Ruta de navegación

Publicador de contenidos

Atrás "Lan eremuan euskarak jauzi bat egiteko unea da"

"Lan eremuan euskarak jauzi bat egiteko unea da"

Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, Topaguneko ordezkariekin elkartu da bigarren edizioko prestaketa lanei buruz hitz egin asmoz.

Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, Euskaltzaleen Topaguneko ordezkari Kike Amonarrizekin eta Arrate Illarorekin elkartu da gaur goizean, Euskaraldiaren bigarren ediziorako prestakuntza lanen inguruan hitz egin eta Aldundiaren baitan martxan jarritako prestakuntzaren azken ordua partekatu asmoz. Bileran parte hartu du, baita ere, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek. Urte hasieran diputatu nagusiak hartutako konpromiso publikoari jarraituz, dagoeneko 153 arigune eratu dira foru erakundeko departamentu guztietako ordezkari eta langileen artean eta datozen asteetan gehiago sortuko direla aurreikusten dute foru ordezkariek.

 

“Euskarak lan esparruan jauzi esanguratsu bat egiteko baldintzak dauzkagu, azken hamarkadetan euskararen ezagutzak eman duen aurrerapausoari esker. Horretarako unea da eta, zalantzarik gabe, Euskaraldiak bide horretan aukera ederra eskainiko digu”, adierazi du diputatu nagusiak, bileraren ostean egindako adierazpenetan. Foru Aldundia bera adibide gisa jarri du Olanok, zeinetan urtetan zehar “hainbat langilek euskara ikasteko egindako ahaleginari” eta martxan jarritako politikei esker, “laneko hizkuntza nagusi” bilakatu ahal izateko kondizioak ematen diren.

“Aldundiko langile guztiak bezala, Gipuzkoako gizarte osoa animatu nahi genuke Euskaraldian inplikatzeko. Ez bakarrik kalean, familian eta lagun-artean hizkuntza erabili dezagun, baizik eta beren lantoki eta lan harremanetan ere hizkuntza ohiturak aldatu ahal izateko”, gonbitea luzatu du Olanok.

Diputatu nagusiak gogoratu duenez, Euskaraldiaren lehen edizioak “berebiziko ekarpena” egin zion hizkuntza berdintasunari, herri eta auzoetako gizarte elkarbizitza “aberastu eta indartzeaz gain”, euskararen erabilera %5 igotzea lortu zuelako. Bere ustez, gainera, hizkuntzaren biziberritzean “beharrezko” jotzen dituen hiru “koordenatu” batzen ditu gainera: gizarte aktibazioa, berrikuntza eta elkarlana, alegia. “Hiru oinarri horien inguruan, indar eta energia berria nabari zaio euskara biziberritzeko lanari. Gaur egun, COVID-19ak ekarri dizkigun arazo sozial eta ekonomikoak ahaztu gabe, garrantzitsua da hiru oinarri horiei eutsi eta hizkuntza berdintasunaren aldeko lankidetzari eustea”, gogoeta egin du.

 

“Gertutasunetik eta elkarrekiko babesetik”

Ideia horretan sakondu du, baita ere, Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek, eta Euskaraldiak lehen ediziotik bultzatu duen “elkarlan eredua nabarmen hazi” dela azpimarratu du. “Gaurko aurkezpena ere horren adibide argia da: erakundeen ahalmenak eta gizarte eragileen bultzadak bat egiten dutenean, eragina biderkatu egiten da”, nabarmendu du. Are gehiago, “koronabirusaren krisiak” eragindako egoeran ere, “gertutasunetik eta elkarrekiko babesetik” aritzeko garaia dela adierazi du Amonarrizek. “Euskaraldiak horixe eskaini nahi dio gizarteari: ahobiziak, belarriprestak eta era guztietako erakunde, enpresa eta elkarteak eskutik helduta euskararen erabileran urrats esanguratsuak emateko sarea”, osatu du.

Topaguneko lehendakariaren esanetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskaraldia erakunde osoan zabaldu eta ariguneak sortzeko otsailean hartutako erabakia “beste erakunde askorentzat inspiragarri” izan daiteke. “Gipuzkoak duen errealitate soziolinguistikoari oso ondo erantzuten dio eta garrantzitsua da lurraldean hainbesteko eragina duen erakunde batek erakutsi duen jarrera aitzindaria. Gipuzkoari badagokio eta erantzukizunetik tiratzen jarraitzeko gonbitea egin nahi diegu erakunde hau osatzen duten lagun guztiei”, laburbildu du.

 

Langileentzako mintzalaguna

Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den otsailetik lanean dihardu erakundea egituratzen duten hamar departamentuetan ariguneak osatu eta Euskaraldira begirako barne lanketa antolatzen. Joan den udazkenean Donostiako Intxaurrondo auzoan egindako pilotajean ere parte hartu zuten Gizarte Politiketako 155 langile inguruk, hainbat arigunetan banatuta, eta eragin positiboa izan zuen hizkuntza ohituretan.

Otsailean diputatuen kontseiluak Euskaraldiko bigarren edizioan parte hartzeko erabakia berretsi ostean, besteak beste, departamentu bakoitzak bere talde motorra edo eragilea osatu du. Langileak eta arduradunak modu aktiboan parte hartzeko neurriak lantzen ari da, baita ere, eta ahobizi eta belarriprest izango diren langileei prestakuntza eskainiko zaie.

 

Bestalde, prestakuntza lanez gain, Euskaraldira begira Mintzalaguna egitasmoa martxan jarriko du Aldundiak, zeinen bitartez foru administrazioko langileei mintzapraktika euskaraz egiteko aukera eskainiko zaien datorren irailetik abendura arte. Praktika librea izango da, jarioa handitzeko, trabak arintzeko, ohitura zabaltzeko eta, horrekin batera, mintzamen eta ulermen maila hobetzeko.

Mintzapraktika bikotetan egingo da, bi rol hauen arabera: bidelagunak euskaraz ondo daki eta bidelariak, berriz, euskara praktikatu eta bere maila hobetu nahi du. Izena ematen duten Bikote bakoitzeko kideek astean behin egingo dute mintzapraktika saioa, gehienez ere 30 minutuko iraupenaz.

Baita ere, langileei tresnak eskaini asmoz euskara izan dadin laneko hizkuntza, langileentzako trebakuntza mintegiak antolatuko ditu Foru Aldundiak. Hain zuzen ere, hiru trebakuntza mintegi mota eskainiko dira, berariazko helburuen arabera:

  • Lan giroan euskaraz: lankideen arteko harremanetan euskararen ahozko erabilera sustatzea eta hizkuntza ohituren aldaketan eragitea da trebakuntza mintegi mota honen jardueren xedea.
  • Lan hizkuntza: lanean euskaraz, ahoz nahiz idatziz, jardutea bermatzeko jarduerak dira nagusi trebakuntza mintegi mota honetan.
  • Zerbitzu hizkuntza: herritarrari edo entitateei zerbitzua euskaraz emateko gaitasun eta trebetasunak lantzen dira nagusiki trebakuntza mintegi mota honetan, helburu zehatz batekin: herritarren eskubideak bermatu eta euskarari lehentasuna ematea.
  

2049