Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Zozketa bidez aukeratutako 32 gipuzkoar Herritarren Batzar berritzaile batean parte hartzera deituak izango dira

Zozketa bidez aukeratutako 32 gipuzkoar Herritarren Batzar berritzaile batean parte hartzera deituak izango dira

Guztira 4 asteburutan elkartuko dira herritarrak azaroa eta urtarrila bitartean. Parte hartzen duten herritarrek ordain ekonomiko bat jasoko dute, eta galdera honi erantzun beharko diote: "Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal-jarduera klima-larrialdiari aurre egiteko?".

Lastur.

Gipuzkoako Foru Aldundiak deituta abian jarriko da prozesu aitzindari eta berritzailea da, herritarrak nekazaritza-jarduera eta klima-aldaketa gisako gai publiko garrantzitsuen gaineko deliberazioan parte hartzera gonbidatzea helburu duena. Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politiko guztien babesa du prozesuak. Gipuzkoako Foru Aldundiak Herritarren Batzarretik hainbat gomendio jaso nahi ditu, datozen urteetako nekazaritza-politikaren arloko jarduerak bideratzeko balio dezaten. Foru Aldundiak konpromisoa hartzen du Batzarrak egindako gomendio bakoitzari idatziz eta epe zehatzetan erantzuteko. Azaroaren 4an egingo da Herritarren Batzarraren lehen saioa, eta urtarrila bitartean 4 asteburutan elkartuko dira zozketa bidez aukeratutako 32 herritar.

Eider Mendoza Gobernantzako Foru diputatuaren hitzetan “Herritarren Batzar hau Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz markoan kokatzen da, eta lankidetzazko gobernantza sustatzeko estrategia indartzera dator.  Gipuzkoako Landa-eremuko lehen-sektorearen garapena, eta klima-larrialdiari zein bere eraginei aurre egitea gizartearekin elkarlanean landu beharreko erronka konplexua da. Halaber, eragileen arteko koordinazio eta antolaketa-modu berriak eskatzen ditu. Beraz Gipuzkoako Herritarren Batzar honek lankidetzazko gobernantza sendotzeko gure apustu irmoarekin bat egiten du, gipuzkoar herritarrak modu esanguratsuan inplikatzeko aukera irekitzen duelako gure lurraldearen etorkizuna baldintzatuko duten erabaki publikoetan”.

Herritarren Batzar hau Arantzazulab gizarte berrikuntza laborategiak (Etorkizuna Eraikiz-en markoan Gobernantzaren Berrikuntzan erreferentzia zentro dena) eta Telesforo Monzon Euskal Herrigintza laborategiak (TMeLab) sustatzen dute, eta Etorkizuna Eraikizen baitan aurkeztutako egitasmoaren gauzapena da. Haiekin batera, demokrazia deliberatiboan adituak diren bertako zein nazioarteko aholkularien bidelaguntzarekin garatuko da Herritarren Batzarra (ELGA, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea, eta Deliberativa elkartea). Urko Aiartza Azurtza TMeLabeko zuzendariaren iritzian “egun gizakiak bizi dituen erronka konplexuen aurrean, hauei aurre nola egin gogoetatu eta erabakitzeko modu berrien premia dago; ezein erabakiren eta honen ondorioen konplexutasunak prozesu hauetan herritarren parte hartze aktiboa bideratzea galdetzen du. Egitasmo honek ildo horretan esperimentatu nahi du”.

Naiara Goia Imaz Arantzazulabeko zuzendariak gaineratu du “Herritarren Batzar honek, Tolosako udalean abiatu dugunarekin batera, erakunde publikoek herritarrekin deliberazio partekatuko espazio bat eraikitzea ahalbidetzen du, elkarren arteko konfiantza areagotzeko harreman eredu berriei bide emanez. Prozesu hauekin, gure azken helburua ere bada demokrazia deliberatiboaren inguruan ezagutza garatzea, tokiko gaitasunak eraikitzea, eta gure erakundeetan deliberazio tresna hau egonkortzeko eta instituzionalizatzeko baldintzak sortzea”.

