Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Protagonista izango da LABe 2020an Japonen egingo den Smart Kitchen Summit kongresuan

Protagonista izango da LABe 2020an Japonen egingo den Smart Kitchen Summit kongresuan

AEBetan egin den topaketaren balorazio positiboa egin du ordezkaritza gipuzkoarrak, eta 2021eko kongresua Europara ekartzeko lanean ari da

Smart Kitchen Summit 2019 gastronomia digitalari buruzko munduko topaketaren garrantzitsuena da, eta aste honetan egin da Seattle hirian, Estatu Batuetan. Bertan izan da Gipuzkoako gastronomia digitalaren estrategia den LABe-ren ordezkaritza bat, eta esperientziaren oso balorazio positiboa egin dute. Proiektu Estrategikoetako foru diputatu den Ainhoa Aizpuruk esan duenez, “sekulako aukera izan da lankidetza bide berriak irekitzeko, eragile berriekin harremanetan jarri eta Gipuzkoan elikaduraren balio kate osoan daukagun know-how eta potentziala munduari erakusteko”. Gehitu duenez, Japonen egingo den datorren urteko kongresuan LABe-ren partaidetza zein izango den zehazteko ari dira orain lanean: “LABe-k protagonismo irabaziko du eta pisuzko eragilea izango da Smart Kitchen Summit 2020an; mintzaldi monografikoa eskainiko dugu Gipuzkoako esperientzia aurkezteko, eta 2021eko kongresua Europara ekartzeko ari gara lanean”. 
Proiektu Estrategikoetako foru diputatua izan da ordezkaritza gipuzkoarraren buru eta berarekin izan dira Basque Culinary Center (BCC), Euskadiko Elektrotresna Klusterra (ACEDE) eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko ordezkariak. Honela, LABe-ren ordezkaritzak lurraldeko elikaduraren balio kateko kide nagusiak elkartu ditu. “LABe-ren aterkipean, gure lurraldeko gastronomiaren sektorearen den bezala aurkeztuko dugu: jarduera ekonomiko aurreratua, eta lankidetzan ari dena Gipuzkoaren interesen defentsan”, aldeztu du Aizpuruk. Gaineratu duenez, lankidetza eta eragileen arteko elkarlana dira hain zuzen ere LABe-ren ezaugarri nagusietako bat.
Foru diputatuak esan duenez, kongresuan parte hartzeak Gipuzkoaren nazioarteko posizioa hobetzeko balio izan du. Topaketan zehar, lurraldeko ordezkariak Food–X, BSH Appliances, ZX Ventures edota MIT Media Lab bezalako gastronomia digitalaren arloan puntako diren enpresekin elkartu dira, Microsoft edota Samsung bezalako enpresa teknologiko erraldoiekin harremanak ireki edota gaur egun eraginkor suertatzen ari diren enpresa eredu berriak ireki dituzte. “Egun mundu mailako gastronomia erreferentea gara, baina ezerk ez digu ziurtatzen bihar hala izaten jarraituko dugunik. Horregatik mundu mailan aurreratuenak diren esperientziekin etengabeko harremana izan behar dugu, lankidetza bideak ireki eta beraietatik ikasteko, erreferente izaten jarraitu nahi badugu”, gaineratu du Aizpuruk. 
“Helburu nagusia, beraz, XXI. mendean Gipuzkoa gastronomia arloko mundu mailako erreferente izaten jarraitzea da, bai kalitatearen ikuspegitik zein elikadura osasuntsu eta jasangarritasunaren ikuspegietatik. Sektoreak teknologia berriak baliatzeko gai izan behar du, soluzioak eta negozio eredu berriak aurkitzeko”, azaldu du Aizpuruk. Honela, LABe estrategia martxan jarrita, gastronomiak etorkizunean izango dituen erronkei aurrea hartu nahi zaie, Gipuzkoako sektoreko balio kate osoan teknologia berrien erabilera sustatzeko.

SKS, mundu mailan punta-puntakoa
Smart Kitchen Summit kongresuak bosgarren edizioa izan da aurtengoa. Mundu mailan punta-puntako topaketa da, eta gastronomia-ekosistema osoko nazioarteko erreferenteak biltzen dira bertan, teknologia berriak ezagutu, soluzioak esploratu, ondo funtzionatzen ari diren eredu berriekin hartu-emana izan eta elikaduraren balio kate guztiko eragileekin aliantzak erdietsi eta lankidetza bideak irekitzeko. Entzute handiko hizlariak izan ohi ditu ekitaldiak, tartean gastronomia eta teknologien arloko enpresa liderretako exekutiboak; adimen artifiziala, robotika edota agro-berrikuntza bezalako arloetako ekintzaileak; elikadura eta sukaldaritzaren etorkizunean adituak; inbertsoreak; erreferente diren kazetariak; edota mundu mailan ezagunak diren sukaldariak. 
50 topaketa, mintegi interaktibo edota erakustaldi baino gehiago egin dira Seattle hirian egin den kongresuan, gerturatu direnei etorkizuneko gastronomia ezagutzeko aukera emango dietenak. “Parte hartzen dutenen garrantziagatik eta batez ere bertaratzen direnen garrantzia dela eta, Gipuzkoak ezin zuen huts egin SKS bezalako topaketa batera. Urrezko aukera izan da gure kontaktu sarea hedatu eta gure lurraldeak nazioartean duen posizionamendua hobetzeko”, amaitu du Aizpuruk.

  

1558