GFAk helegitea jarri dio Uliazpiren sententziari

Uliazpiren lan eskaintza publiko batean 32 langileri hizkuntza eskakizuna eskatzearen aurka ebatzitako epaiaren kontra agertu da Gipuzkoako Foru Aldundia eta bi helegite jarri ditu. Adierazi duenez, sententziak ez ditu herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen.

Foto de 
 GFAk helegitea jarri dio Uliazpiren sententziari

Uliazpi fundazioak lan eskaintza publiko batean 32 langileri hizkuntza eskakizuna eskatu izana legez kanpokotzat jo du EAEko Justizia Auzitegiak. Ebazpen hori, baina, okerra dela uste du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hori dela eta bi helegite jarri ditu sententziaren aurka. Lehenengoa, Espainiako Auzitegi Gorenean aurkeztutako kasazio helegitea da, epaiak Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuak dioena urratzen duela argudiatzen duena. Izan ere, Aldundiak adierazi duenez, EAEn bi hizkuntza dira ofizialak eta lanpostu publikoak betetzeko beharrezkoa da bi hizkuntzetan gaitua izatea. Bigarrena, EAEko Auzitegi Nagusian aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta adierazi duenez epaiak urratu egiten du hautaketa prozesuak arautzen dituen aginduak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak adierazi duenez, bidegabea da epaia, izan ere, Uliazpiren erabiltzaileek egon behar dute erdigunean eta, ondorioz, baita erabiltzaile horiek egiten duten hizkuntza hautuari erantzuna emateak. Gaineratu duenez, Gipuzkoako herritarrek babestu egiten dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren hizkuntza politika eta euskara sustatzearen alde egiten dute nagusiki. Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusi Garbiñe Mendizabalek ere ildo beretik adierazi du euskaldunek eskubide osoa dutela zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko eta horretarako beharrezkoa dela langileek hizkuntza ezagutzak izatea. Beraz, epaiak sumindura sortu duela azpimarratu du.