Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Ikus-entzunezkoen eraldatze globalaren aurrean, ezinbestekoa izango da erabaki azkarrak hartzea euskarak bere tartea izan dezan”

“Ikus-entzunezkoen eraldatze globalaren aurrean, ezinbestekoa izango da erabaki azkarrak hartzea euskarak bere tartea izan dezan”

Gipuzkoa Berdinagok antolatutako hitzaldi batean, Garazi Goia idazle eta ikus-entzunezko adituak euskal ikus-entzunezko hedabideen azterketa egin du, ikuspegi global batetik.

Ikus entzunezko sektorean mundu mailan ikusten ari diren joerak ekarri ditu Garazi Goia idazle eta ikus-entzunezko adituak Etorkizuna Eraikiz gunean eskaini duen hitzaldian.  Gipuzkoa Berdinagok antolatuta “Ikus-entzunezkoak, ikuspegi globaletik Euskal Herrira begira” izan ditu hizpide. Eta lurraldeko hainbat erakundetako eta, batez ere, euskal komunikabideetako ordezkariek jarraitu dute ekitaldia, bai zuzenean, bai streaming bidez.

          Garazi Goia segurarra idazlea eta ikus-entzunezko aditua da eta 20 urte baino gehiagoko esperientzia du BBC eta Sky bezalako erakunde garrantzitsuetan, eta askotariko proiektu eta talde balioaniztunen buru izan da hainbat herrialdetan. Goiak Euskal komunikabideen inguruan hausnartzeko aukera izan du bere hitzaldian eta etorkizuneko norabidea marrazteko estrategia bat definitzearen beharraz ohartarazi du.

          Bere hitzaldian, munduan zehar ematen ari diren aurrerapenak eta berrikuntzak nola ari diren gauzatzen izan du abiapuntu eta, ondoren, gurera ekarri du begirada eta etorkizunari begira nola lan egin behar dugun eta perspektiba berriak nola aplikatu aurreratu du.  “Euskal komunikabideetan beharrezkoa da estrategia bat definitzea etorkizuneko norabidea marrazteko, nora iritsi nahi dugun zehaztea. Gure arazorik nagusiena da ikus-entzunezkoek hizkuntza gutxituak ez dituztela kontuan hartzen, bere orokortasunean bizi dugun globalizazioan. Tarte bat egin behar dugu, eta tarte hori bilatzeko oso taktikoak eta estrategikoak izan behar gara”, adierazi du Goiak.

          Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok,  ireki du jardunaldia eta, euskararen erabilera indartzeko ahaleginean, nazioarteko esperientzia aurreratuen berri izateak duen garrantzia azpimarratu du. “Ikus-entzunezkoen alorrak berebiziko garrantzia du, gizarte osoak baina batez ere belaunaldi berriak euskarazko edukiak kontsumitu ditzaten nahi badugu”, aipatu du eta, horregatik, munduan zehar garatzen ari diren “tendentzia berritzaileei” adi egoteko beharraz mintzatu da.

          Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez eta Soziolinguistika Klusterraren koordinazioarekin, 2016tik elkarlanean ari dira Gipuzkoako 19 enpresa, erakunde, kirol talde eta elkarte. Gipuzkoan hizkuntza-berdintasunaren norabidean paper garrantzitsua joka dezaketela sinetsita, komunikazio publikoaren eremuan burutzen duten jardueran euskararen presentzia eta erabilera handitzeko bat egiten dute. 2017ko azaroan aurkeztutako Gipuzkoa Berdinago adierazpena izan zen borondate partekatu hori jaso zuen dokumentua. Ordutik, bertan jasotako edukiak gauzatzen ari dira hausnarketa partekatua, formakuntza eta erakunde bakoitzak hartzen dituen konpromiso zehatzen bidez.

          Gipuzkoa Berdinago osatzen duten entitateak izaera oso ezberdinetako erakundeak dira eta, besteak beste, Gipuzkoako aniztasuna islatzen dute izaera, helburu eta lan esparruari dagokionez. Honakoak dira 19 sinatzaileak: Adegi, Basque Culinary Center, Bera Bera, CAF, Deustuko Unibertsitatea, Donostiako Udala, DYA, Eibar SD, Euskal Herriko Unibertsitatea, Fagor, Kaiku, Kutxabank, Kutxa Fundazioa, Laboral Kutxa, Mondragon Korporazioa, Mondragon Unibertsitatea, Mutualia, Real Sociedad eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

  

2366