Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Harremanak sendotzeko bilera egin dute Aldundiak eta Elkargik

Harremanak sendotzeko bilera egin dute Aldundiak eta Elkargik

“Ekonomia bultzatzea eta kalitatezko enplegua dira lehentasunik handienak Gipuzkoarentzat”, esan du Markel Olanok.

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano gaur goizean bildu da Elkargiko presidentearekin eta zuzendari nagusiarekin, Josu Sanchez eta Zenon Vázquezekin, hurrenez hurren, egungo koiuntura ekonomikoa aztertzeko, eta hainbat estrategia partekatzeko, zerikusia dutenak ekonomia sustapenarekin, Gipuzkoako industria ehunaren finantzen egoerarekin, nahiz enpresa txiki eta ertainentzako laguntzarekin. Topaketan parte hartu du, era berean, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Imanol Lasak. Topaketa kokatzen da diputatu nagusia lurraldeko gizarte eta ekonomia arloko ordezkariekin izaten ari den kontaktuen esparruan, helburutzat hartuta foru gobernua burutzen ari den Gipuzkoako Aldundiaren 2019-2023 Plan Estrategikoa.

Lehen bilera da diputatu nagusiak eta Elkargiko arduradun berri Zenon Vázquezek egiten dutena, azkeneko hori apirilean zuzendaritza nagusira heldu zenez geroztik, Pio Aguirreren txanda hartuta. Elkargi da elkar bermatzeko sozietaterik handiena, estatu osoan, 15.500 enpresa-bazkidek osatuta baitago. 

Markel Olanok gogorarazi duenez, ekonomia bultzatzea, eta kalitatezko enplegua, legealdi honetako “lehentasunik handienak” izango dira, “are gehiago” ekonomia globala aurkitzen den ziurgabetasuneko testuinguru honetan. Eginkizun horren haritik, “erabakigarria” da “Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei laguntzea beren lehiakortasuna, finantza beharrak eta beren etorkizuna finkatzeko” egiten dituzten apustuetan. Ahalegin kolektibo bat da, “lankidetza publiko-pribatua sakontzea” eskatzen duena. “Jarraitu nahi dugu gure industriaren eraldaketari laguntzen, gero eta maila handiagoa lor dezan lehiakortasunean, berrikuntzan, eta presentzia globalean, apustu eginez kalitatezko enpleguaren alde, etorkizuneko sektoreen alde, eta gure herrialdeko nahiz gure herriko industria-ereduaren ezaugarrien alde”, adierazi du Olanok.

Elkargi abiarazten ari den egitasmoak ezagutu ditu, baita ere, diputatu nagusiak. Izan ere, Zenon Vazquezen zuzendaritzapean, sektore guztietako enpresa eta autonomoengana are gehiago gerturatzeko prozesua abiarazi du elkar bermatzeko sozietateak. Elkargik determinazio osoa erakutsi du “beren finantzetako ezagutza eta esperientzia guztia” enpresen zerbitzura jartzeko, erabakiak hartzeko prozesuen eta kudeaketa ekonomiko-finantzieroaren profesionalizazioa lagunduz.

  

1501