SORTUTAKOAK TRADIZIONALA 8: "Euskal Herriko plazetarako dantza berriak" azaroaren 26 (Dantzan Ikasi) eta 27an Elgetan

"Euskal Herriko plazetarako dantza berriak" proiektuan eginiko lana aurkeztuko du Patxi Monterok azaroaren 26an eta 27an. Gipuzkoako Dantzagunearen Sortutakoak Tradizionala 8 deialdian aurkeztu zuen egitasmoa, eta hautatua izan zen, Iruinkokoarekin batera. Lan honetan, plazako dantzarako hogeita bost dantza-proposamen "berri" prestatu ditu, Euskal Herriko dantza eta musika tradizioaren oinarrian, eta gaur egungo paradigmarako egokiak izan daitezkeelako ustean.

-ren irudia
 SORTUTAKOAK TRADIZIONALA 8: "Euskal Herriko plazetarako dantza berriak" azaroaren 26 (Dantzan Ikasi) eta 27an Elgetan

Egitasmo honen helburu nagusia, dantzaldietarako ere sormenaren bidea aldarrikatzea da, hala nola sormen hori zentzuz egin dadila. Eta horixe, adibideekin edo 'ejenplua emanez' erakustea.

Bigarren helburu edo aldarrikapena ere badu egitasmoak: indarra ematea euskal tradizioko hainbat dantza-molderi, gaur egun plazan gutxi edo oso gutxi erabili ohi direnak, dantza sozialerako oso egokiak izanik ere. Hala nola, sokak, irradakak edo dantza-kantatuak, korruak, ingurutxoak, kontradantzak eta joko-dantzak. Dantza-molde hauetan osatu du egitasmoko dantza-bilduma.

Aurkezpen/ikastaro honetan egitasmoko emaitzak eta hausnarketak aurkeztuko ditu hiru zatitan:

Azaroak 26, larunbata, 10:00-13:30, Elgeta

Hausnarketa-solasaldi batekin abiatu nahi du saioa Patxi Monterok. Dantzaldietako errepertorioa globalizatu eta estandarizatzen joan dela sumatzen du. Testuinguru horretan aniztasun edo berritasun bila erabili ohi diren estrategiak, eta haien gaineko hausnarketa partekatu nahi du. Gogoeta horretatik abiatuta, Euskal Herriko plazetarako dantzak zentzuz sortzea eta eta sorkuntza sustatzea proposatzen du.
 

Erakustaldi praktikoa egingo du bigarren partean: egitasmo honetarako landutako 25 dantza-proposamenak aurkeztuko dira; horien nondik-norakoak azaldu eta dantzan probatzeko asmoa du Monterok.

Azaroak 27, igandea, 19:00etan, Elgeta

Bigarren egunean jendaurreko aurkezpen-dantzaldia egingo da Elgetako Espaloia kafe-antzokian. Aurkezpen labur baten ondoren, dantzaldi bezala proposatuko da, egitasmoan bildutako hainbat dantza-proposamen zuzenean dantzatuta. Zuzeneko musikaz izango da: alde batetik Alboka taldea, talde honek sortu edo grabatutako hainbat doinu erabili baitira egitasmorako, eta bestetik, Iker Allur soinujolea ere bertan izango da, Monterok proiekturako propio moldatutako doinuak jotzen.

Informazioa: Dantzan Ikasi

 

Patxi Montero (Irun, 1966)

Plazako dantza tradizionalean espezializatu da Patxi Montero, bai horien irakaskuntzan eta baita plazetan dantza gidari lanetan arituz ere. Herrixa Dantzan dantzaldien sortzaile eta gidaria. Dantza irakasle aritzen da helduekin, tradiziozko moldeetan dantzan erakusten, eta plazako euskal dantzen eskolak ematen. Europa mendebaldean zabalduta dagoen bal-folk mugimendua ezagutu, eta bertatik ere edan du, dantza-jaialdi eta ikastarotan. Horrek euskal dantzarako zuen ikuspegia aberastu dio.