Joxerra Garzia - 2009

Joxerra Garzia Garmendia idazle eta kazetaria da, Legazpin (Gipuzkoa) jaioa, 1953ko apirilaren 14an. Filosofia eta Kazetaritza Bartzelonan ikasi ostean, bi urte eman zituen ikasten Münsterreko Unibertsitatean (Alemania). 1970eko hamarkadan, Arrasateko eta Tolosako ikastoletan irakasle aritu ondoren, Euskadi Irratian hasi zen, Sorgin afaria irratsaioaren zuzendari. Geroago, Euskal Telebistan aritu zen, Lumaz eta bertsolaritzari buruzko Hitzetik hortzera saioen zuzendari; telebistako arduradunekin izandako eztabaida baten ondorioz, saioa utzi egin zuen. 1994an Ikus-Entzunezko eta Publizitate irakasle lanetan hasi zen Euskal Herriko Unibertsitatean.

Haur eta gazteen literaturaren esparruan, lan hauek ditu argitaratuak: Malen laberinto madarikatuan (Bapore saria irabazitakoa 1985ean, eta SM argitaletxeak kaleratua 1986an); Gau bat gauekoen artean (Erein, 1988); eta Tunelaz bestaldean (baita ere, Bapore saria irabazitakoa 2000. urtean, SM argitaletxeak kaleratua hurrengo urtean).

Bi poema liburu ditu argitaratuak: Dena dela (Primitiva Casa Baroja, 1988) eta Zotal egunak (Kutxa, 1991). Azken lan horrekin Irun Hiria poesia saria irabazi zuen 1990ean, eta Kritikaren saria 1992an. Garziaren poesiak badu loturarik bertsolaritzaren baliabideekin eta senarekin, hitz jokoekin edo aforismoekin. Aldi berean, baina, poesiaren alderdi filosofikoa ere oso indartsua du.

Helduentzako ipuin bat argitaratua du, Demetrio edo mendekuaren gozoa, bi sari irabazitakoa (Debako Udalaren Tene Mujika, eta Kutxaren Donostia Hiria); argitalpen bana egin zioten sari emaileek, 1984an. Geroago, Reality show ipuina eman zuen argitara Euskaldunon Egunkarian, 1994an egunkari horrek kaleratutako 9408 Narrazioak liburuan jasoa.

Alberdania argitaletxearen Zerberri bildumaren zuzendaria da, 1998an sortu zenez geroztik. Liburu labur eta askotarikoak jasotzen ditu bildumak, entsegutik hurbil diren elkarrizketa eta narrazioen bitartez.

Doktore-tesia aurkeztu zuen 2000. urtean Euskal Herriko Unibertsitatean, Gaur egungo bertsolarien baliabide poetiko-erretorikoak izenburuaz.

Urte berean argitaratu zuen Egonean doazen geziak (Alberdania, 2000), aforismo, hausnarketa labur eta hizkirimiri bilduma bat. Pasarte askotan, bere poesia liburuetan aurrez jasotako ideiak datoz gogora.

Euskadi Irratiko Goizean Behin saioan 2000-2003 bitartean egin zituen 150 bat hitzaldi laburren bilduma argitaratu zuen Itsasoan euri izenburuaz (Alberdania, 2003).

Euskararen Aholku Batzordeak eskaturik, Euskararen Kalitatearen Txostena (Eusko Jaurlaritza, 2004) idatzi zuen, Kike Amonarriz eta Andoni Egaña lankide zituela. Lan horretan finkatu ziren hizkuntzaren kalitatearen hiru oinarriak: zuzentasuna (hizkuntza arauak aintzat hartzea), jatortasuna (euskararen senaren edo usadioaren arabera jokatzea) eta egokitasuna (behar duen xederako hizkuntza egokia erabiltzea).

Hasiera-hasieratik da Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko kide. Gai-jartzaile izateari 2000. urte inguruan utzi zion arren, bertsolaritzaren munduarekin eta elkartearekin lotura estuak gordetzen ditu. Elkartearen barruan izan dituen ardura eta langintzez gain, 1998an Jon Sarasua: bertso-ispiluan barrena lana (Alberdania) argitaratu zuen, eta 2001ean Bat-bateko bertsolaritza. Gakoak eta azterbideak (EHBE). Missouriko Unibertsitateko (AEB) Oral Tradition aldizkariarentzat monografiko bat koordinatu zuen 2007an, euskal ahozko inprobisazioaz.

Komunikazioaren ikerkuntza eta hedakuntza esparruan egin izan duen lanaren emaitza, Kurrin-kurrun Vitae. Maisu baten ikarak eta ostikadak (Alberdania, 2004) eta Jendaurrean Hizlari. (Ahozko) Komunikazio Gaitasuna Lantzeko Eskuliburua (Alberdania, 2008) lanetan jaso du.

Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat lan egin zuen, 2007-2008 bitartean, ahozko inprobisazioaren ikerkuntzaren eta hedapenaren aldeko Mintzola Fundazioaren (Villabonan) oinarriak definitu eta orientatzeko.