Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiaren deialdi berria garapenerako, laguntza humanitariorako eta larrialdi proiektuetarako

Aldundiaren deialdi berria garapenerako, laguntza humanitariorako eta larrialdi proiektuetarako

Kultura eta Lankidetza Departamentuak 3.870.000 euro bideratuko ditu Garapenerako Lankidetzaren 2022 laguntzen deialdirako.

2022/04/06

Deialdi honetan Afrikan lehentasuna ematen jarraituko da, kontinente horretako proiektuetarako kapitulu esklusibo batekin, 15.000 eta 100.000 euro arteko ekarpen ekonomikoa proiektu bakoitzeko.

Proiektuak aurkezteko epea maiatzaren 2an bukatuko da, 14:00etan.

 

Harkaitz Millan Kultura eta Nazioarteko Lankidetzarako diputatuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2022ko Garapenerako Lankidetzarako Laguntzen Deialdia aurkeztu du. Horretarako, Kultura eta Nazioarteko Lankidetza Departamentuak 3.870.000 euro bideratuko ditu guztira. Proiektuak aurkezteko epea maiatzaren 2an bukatuko da, 14:00etan.

 

Diputatuarekin batera izan dira, Fernando San Martín Nazioarteko Lankidetzako zuzendaria, UNICEFeko ordezkaria, Nati Campillo, zeinek Ukrainan eta Malin haurren arretarako bi proiektu aurkeztu dituen, eta Miren Gutiérrez, Munduko Begiak erakundeko ordezkaria, Oruro Departamentuan (Bolivia) begi-osasuneko proiektu baten berri eman duena.

 

Laguntza hauen helburu nagusia pobrezia eta desberdintasunak murriztea da. Desberdintasun horiek handitu egin dira COVID-19aren pandemiaren ondorioz, Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuei buruzko 2020ko txostenak erakusten duenez. Halaber, Afrikan lehentasuna ematen jarraituko da, kontinente horretako garapenerako lankidetza proiektuetarako kapitulu esklusibo batekin, 15.000 eta 100.000 euro arteko ekarpen ekonomikoa eginez proiektu bakoitzeko.

 

Hitzaldian, Harkaitz Millan Kultura eta Nazioarteko Lankidetzarako diputatuak azaldu duenez, “laguntza humanitarioa eta larrialdietakoa deialdi berri honetako lehentasunezko atalak dira. Kapitulu honetan, gatazka armatuen edo hondamendi naturalen biktima diren herrien behar berehalakoenak eta dramatikoenak aztertzen dira. Eta zuzeneko lotura du garapenerako lankidetzaren oinarrian dagoen elkartasun-espirituarekin eta gure gizarte gipuzkoarrarekin”.

 

Deialdia, Gipuzkoako lurraldeko lankidetza-estrategia ezartzeko esparru eragilearen zati nagusia, hiru elementu bereizlek markatzen dute aurten: 2021-2030 aldirako onartutako lankidetza-plan zuzentzaile berriak, Aldundiak gizateria osoari eragiten dioten gero eta erronka handiagoen aurrean elkartasunarekin eta erantzukizunarekin duen konpromisoa indartzen duenak; COVID-19aren pandemiak utzi dizkigun ikaskuntzak, lankidetzaren, GJHen eta Agenda 2030en berezko alderdi batzuei balioa emateko balio dutenak; eta, era berean, bizi garen testuinguruaren konplexutasuna, aste hauetan Ukrainako gerran islatu dena.

 

Generoari, ingurumenari eta giza eskubideei buruzko zeharkako ikuspegiei ere eusten zaie; emakumearenganako edozein bereizkeria-mota gaindituz, ingurumen-jasangarritasuna eta klima-aldaketaren aurkako borrokari aurre eginez, eta berdintasun-baldintzetan eskubide guztiak erabiliz; lehentasuna ematen zaie beren eskubideak eskuratzeko eta erabiltzeko ahulenak diren edo oztopo gehien dituzten taldeei, hala nola indigenei, indarkeriaren biktima diren emakumeei edo LBGTI kolektiboari.

 

Azkenik, aurtengo deialdian berrikuntza hauek daude: kulturartekotasunaren helburua; hezkuntza, pertsonen gaitasunak garatzeko lehentasunezko helburua; osasunaren sektorea handitzea, egoera onean bizitzeko desiragarria izateaz gain, pandemiaren ondorioz, garapen sozioekonomikorako erabakigarria izan da; eta ekonomia sozial eta solidarioaren helburua, zeinak azpimarratzen baitu beharrezkoa dela ekoizpen-eredu berri bat sustatzea, ahalik eta etekin handiena lortzeko, lan duina eta ingurumen-jasangarritasuna kontuan hartuta, eta erantzukizun solidarioan oinarritutako kontsumo-eredu berri bat, norberaren gogobetetasunaren gainetik. Helburu horretan nabarmendu behar da, halaber, Gipuzkoak ekonomia sozial eta solidarioaren arloan duen esperientzia, eta, beraz, aukera handia da baliabide eta eragile berriak lankidetza-prozesuekin lotzeko.

 

Bost diru-laguntza lerro

 

  • Hegoaldeko herrialde eta herri txirotuetan (Afrikan izan ezik) garapenerako proiektuetarako diru-laguntzak. A lerroa. 1.796.000 euro. 15.000 eta 100.000 euro bitartean proiektu bakoitzeko.
  • Gizartea eraldatzeko hezkuntza proiektuetarako diru-laguntzak. B lerroa. 600.000 euro. 15.000 eta 50.000 euro bitartean proiektu bakoitzeko.
  • Tokian tokiko edo nazioarteko gizartea eraldatzeko ekimen edo ekintza puntualetarako diru-laguntzak. C lerroa. 340.000 euro. 20.000 euro artean proiektu bakoitzeko.
  • Larrialdiko laguntza eta ekintza humanitarioko proiektuetarako diru-laguntzak. D lerroa. 400.000 euro. 40.000 euro bitarte proiektu bakoitzeko.
  • Afrikan garatzeko proiektuetarako diru-laguntzak. E lerroa. 734.000 euro. 15.000 eta 100.000 euro artean proiektu bakoitzeko.

UNICEF eta Munduko Begiak aurkeztutako proiektuak

 

Garapenerako Lankidetzarako Laguntzen edizio hau aurkeztean, aurreko deialdiei esker gauzatutako hiru proiektu ezagutarazi dira. Alde batetik, UNICEFen bi proiektu, Malin eta Ukrainan haurrei arreta emateko; eta, bestetik, Munduko Begiek garatutako Oruro Boliviako Departamentuan begietako osasunari buruzko proiektu bat.

 

  

1763