Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea «Turismoaren sektorea bizkor eta modu orekatuan suspertu da»

«Turismoaren sektorea bizkor eta modu orekatuan suspertu da»

«Turismoaren erronkak Gipuzkoan» kongresuan, Jabier Larrañaga diputatuak jakinarazi du Aldundiak eskualdeentzako babesa indartuko duela.

Turismo kongresuaren talde argazkia.

Turismo kongresuaren talde argazkia.


Gipuzkoako turismo sektorearekin erlazionatutako 200 profesional eta eragilek baino gehiagok parte hartu dute gaur «Turismoaren erronkak Gipuzkoan» kongresuaren hirugarren edizioan. Kongresua Foru Aldundiak antolatu du, Errenteriako Lekuona Fabrika kultura zentroan. Prestigio handiko adituak izan dira bertan, sektoreak egungo testuinguruan bizi dituen erronka eta eraldaketei buruz zer iritzi duten partekatzeko, eskualde agentzietako eta turismo bulegoetako ordezkariekin, elkarteekin, profesionalekin eta enpresekin, bai eta Deustuko Unibertsitateko eta Zubiri Manteo lanbide heziketako ikastetxeko turismo arloko ikasketetako ikasleekin ere.

Askotariko profesionalen arteko hitzaldien eta elkarrizketen bitartez, etorkizuneko gakoak landu dira, hala nola negozio eredu berriak, bidaia ohiturak, jasangarritasuna edo eraldaketa digitala, Gipuzkoak estatuko eta nazioarteko turismo industrian erreferentziako helmuga gisa duen posizionamendua mantendu eta indartzeko. Hori guztia, sektoreak aurten lurraldean lortu dituen emaitza bikainen testuinguruan; izan ere, 2022ko martxotik irailera bitarteko aldian erregistratutako sarrerek eta ostatu-gauek errekor historikoa markatu dute, 2019an (hau da, COVID-19aren aurretik) hilabete horiexetan ikusi zirenak gaindituz.

Irekiera instituzionalean Errenteriako alkate Aizpea Otaegik parte hartu du, baita Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak ere, Jabier Larrañagak, zeinak ontzat eman baititu jasotako emaitzak. «Ez soilik alderdi kuantitatiboan, baizik eta hazkunde hori modu orekatuan gertatu delako, hau da, eskualde eta ostatu modalitate guztiek izan dute funtzionamendu ona, eta hori zen gure lehentasunezko helburuetako bat. Eta sektore honi beste ezeini ez bezala eragin zion pandemia batetik gatozelako, eta haren aurrean erresilientzia handia erakutsi duzuelako». «Susperraldi bizkor hori –gaineratu du– ez zen kasualitatea izan, baizik eta urte askotan egindako lanaren emaitza; elkarrekin egindako lan eskerga, Gipuzkoa nazioartean erreferentziazko turismo helmuga bihurtu dadin, eredu iraunkor eta kalitatezko batekin».

Diputatuak adierazi duenez, «agertzen ari diren ziurgabetasun faktore berrien aurrean, bide horri eutsi behar diogu eta lehiakorrak izaten jarraitzeko eta gure turismo ereduaren bereizgarriak finkatzeko prestatzen jarraitu behar dugu. Ikasten, jardunbide egokiak trukatzen eta nazioarteko joera handiak ezagutzen: hori da kongresu honen zeregina, hain zuzen. Eta gure indarguneetan oinarritzen: besteak beste, lankidetza, maila guztietan». Alde horretatik, jakinarazi du 2023an 5,2 milioi euroko aurrekontua izango duela Aldundiak turismoaren susperraldia sendotzeko eta pandemia osteko fasea prestatzeko, jasangarritasunean zentratua.  Eskualdeekiko lankidetza estutu eta haien zuzkidura ekonomikoa indartuko dugu, besteak beste arlo hauek sustatzeko: turismo fluxuen banaketa, enpresa txikien digitalizazioa eta ekintzailetza, MICE turismoa, eta turismo adimenduna garatzeko programa berritzailea. Horiek izango dira ekintza nagusietako batzuk.

Hizlari nagusietako bat David Mora izan da, turismo aholkularia eta Basque Culinary Center-eko Turismo Gastronomikoko Esperientzien Kudeaketa eta Diseinuko Masterraren koordinatzailea, «Turismoa Gipuzkoan: etorkizun zalantzagarrirako prestatzen» hitzaldiarekin. Lucía Hernándezek, plataforma bidezko ekonomiaren eta berroneratzearen arloko adituak, bertakoen eta bisitarien arteko bizikidetzari buruz hitz egin du. Iñaki Gaztelumendi aholkulari prestigio handikoak –estatuan zein nazioartean– lankidetza publiko-pribatua landu du. Natalia Zapaterok, Turiskopio enpresako zuzendariak, berrikuntza komunikatzeko gakoak eman ditu, eta American Express Global Business Travel-eko Eloisa Urrutiak eman dio amaiera jardunaldiari bere hitzaldiarekin: hartan, MICE turismoaren nazioarteko joerei buruz egindako azterlanaren ondorioak partekatu ditu. Gainera, Turismo zuzendariak, Iker Goiriak, zehaztu du zein proiektutan ari den Aldundia lanean turismoa sustatzeko, enpresei laguntzeko eta berrikuntzarako.

Hitzaldi bakoitzaren ondoren, planteatutako gaiei buruz eztabaidatu dute bertako turismoaren ordezkariek hizlariekin. Hala, Kongresuan izan dira Mikel Zaldua, Lasala Plaza Hotelekoa; Cristina Iturrigagaoitia, Gipuzkoako Turismo Hub-aren zuzendaria; Virginia Elvira, ADEGIkoa; Xabier Eleizegi, Aldundiko Turismo Zuzendaritzako unitateburua; Maria Jose Beltrán de Guevara, San Sebastian Convention Bureauko arduraduna; eta Silvia Tellechea, Hagoos agentzia hartzailearen sortzaileetako bat. 

Proiektu berritzaileak

Aurtengo nobedade gisa, edizio honetan beren proiektuak bost minutuan kontatzeko aukera eman zaie hiru ekimen berritzaileri. Hala, hiru ekimen hauen berri jakin ahal izan du jendeak: Amaia Agoteren "Baños de bosque"; Ali Urrusoloren "Turismo de cine" proiektua; eta "Ignaziotar urtea 360º" ekimen digital eta interaktiboa, Iraurgi Berritzen elkarteko ordezkari Jesus Mujikak kontatua.

  

3404