SORTUTAKOAK TRADIZIONALA 9: hautatutako proiektuak

Aritz Ibañez dantza-maisu iruindarraren “Dantzaren ikasketan laguntzeko sareko ikus-entzunezko baliabideak” proiektuak jasoko du material didaktikoa sortzeko laguntza. Zortziko eta dantza-jauzien irakaskuntzan laguntzeko zenbait bideo-tutorial egingo ditu. Bestetik, Jon Olazkuaga lohizundarraren “La Pamperruque” lana izan da ikerketa edota sorkuntza ildoan hautatutako lana.

-ren irudia
 SORTUTAKOAK TRADIZIONALA 9: hautatutako proiektuak

Martxoan zehar egin zen Sortutakoak Tradizionalaren 9. ediziora proiektuak aurkezteko deialdia, eta epea itxita, epaimahaiak bi proiektuok hautatu zituen. Onintze Azpeitia dantzaria eta Lehen Hezkuntzako irakaslea, eta Patxi Laborda Bilbao Musika eta Aikoko irakasleak osatu dute epaimahaia edizio honetan.

La Pamperruque, Jon Olazkuaga

Baionan XVIII. mendean egiten zen La Pamperruque dantzaren inguruko ikerketa-lan mardula eginda dauka Jon Olazkuagak. Hain zuzen, joan den martxoan aurkeztu zituen orain arte jasotakoak Dantzan Ikasiren baitan. Lanketari segida eta, batez ere, oihartzuna ematea du helburutzat Olazkuagak, kide den Maritzuli taldearekin dantza bera birsortzeko intentzioa ere badutelako.

Dantzaren ikasketan laguntzeko sareko ikus-entzunezko baliabideak, Aritz Ibañez

Bederatzigarren edizioko berrikuntza nagusia material didaktikoa sortzeko proiektuei irekitako lan-ildoa izan da, eta Aritz Ibañez Euskokultur elkarteko kide eta Duguna taldeko dantza-maisuaren bideo-tutorialak sortzeko ekimenarekin abiatuko da. Pandemiaren ondorioz bideo bidezko irakaskuntzak izandako hedapen izugarriak eragindako hausnarketatik abiatuta, euskal dantzako irakasle eta hezkuntza arautuko irakasleen eskura dantza-jauziak eta zortzikoa irakasteko prozesuan laguntzeko zenbait bideo egingo dut Ibañezek.