Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Iberdrolak eta Aldundiak 4,1 milioiko hitzarmena sinatu dute landa eremuetako sare elektrikoa hobetzeko

Iberdrolak eta Aldundiak 4,1 milioiko hitzarmena sinatu dute landa eremuetako sare elektrikoa hobetzeko

Inguru horietan kalitatezko hornikuntza indartzea du helburu egitasmoak, Landagipuzkoa+ eta Ekonomia Suspertzeko Planaren testuinguruan

2016/07/27

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Iberdrola Distribución Eléctrica-ko Ipar Eremuko zuzendariak, Fernando Llarenak, hitzarmena sinatu dute gaur, landa eremuetan sare elektrikoa hobetzeko helburuarekin. Akordio honi esker, gaur egungo azpiegiturek mugatzen dituzten energia eskari berriei erantzuteko aukera izango da eta lurraldeko sare elektrikoa modernizatzeko aurrerapausoa emango da. Sinaduraren ondoren, Iberdrolako eskualde zuzendariak eta diputatu nagusiak, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpururekin batera, prentsaurrekoa eskaini dute proiektuaren xehetasunak eman asmoz.

Markel Olanok akordioaren garrantzia azpimarratu du, “landa guneetako ekonomia aktibitatea garatu ahal izateko gainontzeko eremuek dituzten zerbitzuak” bermatu ahal izatea ezinbestekotzat jo baitu. Ekimen honekin landa eremuek alor honetan, nahiz ekonomia aktibitatearen ikuspegitik, duten desorekari aurre egin nahi zaio. Olanoren iritziz, hitzarmenari esker, “Aldundi bezala dugun helburuetako batean aurrera pausoak ematea dugu helburu, hau da, lurraldeko gainerako eremuen gisako zerbitzuak eta ongizatea bultzatzea, batetik, eta lehen sektoreko aktibitatea profesional eta lehiakorragoa izan dadin lan egitea”.

Europa mailan desberdintasun gutxien duen lurraldea izateko helburua du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horretarako, Olanok adierazi duenez, lurralde orekan sakondu behar da hainbat alorretan. Sare elektrikoa da horren adibide, zeinetan beharra dagoen eguneraketa bat gauzatzea eta XXI. mendeko beharretara egokitzea. Izan ere, modu horretan, landa inguruneko ekonomia aktibitatea bultzatzeaz gain, gipuzkoarren ongizatean zuzenki eragiteko aukera zabaltzen da. Landagipuzkoa+ plangintzaren aurkezpenean aipatu bezala, herri txiki eta eskualde sendoz osatutako lurraldean sinesten du Foru Aldundiak eta hori da bidea “Gipuzkoa lehiakor, inteligente, orekatu eta sortzailea” erdiesteko. 

Bestalde, Ainhoa Aizpuruk programaren xehetasunak adierazi ditu. Gogorarazi duenez, Landagipuzkoa+ plangintzak 25 milioi euroko ahalegina aurreikusten du datozen lau urteetarako, lurraldeko herri txikien garapena helburu. Orduan ezagutzera eman moduan, gaur aurkeztutako hitzarmenari esker “landa eremuetako elektrizitate sareak behar dituen gaitasun berriei” erantzuteko aukera zabaltzen da.

Erabiltzaileek egindako eskaeretatik abiatuz, egungo landa eremuetako elektrizitate sarearen egoerari buruzko azterketa bat egin da. Aizpuruk azaldu duenez, zenbait alorretan eguneratzeko beharra dago, “orain arte ezin izan direlako erabiltzaileen beharrak ase, potentzia gehigarria edo aprobetxamendu zabalagoa eskatzen” zutenenen kasuetan. Diputazioak gai honetan egin izan ditu lan puntualak, baina “benetako apustu bat egin nahi izan dugu, arazoari aurre egin eta soluzio bat eman”, adierazi du Aizpuruk. Gainera, “programa hau oinarrizkoa da landa inguruneetan ekonomia aktibitatea mantendu nahi badugu eta, ondorioz, lurralde osoaren garapena bultzatu nahi badugu”.

Programa honek 4,1 milioiko zenbatekoa izango du, hiru zatitan banatuta. Foru Aldundiak eta Iberdrolak 1,75 milioi jarriko dituzte datozen lau urteetan, eta azpiegiturak berritzearen onuradunek gainontzeko 600.000 euroak jarriko dituzte. Ainhoa Aizpuruk zehaztu duenez, “legealdi amaierarako transformadoreak hobetu eta berrituko dira, tentsio altu eta baxuko lineak eta hariteriak berritu eta zabalduko dira”, jakinarazi du. 

Behin hitzarmena sinatuta, Iberdrolak jasotako eskariak aztertuko dira eta modu bateratuan egin beharreko lanak abiatuko dira, proiektu bakoitzak izan dezakeen lehentasun mailaren arabera. Diputatuak gaineratu duenez, alor teknikoan parte hartzeaz gain, Foru Aldundiak “baimenak lortzeko lan burokratikoa arintzeko lan egingo du eta, behar izanez gero, norbanakoen eta udal baimenen lorpena kudeatuko du”. 

Amaitzeko, Iberdrola Distribución Eléctrica enpresako Ipar Eremuko eskualde zuzendariak, Fernando Llarenak, Foru Aldundiarekin hasitako elkarlana baloratu du, landa eremuan sortu diren eskaera berriei aurre egin ahal izateko eta, gisa horretan, landa eremuetan hainbat aktibitate ezarri eta sendotu ahal izateko.
Programa hau martxan jarritakoan, 37 transformadore berri ezarriko dira eta beste 17 zabaldu, eta tentsio baxu eta altuko linea berrietan 52 kilometro eraikiko dira. 

  

1365