Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Landa eremura interneterako konexio ultra azkarra gerturatzea giltzarria da lurralde orekan aurrera egiteko”

“Landa eremura interneterako konexio ultra azkarra gerturatzea giltzarria da lurralde orekan aurrera egiteko”

Markel Olanok Asteasuko Gorua Goiena baserria bisitatu du, Banda Zabal Ultra Azkarraren instalazioaren aurrerapenak gainbegiratzeko

Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia eta Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua Asteasuko Gorue Goiena baserrian izan dira, Banda Zabal Ultra Azkarraren instalazio prozesuaren aurrerapenak gainbegiratzeko. Asteasuko hirigunetik 2 kilometrotara dagoen Gorue Goiena baserrian bizi dira Joseba Otaegui, María Jesús Hidalgo eta bi alabak, Anne eta Ainhoa. Eskola adina duten haurrak dituzten eta Goine Gaztak enpresaren jabeak diren familia honek “hirigune batean bizi den beste edozein familiak bezala, interneterako konexioa behar du”, adierazi du diputatu nagusiak. “Lurralde orekan aurrera egitearen aldeko gure apustua sendoa izan da, eta da. Horretarako, LandaGipuzkoa+ programa jarri dugu martxan, eta marko horretan kokatzen da Joseba eta María Jesúsena bezalako etxeetara, zuntz optikoaren bidez, Banda Zabal Ultra Azkarra gerturatzeko proiektua”.

            “Legealdi hasieratik helburu izan dugu lurralde orekan aurrera egitea, hiriguneetan dagoen zerbitzu eta ongizate maila landa eremura eramanez, honek populazioaren mantentzean laguntzeaz gain, gune hauek erakargarri eta lehiakor eginez”, azpimarratu du diputatu nagusiak. Horretarako, Aldundiak martxan jarri zuen duela lau urte LandaGipuzkoa+ programa, Gipuzkoako 2.500 biztanletik behera dituzten herrietan azpiegitura berriak garatzeko, eten digitala txikitzeko, jardun ekonomiko berriak bultzatzeko eta gizarte zerbitzuak hobetzeko.

            Olanok gehitu du: “Bizirik dagoen landa eremua nahi dugu, lehiakorra eta erakargarria, eta Banda Zabal Ultra Azkarra zabaltzeko proiektuak ate asko zabaltzen dizkie Gipuzkoako 49 herri txikietako gune sakabanatuenetan bizi eta lan egiten duten bizilagunei; horixe baita digitalizazioaren arloan dugun gabezietako bat”.

            Gipuzkoako Foru Aldundiak Telefónica de España SA enpresari 2.355.892 euroko laguntza eman zion Banda Zabal Ultra Azkarra Gipuzkoako 2.500 biztanle baino gutxiagoko udalerrien herriguneetatik 0 eta 2.000 metro bitarteko erradioan kokatuta dauden 2.040 unitate higiezin sakabanatuetara eramateko, segundoko 300 Mb simetrikoko konexio minimoarekin. Diputatu nagusiak gehitu du erronka bat dela operadoreentzat, baina “ez ezinezkoa, gaur ikusi dezakegun bezala”. Horren eragile dira duela bi hilabete martxan jarritako proiektuak orain arte lortutako emaitzak.

            Bost herri dira dagoeneko “teknologia eta zerbitzu aurreratuenez” gozatzen dutenak, eta horiek dira Ezkio, Zaldibia, Amezketa, Larraul eta Asteasu. Banda Zabal Ultra Azkarraren instalazio prozesuaren lehen fasea duela bi hilabete hasi zen, eta 31 herriri eragiten die eta “oso aurreratuta” dago. Eremu-ikerketa eta katastroarekin parekatzea burututa dago udalerri guztietan, baimenak lortzeko tramiteek aurrera jarraitzen dute, hedatzearen diseinua bukatuta dago lantzen ari diren 63 guneetan 35etan, eta lanak guztiz amaituta daude 5 udalerrietan. Espero da 31 herrietara irailaren 30erako heltzea. Prozesua amaitzen da kobertura jartzearekin eta jabe bakoitzak nahi duen zerbitzuaren kontratazioarekin; honetarako 10 egun gehiago behar izaten dira.

Segundoko 5 Mb-tik, 600 Mb-ra

Gorua Goiena baserrian, berriki egin den zuntz optikoaren instalazioaren aurretik, ADSL bidezko segundoko 5 Mb teorikoko konexioa zuten; eta orain, duela hilabete ingurutik, segundoko 600Mb-ko konexioa dute.

            “Joseba eta María Jesúsen familiak, eskola adina duten bi haurrekin eta negozio txiki baten jabe direnak, hirigune batean bizi den beste edozein familiak izan ditzakeen beharrak ditu, eta abiadura altuko interneteko konexioa izateko aukera izatea justua da. Gainera, Banda Zabal Ultra Azkarra ate bat da landa inguruneko ekonomiari bultzada bat emateko eta berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzeko”, laburbildu du diputatu nagusiak. “Honek berebiziko garrantzia du etorkizuna begira ere, lurralde orekan aurrera egiten jarraitzeko eta landa inguruneak zerbitzu eta teknologia maila aurreratuenak izan ditzan, eten digitala atzean utziz”.

  

1742