Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Industria-produktu ziberseguruak garatzeko bigarren deialdia ireki da

Industria-produktu ziberseguruak garatzeko bigarren deialdia ireki da

Enpresa bakoitzak gehienez 20.000 euroko laguntza jaso ahalko du, eta eskaerak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da

Industria-produktu ziberseguruak garatzeko bigarren deialdia ireki da

Foru Aldundiak proiektuak aurkezteko bigarren deialdia ireki du Gipuzkoako enpresetan zibersegurtasuna sustatzeko programaren ildoetako batean; zehazki, industria-produktuen segurtasuna ebaluatzeko proiektuen garapena bultzatzera bideratutakoan. Deialdia industria gailuak garatzen eta/edo diseinatzen dituzten enpresei zuzendua dago, diseinutik zibersegurtasuna ezar dezaten sustatzeko, eta beren produktuen segurtasuna industria laborategietan probatzeko aukera haien esku jartzeko. Bigarren deialdi honek 98.000 euroko zuzkidura du.

            Gipuzkoako enpresek jaso dezakete laguntza, betiere proiektuaren emaitzak zuzenean haien instalazioetan erabiltzen badira. Langileen eta azpikontratazioaren gastuak diruz lagunduko dira, eta ETEei emango zaie lehentasuna. 50 langile baino gutxiagoko enpresek % 50eko laguntza jasoko dute, 50-249 langilekoek % 40koa, eta 249 edo gehiagokoek % 25ekoa. Gehieneko laguntza 20.000 eurokoa izango da, eta eskabideak aurkezteko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik.

            “Gero eta presentzia handiagoa duten tresna eta prozesu ugari daude (Cloud computing, Big data, gauzen Interneta...), eta horiek gure industria-enpresen barneko balio-katea ekoizteko eta egituratzeko moduaren konektibitate-maila handitzen ari dira. Horregatik, ildo honekin jarraitu nahi dugu segurtasun teknikoko eta antolaketa-segurtasuneko neurrietan sakontzen, produktuen eta zerbitzuen garapenaren hasierako fasetik. Zenbait enpresak beren interesa helarazi digute, eta hortik dator bigarren deialdi hau", azaldu du Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak.

            Ildo hori beste bi lerro dituen deialdi baten parte da, eta Aldundiak guztira 400.000 euro bideratu ditu aurten deialdi horretara. "Gure enpresa industrialak aurrera egiten ari dira eraldaketa digitalaren alorrean, eta horrek berekin dakar kate-maila ahulenak identifikatzea eta izan daitezkeen zibererasoei aurre egiteko prestatzea, betiere zibersegurtasuneko produktu sendoak prozesu blindatuen bidez ekoiztea bermatuz. Ekipamendu informatikoen segurtasuna ezinbestekoa da Gipuzkoa industriaren eta fabrikazio aurreratuaren erreferente izaten jarrai dadin. Gaur egungo ziurgabetasuna ikusita, badakigu gure enpresak kezkatuta daudela beraien egunerokotasunari dagokionez, baina apustu kolektiboei eutsi behar diegu, etorkizun hurbilean gure lehiakortasuna eta ongizatea bermatuko duten apustuei, eta hau horietako bat da", ziurtatu du Larrañagak.

Iaz, programa horren bitartez, Aldundiak 28 proiektu babestu zituen, besteak beste, enpresa hauenak: Herrekor, Laulagun, Alcad, Iditek, Egile, DanobatGroup, Goiko, Efiner, Cutting Tools, Euchner edo Titanium. 2018an abian jarritako programaren bosgarren edizioa da, eta oinarrien diseinua elkarlanean prestatu zuten Proiektu Estrategikoetako Zuzendaritzak eta ZIUR Zibersegurtasun Industrialeko Zentroko talde profesionalak. ZIUR zentroak protagonismo aktiboa du lagundutako proiektuen hedapenean, horien jarraipena egiten baitu eta enpresek autodiagnostikoa egiteko metodologia eskaintzen baitu. Halaber, oinarrietan baloratu da proiektuen eta ZIUR zentroak bultzatutako ekimenen arteko lankidetza, koordinazio eta lerrokatze maila, horrela, erreferentziazko zentroarekiko sinergiak eta lan partekatua sustatuz

  

2622