Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 264 milioi euro zor dituzten 45 subjektuk osatzen dute Ogasunarekin zor handiak dituztenen zerrenda

264 milioi euro zor dituzten 45 subjektuk osatzen dute Ogasunarekin zor handiak dituztenen zerrenda

Foru erakundeak Gipuzkoako Ogasunarekin milioi bat euro baino gehiagoko zorra dutenen seigarren zerrenda kaleratu du.

2021/06/30

Gipuzkoako foru Ogasunak gaur plazaratu du bere zordun handien seigarren zerrenda, 45 subjektu eta 264 milioi euroko zorra jasotzen duen erregistroa. Zehazki, zerrendan 2020ko abenduaren 31n milioi bat euro baino gehiagoko zorra zutenen identifikazioak jasotzen dira. Aurreko zerrendarekiko, pasa den urteko ekainean argitaratu zena, 6 zergadun berri sartu dira, 11,2 milioi euroko zorrarekin, eta 14 atera, 38,9 milioi euro zor zituztenak.

Zerrenda Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan kontsultatu daiteke, www.gfaegoitza.eus estekan, iragarkien taula izeneko atalean. Izen hauen plazaratzea foru erakundearen iruzurraren aurkako estrategiaren testuinguruan kokatzen da, eta gaizki ikusiak dauden jokaerak publiko eginez gizartearen gaitzespena lortzea du xede. Beste era batera esanda, foru Ogasunaren helburua zerrenda kaleratuta pedagogia egitea da zerga betebeharrak borondatez betetzearen inguruan eta, era honetara, gizartearen gaitzespena lortu eta zerga iruzurraren aldeko jarrerak eragotzi.

Gaur argitaratu den listak 2020ko abenduaren 31n Ogasunari milioi bat euro baino gehiago zor diotenen identifikazioak jasoko ditu, borondatezko epean daudenak eta geroratuta, zatikatuta edo etenda daudenak salbu. Araudiaren arabera, datorren urtean berrituko da zerrenda, eta erreferentzia eguna aurtengo abenduaren 31 izango da. Argazkia urtero berrituko da. Egun horretatik aurrera hasi eta egindako ekintzek ez dute eraginik zerrendaren argitalpenean.

Zerrendan sartzeko proposamena zordunari jakinarazten zaio, eta honek 10 egun ditu alegazioak aurkezteko. Epe honen ostean, informazioa publiko egiteko akordioa ematen da. Datuen argitalpena euskarri elektronikoetan egiten da eta hiru hilabetez egoten da ikusgai. Gainera, beharrezko neurriak hartzen dira Interneteko bilatzaileak informazio honetara hel ez daitezen.

  

1898