Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 500 milioitik gorako zuzkidura izango du lehen aldiz UFFFak, ekonomiaren momentu onak bultzatuta

500 milioitik gorako zuzkidura izango du lehen aldiz UFFFak, ekonomiaren momentu onak bultzatuta

Ogasun eta Finantzetako diputatu den Jabier Larrañagak ekonomiaren momentu onean jarri du azpimarra, baina kudeaketa zuhurra eskatu du

2018/10/16

Gipuzkoako Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañagak ekonomiak bizi duen momentu onean jarri du azpimarra, aurtengo Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak izango duen zuzkidura gehigarria azaltzerako orduan. Zehazki, 500 milioi euroen langa gaindituko da lehen aldiz, 504 milioi euro izango baititu, aurrekontuetan jasotakoak baino 18 gehiago. Udal ordezkariak Donostian egin den Gipuzkoako Finantza Kontseiluan izan dira gaur, eta bertan jaso dute datuen xehetasunen eta azkeneko Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hartutako erabakien berri.
Larrañagarekin batera, Jose Ignacio Asensio eta Denis Itxaso foru diputatuek eta Zerga eta Finantza Politikako foru zuzendari den Bittori Zabalak ere hartu dute parte bileran. Udalen ordezkaritza, bere aldetik, Elgoibarko alkate den Ane Beitiak; Azpeitiko alkateorde den Estitxu Elduaienek; Donostiako Ogasuneko zinegotzi den Jaime Dominguez-Macayak; eta Eudeleko zuzendari nagusi den Mar Zabalak osatu dute. 
Datorren urteari begira, UFFFren zuzkidura hazi egingo da berriro ere, 14 milioi euro gehiago izango baititu. Horrela, guztira, 518 milioi eurora iritsiko da. Larrañagak nabarmendu duenez, aurtengo eta datorren urteko aurreikuspenak “albiste onak” dira udalentzat, baina baliabideak zuhurtziaz kudeatzearen alde egin du. “Lehenik eta behin, aipatutako zifrak oraindik ere aurreikuspenak bakarrik direlako. Bigarrenik, ez dakigulako etorkizunean zer gertatuko den, eta prest egon behar dugulako haizeak norabide aldatzen badu ere”, esan du. “Ziur nago gure udalek izan ohi duten zuhurtziaz eta arduraz kudeatuko dituztela baliabide gehigarri hauek”, adierazi du. 

  

1711