kutxa, Kaiku, Kutxabank, Kutxa Fundazioa, Mondragon, Mondragon Unibertsitatea, Fagor Taldea, CAF eta Gipuzkoako Foru Aldundia bera dira Gipuzkoa Berdinago adierazpenaren sinatzaileak.

 

Praktika aurreratuak probatara. Taldeak Euskaraldiarekin modu praktikoan egin du bat. Azaroaren 23tik Abenduaren 3ra bitarteko egunak erakunde bakoitzak bere jendaurreko komunikazioetan euskararen erabilerari dagokionez praktika-aurreratuak proban jartzeko baliatu ditu.

Praktika hauen gauzapen zehatza erakunde bakoitzaren esku geratzen den arren, talde bezala eman dute ekimen bateratuaren berri. Denetariko praktikak egon dira probatu direnean artean, baina Euskaraldia ardazten duten ahobizi eta belarriprest rolak izan dituzte oinarrian. Euskararen ulermena bermatuta dagoen egoeratan euskara hutsez komunikatzeko praktikak izango dira batik bat. Gaur egun proba direnak ohiko praktika bilaka daitezen lanean jarraitzeko borondatea adierazi dute Gipuzkoa Berdinagoko kideek.

 

Donostia, 2018ko azaroak 20.

2017

Adierazpena

 

Gipuzkoako diputatu nagusiaren deia aintzat hartuta, adierazpen hau sinatzen dugun gipuzkoar erakunde, enpresa eta eragileok hausnarketa partekatu bat egin dugu gure jendaurreko hizkuntza jokamoldearen gainean.

Gipuzkoan bi hizkuntza ditugu ofizialak: euskara eta gaztelania. Begi bistakoa da, ordea, bi hizkuntzok ez daudela oreka egoera batean, ez esparru publikoan ez eta gizartean ere: gaztelania da nagusi. Uste dugu orain arteko ahaleginarekin bakarrik ez direla bi hizkuntzak parekatuko, indar gehiago jarri behar dugula hizkuntza berdintasuna bultzatzeko; euskara lehenetsi behar dugula, alegia.

Zentzu horretan, uste dugu Gipuzkoan erreferentzialtasuna dugun erakunde, enpresa eta eragileoi badagokigula hizkuntza jarduera orekatzailea hartzea eta sendotzea; gure lurraldearekin daukagun erantzukizunak eskatzen digula hizkuntza jokabide aktibo bat euskararen alde, euskarari lehentasuna ematen dion jokamolde orekatzailea, gure bizikidetza orekatuagoa izan dadin.

Sinatzaileok prest gaude bide hori elkarrekin egiteko, eta, prozesu honetan gertatu den bezala, egoki ikusten dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak hartzea taldearen lidergoa.

Hona hemen, eragileek adostutako adierazpena eta parte hartzaileen zerrenda

Adierazpena, bere osotasunean

Sinatzaileak