Carolina Marín badmintoneko txapeldun olinpikoa Donostian entrenatzen ari da Glasgowko Mundu Txapelketarako, Aldundiak gonbidatuta.

Ekimen honen bitartez, Kirol Zuzendaritzak bultzada eman nahi dio Gipuzkoako badmintonari, kirol txikien aldeko apustua egiten jarraitzeaz gain.

Carolina Marínek egun batzuk emango ditu Gipuzkoako hiriburuan, Gipuzkoako Foru Aldundiak gonbidatuta. Bere egonaldian, uztailaren 31tik abuztuaren 6ra, olinpiar kirolaria Glasgowko Mundu Txapelketarako prestatuko da. Txapelketa horretara bidean, Carolina egiten ari den entrenamendu plan zorrotzeko azken prestaketa da.

Carolina Marín Ibizan entrenatu zen Rio de Janeiroko norgehiagoka olinpikorako, baldintza klimatikoetara hurbiltzeko; oraingoan, berriz, Gipuzkoa aukeratu du prestaketa egonaldi honetarako, tenperatura eta hezetasun aldetik, Eskoziako hiriaren antzeko baldintzak ditugulako.

Astebetez, Carolina Marín sei orduz entrenatuko du egunero, goizez zein arratsaldez. Pistako entrenamendurako, Pio Baroja Kiroldegia aukeratu da, pistan Glasgowko baldintza material berdinak bilatu nahian, parket zoru baten gainean tapiza jarriz. Gainera, txapeldun olinpikoa egunero joango da Hegalak instalazioetara fisikoki entrenatzera, eta Olarain ikastetxe nagusian hartuko du ostatu.

Astearte goizean, Pio Barojan egingo da Gipuzkoako badmintoneko talentu gazteentzako teknikoki hobetzeko jardunaldia, tartean direla Clara Azurmendi, Nerea Díaz, eta Ana Setién, eta Carolina Marínekin entrenatzeko parada izango dute. Ostegun arratsaldean, Gipuzkoako 5 kirolari promesekin entrenamendu bat egitea aurreikusi da; ostiralean, berriz (11:30-13:00), ate irekien saio bat egingo da badmintona sustatzeko.

Hilak 2an, arratsaldez, Aldundiak mintzaldi bat antolatu du Fernando Rivas entrenatzailearekin, izenburu hau duela: “Entrenamendua baino gehiago: “entrenatzaile eta kirolariaren arteko harremanaren mugak deskubritu”. Goi-errendimenduko kirolari eta entrenatzaileei, zuzenean lehiaketara zuzendutako kirolari edota entrenatzaileei bereziki zuzendutako mintzaldi horren bitartez, Aldundiak egokiera paregabea eskaini nahi izan du ondorengo gaiak lantzeko: bakarkako modalitateetan entrenatzaile eta kirolariaren arteko harremana tratatzeko modua, kirol lorpen handiena erdietsi ondoren etorkizunari motibazioz aurre egiteko modua, edo kirol psikologiaren garrantzia, besteak beste. Mintzaldia Koldo Mitxelenan egingo da 19:30ean. Kontuan hartuz edukiera bete egin dela dagoeneko, interesa dutenek kultur guneko webgunetik jarraitu ahal izango dute zuzenean.

Goizane Álvarez Kiroletako zuzendariak adierazi duen bezala, “ez dago dudarik Carolina Marínen etorrerak jakin-mina piztu duela. Esan gabe doa, espainiar kiroleko erreferentziazko pertsonaia dela. Bere bisitaren bitartez, sari sorta aparta duen Carolina Marín kirolariarekin jardunaldi bat partekatzeko modua eman nahi diegu zaleei. Badmintona sustatzeko modu ederra da; izan ere, kirol horrek lizentzia gutxi ditu gure lurraldean, baina bai talentu asko. Hor ditugu, adibidez, Clara Azurmendi eta Alejo Ibeas. Fernando Rivasekin egindako topaketa ere une interesgarria izango da kirolarien lan estiloen berri gehiago jakiteko.

Gipuzkoako badmintona

Gipuzkoako Badminton Federazioa 1986an sortu zen, eta Euskadin aitzindaria eta erreferentziazkoa izan da gure lurraldea kirol honetan. Artean Euskal Federaziorik ez zegoela, Gipuzkoakoa dagoeneko estatuko tituluen bila lehiatzen zen.

Federazioa Manuel San Martin Gorputz Heziketako lizentziatu eta Donostiako Santa Maria Ikastetxeko irakaslearen lanari esker eratu ahal izan zen. San Martinek ikastetxeko ikasleen gurasoen mantenimendu klaseetan sartu zuen kirol hau, baita Gorputz Hezkuntzako klaseetan ere, jarduera bat gehiago eskaintzearren, batez ere neskei, beste kirol erasokorretarako eta gorputz kontaktu handiagoko batzuetarako alternatiba gisa. Lortutako arrakasta hain handia izan zen, non kirolaren zale ugari agertzen hasi ziren eta, era horretan, eskola bat sortu ahal izan zen, urteen poderioz Gipuzkoa lurraldeko eta Euskadiko jokalarien haztegi peto-petoa bihurtutakoa.

Egun, Gipuzkoako goi-maila ez doa inondik ere oharkabean. Gipuzkoa estatu osoko erreferentea da. Clara Azurmendi maila gorenean dabil, sei denboraldi daramatza Madrilgo CARen entrenatzen Fernando Rivasekin, eta 74. postua du munduko ranking absolutuan. Hurrengo denboraldian, SKAELSKORen jokatuko du, Carolina Marínen danimarkar talde bera.

Donostiako Aldapetan, Euskadiko Hobekuntza Teknikorako Zentroa dago, eta bertan Yoana Martínez donostiarra, olinpiarra eta hainbat aldiz Espainiako Txapelduna da entrenatzailea. Egun, hiru jokalari lehiatzen dira 2017ko Talentuzko Kirolaria izendapena eskuratzeko: Clara Azurmendi eta Nerea Díaz ez ezik, horiek errepikatzen baitute, Ana Setién ere hautagai izango da oraingoan GFAren izendapenera.

Gipuzkoan, badminton oso lotuta dago Eskola Kirolari, oso gaztetan aholkatzen den kirol jarduera delako. Horretan dihardutenen % 80 ikasleak dira: 600 bat. Badmintona kirol modalitate inklusiboa da eta, indarrez, bi sexuak berdintzen ditu; horrenbestez, entrenamendu bateratuak egin eta emakumezko jokalarien kopuru handia dago.

Aldundiak irmo apustu egin du ekimen honen alde, Gipuzkoako badmintona bultzatzearren, gainerako kirol txikiekin eta, oro har, emakumezkoen kirolarekin egin duen bezala. Gipuzkoako Badminton Federazioak 400 lizentzia ditu, eta aurreikusi da 2019rako Kirolgik badminton talde bat izango duela.

Donostia, 2017ko uztailaren 28a