Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ate irekien jardunaldi berri batekin irekiko du kurtso berria Gipuzkoako Foru Aldundiak

Ate irekien jardunaldi berri batekin irekiko du kurtso berria Gipuzkoako Foru Aldundiak

2.600 lagun inguruk parte hartu dute jada erakundea herritarrei gerturatzen jarraitzea helburu duen ekimen honetan, foru jauregia eta bertan dagoen ondarea ezagutaraziz

2019/08/27

Etzi, osteguna, ate irekien jardunaldi berri bat egingo du Aldundiak. Bisita gidatua egin ahal izango dute hala nahi dutenek, foru jauregia eta bertako areto azpimarragarrienak ezagutuz. Hango objektu, margolan eta elementu nagusien bitartez, ibilbidea egin ahal izango dute historian eta arkitekturan barrena. Era berean, Aldundiaren, Batzar Nagusien, horien eskumenen eta antolaketa administratiboaren inguruko azalpenak jaso ahal izango dituzte. Gainera, larunbatean berriro egongo da eraikinaren barnealdea ezagutzeko aukera, hilabeteko azken larunbatetan egin ohi baitira bisita irekiak baita ere.
Doan dira bisitak, ordubete eta hamabost minutu inguruko iraupena edukiko dute, eta bi txandatan egingo dira, goiz eta arratsaldez, ordutegi hauekin: 10:00ak (euskara), 11:30ak (euskara eta gaztelania), 13:00ak (gaztelania), 16:00ak (euskara eta gaztelania) eta 17:30ak  (gaztelania). Larunbatean, 10:00etan gaztelaniazko bisita egingo da, eta euskarazkoa 11:30etan. Kanpoko aldean hasiko dira, eta ondoren ohorezko solairuan jarraituko dute, han baitaude obra nabarmen gehienak. Amaieran, dibulgazio eskuorria banatuko zaie parte-hartzaileei. Herritarrentzako harrera gunean ere eskura daiteke eskuorria. Bisitan zehar, Aldundiaren jatorriaren, eskumenen eta jardueraren berri ematen duen bideoa ikusi ahal izango da.
30 laguneko taldeetan antolatuko dira bisitak, gehienez. Gipuzkoa@gipuzkoa.eus helbidera idatziz, 943-112111 telefonora deituz, edo foru jauregiko harreran bertan eman daiteke izena. Aldundiak antolatzen duen bosgarren ate irekien jardunaldi berezia izango da, 2016. urtean ekimen hau martxan jarri zenetik. Asmoa dago hitzordua errepikatzeko urtean zehar, data esanguratsuekin bat eginik –Gabonak, Aste Santua…-
Jardunaldi berezi horretaz harago, aurrerantzean ere izango da Aldundia barrutik ezagutzeko beste hainbat aukera nahi duenarentzat. Izan ere, Aldundiak bisita gidatuen zerbitzua eskaini ohi du, norbanakoei, zein kolektibo ezberdinei zuzendua: Bigarren Hezkuntzako ikasleak, Zientzia Politikoak eta Soziologia, Zuzenbidea, Komunikazioa, Artea, Turismoa edota Arkitektura ikasleak, erretiratuak, eta bestelako elkarteak (ikusi ordutegiak). Gainera, bisitak egiten dira hilabeteko azken larunbatetan eta, abuztuaren kasuan, aste honetan bertan egingo dira. Kasu guztietan, aurretik hitzordua eskatuz egin daiteke erreserba, astebeteko gutxieneko epearekin, aipatutako helbide eta telefonoan.
Gainera, modulu didaktikoa prestatu da ikasleentzat, bisita dibertigarriagoa eginez, eta ikasgelan gaia irakaslearekin batera lantzeko aukera emanez. 2017-2018 ikasturtean jarri ziren martxan eta LH 5. eta 6. eta DBH 1 eta 2ko ikasleei zuzenduta daude. Kasu hauetan, eduki batzuk lantzen dituzte eskolan bai bisita egin aurretik eta baita egin ondoren ere. Bisitan, berriz koaderno bat ematen zaie eta jokoen bidez foru jauregian dagoen ondarea zein ikurrak asmatzen joaten dira. Bisita mota horrek arrakasta handia izan du ikastola eta institutuen artean, eta oso ondo baloratzen dute irakasleek esperientzia.
 Gobernantza diputatu den Eider Mendozak herritarrak animatu ditu bisitan parte hartzera. Harrera oso ona izan dute bisita gidatuek herritarren artean, orain arte, 2.568 lagunek hartu baitute parte, eta hauetatik 800 inguru lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleak dira. Bisitak amaitzerakoan, asebetetze inkesta egiten zaie parte-hartzaileei, eta bertan jasotako iritziak ere oso positiboak izan dira. Formatuan eta antolaketan hobekuntzak egiteko kontuan hartu dira ekarpen hauek.
Foru jauregian zehar, ibilbidea egin daiteke Gipuzkoaren, eta lurraldeko pertsona esanguratsuen historian barrena. Hauek dira kontuan hartzeko moduko elementuetako batzuk: Gaztelako Alfontso VIII.a irudikatzen duen beiratea, 1.200. urtean foruen zina eginez; Alejandro Iruretaren kupula; Gipuzkoako paisaia eta ohiturak irudikatzen dituen horma-dekorazioa; Julio Urquijoren erretratua (Erwal) eta liburutegia, non Aldundiak argitaratutako obra guztiak gordetzen diren; Elkanok munduari egindako itzuliaren omenez egindako tapiza, eta getariarrari Zuloagak egindako margolana; Albizuren Lekuona eta Barandiaran margolanak; Uztapide eta Basarri bertsolarienak; Orixek egindako eskuizkribu zaharrak; edota Leizaola Lehendakariaren eskultura.  

  

1436