Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Gourmet Bag” proiektua jaio da Gipuzkoako ostalaritzan elikagaien zarrastelkeria gutxitzeko

“Gourmet Bag” proiektua jaio da Gipuzkoako ostalaritzan elikagaien zarrastelkeria gutxitzeko

Asensio: “Elikagaien xahuketaren saihesteak ingurumenarekiko inpaktu handia dauka emisioen gutxitzeari dagokionez eta betebehar soziala da"

2018/07/27

Ingurumeneko Departamentuak eta Donostiako Udalak ostalaritzan elikagaien zarrastelkeria gutxitzeko proiektu pilotua abiarazi dute. Horretarako, Donostiako alde zaharreko establezimenduetan Gourmet Bags edo tuperrak emango zaizkie bezeroei, soberako anoak etxera eraman ahal izateko.

 

José Ignacio Asensio: “Elikagaien xahuketaren saihesteak ingurumenarekiko inpaktu handia dauka emisioen gutxitzeari dagokionez eta betebehar soziala da.

 

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Ernesto Gasco Donostiako Ekonomia Sustapeneko zinegotziak eta Xabier Arizmendi Impact Hub Donostiako gerenteak, “Gourmet Bag” proiektua aurkeztu dute gaur goizean elikagaien xahuketaren arazoaz jatetxeetako bezeroak kontzientziatzeko, ez direlako kontsumitzen jatetxeetan eskatzen diren elikagai guztiak.

 

Ingurumeneko Zuzendaritzak Donostiako Udalarekin batera eta Impact Hub Donostiarekin elkarlanean sustatzen duen ekimenen honen bitartez, Gourmet Bag edo tuperrak emango zaizkie bezeroei, soberako anoak etxera eraman ahal izateko. Hasiera batean , jasangarritasunarekin konprometituta dauden Donostiako alde zaharreko eta Garbera merkatal guneko establezimenduek parte hartuko dute: Gandarias, Urepel, La Muralla, Ulia eta Bokado alde zaharretik; eta Peregrinus, Garbera sagardotegia eta Austrilian Korneer Gabera merkatal gunetik. Paper birziklatuarekin egindako ontzi hauek, mikrouhinean sortzeko modukoak dira, eta, halaber, konpostagarriak izango dira, erabiltzaileek edukiontzi marroira bota ahal izango dituzte.

 

Ingurumeneko Diputatuak nabarmendu du elikagaien zarrastelkeria Klima Aldaketaren aurka borrokatzeko “beste neurri bat” dela. “Alferrik galdutako elikagaiek herrialde bat osatuko balute, munduan berotegi-efektuko gas gehien sortuko lukeen hirugarren herrialdea izango litzake, Txinaren eta Amerikako Estatu Batuen ondoren. Horregatik, elikagaien zarrastelkeria arazo nagusietako bat bezala hartu behar dugu”, adierazi du Asensiok.


Kanpainaren barruan, tuperraz gain, informazioa ere emango zaie jatetxeetako bezeroei, elikagaien xahuketaren aurka konprometituta eta kanpainari atxikiak dauden establezimenduak identifikatu ahal izateko. Material horiek dohainik emango zaizkie establezimenduei. Proiektua udazkenera arte luzatuko da eta emaitzak balioesteko aldizkako bisitak egingo dira establezimenduetara gai honen inguruko informazioa jasotzeko: herritarren aldetik kanpainak izandako harrera, ontzien eskaera, saihestutako xahuketa maila eta establezimenduen beharra.

 

Bere aldetik, Donostiako alkateordeak ekimena zoriondu du gogora ekarriz herrialde askotan ohiko praktika bat dela “ez bakarrik zarrastelkeria saihesteak suposatzen duenarengatik, baizik eta kontsumitzaileek kontzientzia hartu behar dugulako; izan ere, produktu batengatik ordaintzen dugu eta produktua momentuan kontsumitzen ez badugu eskubidea dugu etxera eramateko. Sinetsita nago gure jatetxeek ekimen honetan parte hartuko dutela. Gainera, Donostiak tokiko produktuaren balioa azpimarratzen duen eta kontsumo arduratsuaren beharra nabarmentzen duen Guztiona Elikagaien Klusterra martxan du.

Elikagaien xahuketa murrizteko erronkaren aurrean, eta lurraldeko hiri-hondakinen kudeaketa plangintzaren, ekonomia zirkularraren eta hondakinen hierarkiaren ildotik jaio da “Gourmet Bag” proiektua. Gipuzkoak ere badu zerikusia erronka horretan, Gipuzkoako Elikagaien Xahuketaren inguruko jardunaldian, joan den ekainaren 11n egindakoan, azaldu zen bezala. Diagnostiko bat egin da Gipuzkoako elikadura sisteman gertatzen den elikagaien xahuketari buruz, eta diagnostiko horren arabera, Gipuzkoan 123.000 tona elikagai xahutzen dira (%23 alferrik galdutako eta %77 galerak), bereziki etxeetan eta ostalaritza sektorean.

 

Munduko populazioaren zati handi baten kontsumoak bere oinarrizko premiak asetzeko eskasegia izaten jarraitzen duen bitartean, munduan ekoizten diren elikagaien herena xahutu egiten da, FAO erakundeak dioenaren arabera. Horren aurrean, garapen jasangarriko helburuak, 2030. Urterako, erdira murriztu nahi du biztanle bakoitzeko elikagaien xahuketa. Ingurumeneko Diputatuak azaldu du Gipuzkoak ere baduela horren berri, “gure Departamentua lanean ari da elikagaien xahuketa prebenitzeko, lurraldeko hondakinen kudeaketa plangintzaren, ekonomia zirkularraren eta hondakinen hierarkiaren ildotik”.

Gaur egungo kalkuluen arabera, mundu osoan gizakiek kontsumitzeko ekoizten dire elikagaien herena inguru zarrasteltzen edo galtzen da urtero, eta horrek kostu ekonomikoan eta ingurumenari lotutakoan eragina dauka. Gipuzkoan, zehazki, 120.000 tona elikagai zarrasteltzen edo galtzen dira urtero. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin batera hasi zen lanean 2007. urtean, herritarren artean “azken minutukoak” (galkorrak izan arren arazorik gabe kontsumi daitezkeen produktuak) gisa ezagutzen diren eta saldu ezin diren elikagai kontsumigarrien bilketa egiteko. Elkarlan emankor horri esker, azken urteetan 1.000.000 kilo elikagai inguru bildu eta banatu dira urtero. Familia gipuzkoar askoren beharrak arintzeaz gain, arazorik gabe kontsumi daitezkeen elikagaiak hondakin moduan kudeatzea saihestu da, hondakinen hierarkiaren lehen mailari balioa emanez: prebentzioari.

  

1517