 

Zozketa zibikoa Herritarren Batzarrean gipuzkoarren aniztasuna bermatzeko

Gipuzkoako Herritarren Batzarrean parte hatuko duten herritarrak zozketa bidez hautatuak izango dira. Zozketarekin bilatzen den helburua da Batzarreko kide izango diren herritarrek Gipuzkoako aniztasuna eta biztanleria ondo islatzea da. Horretarako, lehen fase batean  Foru katastroko etxe guztien artean 15.000 helbide hautatzeko zozketa egin du Aldundiak eta gutun bat bidaliko da etxe horietara, prozesuan parte hartzeko gonbidapenarekin.

Gutuna jasotzen duten 16 urtetik gorako edozein pertsonak du Herritarren Batzarrean izena emateko aukera.  Gutuna jaso eta boluntario gisa Batzarrean parte hartzeko izena ematen duten pertsona guztien artean bigarren zozketa bat egingo da, ondorengo irizpide hauek kontuan hartuta: sexua, adina, hezkuntza maila, hizkuntza, kokapen geografikoa eta gaiarekiko jarrera. Horrela,  Herritarren Batzarrean parte hartzen duten 32 pertsonez osatutako taldea eratuko da.

Talde horrek 4 asteburuz luzatuko den deliberazio saioan, galdera honi erantzun beharko dio: Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal-jarduera klima-larrialdiari aurre egiteko? Herritarren Batzarraren saioak prozesu hauetan esperientzia duten pertsonek bideratu eta dinamizatuko dituzte. Parte-hartzeko ez da beharrezkoa gaian aditua izatea, ezta gaiari dagokion ezagutza berezirik izatea ere, bileretan zehar erabakiak hartzeko beharrezkoa den informazioa emango bait zaie parte-hartzaileei. Hain zuzen ere, prozesu hauek bilatzen dutena da, Gipuzkoako bizilagun gisa herritarrek eman dezaketen ikuspegia eta esperientzia jasotzea. Prozesu osoan zehar, Batzarreko kide bakoitzaren pribatutasuna gordeko da eta saioetan parte hartzeagatik, 444 euroko ordainsaria jasoko dute herritarrek. 

Batzarraren faseak eta saioen egutegia

Gipuzkoako Herritarren Batzarra 4 saiotan elkartuko da eta 3 fase nagusi hauek izango ditu: (1) Proposatutako galderaren inguruan adituen eskutik informazioa jasoko dute parte-hartzaileak (lehen bi saioak) (2) Jasotako informazioaz hausnartu eta deliberatuko da (hirugarren saioa) (3) Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat proposatutako galderari erantzun eta gomendio adostuak  egin eta idatziko dituzte herritarrek (laugarren saioa).

Prozesuaren egutegiari dagokionez, saioak 4 asteburutan izango dira (ostiral arratsaldea eta larunbat goiza): azaroaren 4-5ean, azaroaren 25-26an, abenduaren 16-17an, eta urtarrilaren 13-14an. Saioak Donostian eta Bergaran egitea aurreikusten da. Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako konpromisoa jarraituz,  Batzarrak egindako gomendioak aztertuko ditu eta  2023ko martxoaren 15ean lehen itzulera-saio bat egingo da. Bilkura horretan, foru arduradunek Batzarretik jasotako gomendioei erantzuna emango die.

“Gure ustez, ezinbestekoa da herritarrei beste paper bat ematea agenda publikoaren eraikuntzan. Gainera, hautatu dugun erronkaren inguruan,  ebidentziak adierazten du gizarte zibilak klima-larrialdiaren aurkako borrokan eta landa-eremuaren babesean inplikatu nahi duela, baina politika publikoetan parte hartzeko tresnak behar dituela. Herritarren Batzarrak herritarrak deliberazioan txertatzeko tresna berriak frogatzeko aukera ematen digu, eta finean demokrazian sakontzeko abagunea eskaintzen digu” erantsiz amaitu du Eider Mendozak. Informazio gehiago egitasmoaren web orrian: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/herritarrenbatzarra/zer-da

  

4617