Elay Taldea - 2003

Lanean eta euskaraz, eredu aitzindaria

Automobilgintzako merkatuan eta serie handiko beste merkatu batzuetan, ebaketa zehatzez edo beste teknologia batzuen bidez egindako piezak ekoizten ditu Elay Taldeak. Enpresa 1965ean sortu zen Antzuolan (Gipuzkoa), eta geroztik lau esparrutan banatu du bere jarduera: doitasunezko trokelak (Trokelay SA), ebaketa zehatza (Elay Industrial SA, Celay SA Mexiko), zerbitzuak (Elay SL), eta gainmoldaketa eta tratamenduak (Seytra SA, Celay SA Mexiko).

Gaur egun, Elay Taldearen merkatua Europako herrialde gehienetara, Ipar eta Hego Ameriketara, Asiako zenbait herrialdetara, Australiara, Hegoafrikara eta Egiptora hedatzen da.

Elay Taldea, lan munduan euskaraz

Aitzindaria da Elay Taldea: 1992ko otsailean egindako batzar orokorrean, langileek euskara plan bat egitea onartu zuten. Geroztik, etengabe egokitu dituzte enpresaren egiturak eta bitartekoak, euskara izan dadin ez bakarrik enpresa barruko harreman hizkuntza, baizik horrekin batera enpresaren hornitzaileekiko eta bezeroekiko harreman hizkuntza.

Hastapenean, lanari gogotik heldu zioten Elay Taldeko langileek. Lan taldeak antolatu zituzten departamentuka, lan eginkizunak euskaraz betetzeko behar ziren neurriak definitu eta gauzatzeko; astean ordu betez elkartzen ziren, lanorduez kanpo, 94 langile, 7 taldetan banatuta. Horrez gain, beste 34 langile hasi ziren euskara maila hobetzeko eskoletan, astean 8 orduz, lanorduz kanpo betiere, eta beste 22 langile alfabetatze lanetan. Aro horrek, 1996a arte, ordu inbertsio handia eskatu zuen, baina oinarri sendoak ezarri ziren orduan.

Bigarren aro bati ekin zion Elay Taldeak 1996an: euskara batzorde bat eratu zuen, plana hobeki kudeatzeko. Euskararekiko politika orokorraz gain, prozedurak sortu eta onartu zituen enpresak, eta langileek euskaraz jarduteko beharrezkoak ziren tresnak ezarri ziren lantegian, besteak beste aldi bereko itzulpenetarako ekipoa, batzar orokorretan erabiltzeko. Orduan hasi ziren lehen emaitza zehatzak ikusten.

Hirugarren aro bat hasi zen 1999an, heldutasun aro bat, euskara plana enpresaren barruan erabat txertatzea lortu baita. Euskara erabiltzeko prozedurak xedatuak daude, horien araberako barne ikuskapenak egiten dira, euskara batzordeak kudeatzen du plana osorik, bertan departamentu buru guztiak dira partaide, langile askok euskaraz dute eguneroko lana... Esan daiteke, Elay Taldearen lan tresna bat gehiago dela euskara.

Elay Taldea, besterentzat eredu

Enpresa osatzen duen giza talde osoak (jabeek, kudeatzaileek eta langileek) izan du erantzukizuna, noski, gaur Elay Taldea euskaraz naturaltasunez ari den enpresa izan dadin.

Zorionez, Elay Taldea ez da orain euskararekiko konpromisoa aintzat hartu duen enpresa bakarra, ezta gutxiagorik ere: 70 bat enpresa badira, Euskal Herrian barrena, euskara plan zehatz bat onartua dutenak. Elay Taldeak landutako jokamoldea izan dute guztiek eredu, eta hark urratutako bidean etorri dira gainerakoak, lan munduan munduari begira euskaraz jardun daitekeela argi eta garbi erakutsi baitigu guztioi Antzuolan jaiotako enpresak.

Argibide gehiago Elay Taldearen webgunean.

Informazio osagarria:

Iñaki Irazabalbeitiaren mintzaldia