Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Hondakinak kudeatzeko zentroaren kudeaketa-eredua aurkeztu du

Aldundiak Hondakinak kudeatzeko zentroaren kudeaketa-eredua aurkeztu du

Hasiera eman zaio hondakinak kudeatzeko zentroa eraikitzeko lizitazio-prozesuari.

2016/03/21

Markel Olano diputatu nagusiak eta José Ignacio Asensio ingurumen diputatuak azaldu dituzte, gaur arratsaldean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) biltzarrean onartuko diren aldaketa juridikoak. Aldaketa horien bidez hasiera eman nahi zaio Zubietan hondakinak kudeatzeko zentroa eraikitzeko lizitazio-prozesuari. Horrez gain, zentroaren kudeaketa-eredua ere azaldu dute.

Kontsortzioaren estatutuak aldatzearen helburua da erakunde hori arduratu ahal izatea energia balioztatzeko plantaren eraikuntzaren eta ustiapenaren emakidaz. Halaber, Kontsortzioan Kontratazio Mahaia sortuko da.

“Hondakinen aferari behin-betiko irtenbidea ematea -jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurunearekiko irizpideei jarraiki- legealdi honetako helburu estrategikoetakoa da. Eta pausu sendoak ari gara ematen norabide honetan”, esan du diputatu nagusiak. Azaldu duenez, gainera, erabaki hauetan aurrera jarraitzeak Gipuzkoa “hondakinak kudeatzeko gune aurreratua” izatera eramango du, Europar Batasunaren politikekin “eta ekonomia zirkularraren kontzeptuarekin” bat datorrena. “Teknologia eta ingurumen kontrolik aurreratuenak” ere izango ditu azpiegitura honek, Olanok azpimarratu duenez.

“Horrela emango diogu hasiera hondakinen arazoa behin betiko konponduko duen duen zentroaren eraikuntzari” adierazi du José Ignacio Asensiok. “Eta Aldundia zorpetu gabe egingo dugu” erantsi du.

Zubietako hondakinak kudeatzeko zentroan lau planta eraikiko da.

  • - Energia balioztatzeko planta bat, bi linea izango dituena eta 200.000 tona erretzeko eta elektrizitatea sortzeko aukera emango duena.
  • - Tratamendu mekaniko-biologikoko zentro bat (TMB), errefusan agertzen diren baina birzikla daitezkeen materialak berreskuratuko dituena.
  • - Biometanizazio-planta bat.
  • - Zepak balioztatzeko zentro bat.

Asensiok adierazi du zentro horrek Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-baimen integratua jaso duela. Lehen fasean, balioztatzeko planta eta TMB zentroa eraikiko dira –orain hasten da fase horren lizitazioa–. Lehen fase horren kostua 200 milioi euro ingurukoa da.

Era berean, aditzera eman du Aldundiaren helburua dela hondakinen zentroa eraikitzeko baldintza-agiriak udaberrian lizitatzea eta, hartara, emakida irailaren amaieran esleitu ahal izatea, lanak urtea amaitu aurretik has daitezen.

Kudeaketa-eredua

Gaur egun GHK Administrazio Publikoen sektorearen barruan sartzen denez gero, haren aktiboak eta zorrak Aldundiaren kontuetan finkatzen dira. Hori dela eta, proiektua Aldundia eta kontsortzioko gainerako kideak zorpetu gabe garatuko bada, eta jada Inbertsioen Europako Bankuaren finantziaziorik ez dugunez gero, Aldundiak erabaki du formula publiko/pribatu baten bidez (PPP- Public Private Partneship) kudeatzea zentroa, betiere obra publikoko emakidaren kontratupean.

PPP irudi horren bitartez, Kontsortzioak bazkide pribatu batekin kontratatuko du plantaren eraikuntza, finantziazioa, jarduna eta mantentze integrala; 30-35 urteko epea izango duen kontratua izango da.  

Bazkide pribatu horrek finantzatuko du osorik jarduna, bere arriskupean, eta horren ordainetan plantak sortzen duen energia ustiatu ahal izango du, gehi GHK-k zerbitzuagatik ordainduko duen zenbatekoa.  

Edonola ere, energia-salmentaren zein zerbitzuaren ondoriozko ordainketa hori baldintzatuta dago. Batetik planta denboraren barruan eta modu egokian eraiki beharko da eta, bestetik, behar bezala mantendu beharko da eta zuzen funtzionatu beharko du. Aurrez itxitako prezio bat du eta baliagaitasun-ordainketa bidez egingo da.

PPP motako ereduak aukera emango du Administrazioaren zor gisa konputatu gabe garatzeko planta, eta bermatuko du epe luzerako efizientzia handiagoa.

GHK arduratuko da hondakinen altako kudeaketaz, baita transferentzia-estazioetan hondakinak biltzeaz eta plantaren oinera eramateaz ere; horrenbestez, Mankomunitateekin orain arteko harreman berari eutsiko zaio. Bestalde, bazkide pribatuarekiko harremanaz arduratuko da, eta haren egitekoak gainbegiratuko ditu, betiere haren jarduna ebaluatuta eta ordainsaria zerbitzuaren funtzionaltasunaren eta kalitatearen irizpide zorrotzen arabera definituta.

“Nazioarteko jardunbiderik onenen arabera egiten ari da kontratuaren baldintza zehatzen eta lehiaketa ireki bidezko lizitazio-prozesuaren definizioa, betiere nazioartean eta, batik bat, Europan arrakasta izan duten aurrekariak aztertu ondoren” adierazi du Asensiok.

  

1469