Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiaren konpromiso estrategikoen betetze maila egiaztatu ahal izango dute gipuzkoarrek

Aldundiaren konpromiso estrategikoen betetze maila egiaztatu ahal izango dute gipuzkoarrek

Hainbat hobekuntza egin dira gipuzkoa.eus webgunean, “kontu-ematean sakontzen jarraitzeko”

2018/10/26

Foru Aldundiaren Kudeaketa Plan Estrategikoaren betetze maila ezagutzeko tresna berria edukiko dute gipuzkoarrek aurrerantzean. Izan ere, hainbat hobekuntza txertatu ditu Modernizazio zuzendaritzak www.gipuzkoa.eus webguneko kontu-emate atalean. Ondorengo informazioa eskaintzen da dagoeneko bertan: 50 helburu estrategikoei lotutako adierazleen emaitzak; helburu estrategikoen eta 175 jarduera ildoen aurrerapen maila; eta baita helburu estrategikoei lotutako aurrekontuaren exekuzio-maila ere. “Modu horretan, zifra eta datu zehatzekin jakin ahal izango dute zenbateraino ari garen legealdi hasieran iragarritako asmoak eta ezarritako lehentasunak betetzen”, adierazi du Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak.

Aurrerapen mailan, Aldundiak ezarri dituen jarduera ildoen gauzatze maila adierazten da, ehunekotan. Aurrekontuaren exekuzioan, hasierako aurrekontuaren eta gaur arte inbertitutakoaren arteko alderaketa eskaintzen da, portzentajea ere zehaztuz. Hirugarren atal batean, berriz, helburu estrategiko bakoitzari lotutako adierazlea definitzen da, eta baita bete den ala ez.

Zehaztasuna azpimarratu du Imanol Lasak. “Herritarrei politika eta kompromiso publikoen ebaluazioa errazteko, konpromiso horiek neurgarriak izan behar dute, objektiboak. Legealdi hasieran ondo definitu genituen, eta orain ikusi ahal izango dute bete diren edo ez”. Adibide batzuk eman ditu. Adibidez, Ekonomia Sustapeneko departamentuan, zehaztu zen zenbat enpresa berri sortu nahi ziren, enpresetan partaidetza sustatzeko zenbat proiektu martxan jarri nahi ziren, zenbatean areagotu teknologia maila altuko enpresak, edo zenbat proiektu aurreikusten ziren eskualde garapena sustatzeko. “Webguneko tresna berri hau erabiliz, egiaztatu ahal izango dute zifra horietara iritsi garen edo ez”, esplikatu du.

Kopuruan ez ezik, maiztasunean ere hobetu da informazioa. Joan den irailaren 1etik, Kudeaketa Plan Estrategikoari (KPE) lotutako 50 helburu estrategikoen informazio guztia, modu automatikoan eguneratzen da ostiralero, KPE kudeatzeko tresna korporatibotik ateratzen baitira datuak zuzenean. Departamentu bakoitzaren web orrian ikus daitezke bakoitzaren helburu eta jarduketa ildoei buruzko datuak, eta bilaketa hori zuzendaritzaka edota urte zehatz bat aukeratuta ere egiteko ematen du tresnak.

Informazioa era dinamikoan eskaintzen dira; batetik bestera nabigatu daiteke urte, arlo eta helburu estrategiko desberdinetako emaitzak ikusteko. Halaber, Departamentu bakoitzeko aurrekontu osoaren exekuzio maila ikus daiteke, ez bakarrik KPErekin lotura duena. Epe luzera, aurrekontu osoaren informazio zehatza ematea da asmoa, teknologia berriek ematen dituzten aukerak aprobetxatuz, kontu-ematean eta gardentasunean sakontzen jarraitzeko.

Kudeaketa Plan Estrategikoan finkatutako helburuei erreparatuz gero, departamentuetako 50 helburuen aurrerapen maila batua eta helburu horien aurrekontuetako betetze maila, 2017an, % 95ekoa izan da, 2016an lortutakoaren parekoa. Ekonomiaren susperraldia finkatzea eta  gizarte ongizate eta kohesio eredua sendotzea ziren bertan jasotako erronka estrategikoetako bi. Legealdi amaierarako  % 8ko langabezitik jaisteko helmuga bete da, eta pobrezia tasa % 16,7koa da, finkatutako % 18ko helburutik azpitikoa, alegia.

Diputatuaren esanetan, herritarrak politika publikoen diseinuan eta garapenean inplikatzea “ezinbestekoa da”, baina baita “politika horien ebaluazioan ere”. “Kudeaketa Plana onartu genuenean, gipuzkoar guztiei zintzotasunez azaldu genien, argi eta garbi, zer egin nahi genuen, eta nola egin nahi genuen. Eta horrekin batera mekanismoak txertatu genituen betetze maila neurtu ahal izateko. Horiei erreparatuz, esan dezakegu emandako hitza betetzen ari garela. Hori da bidea etorkizunean herritarrekin konfiantzan oinarritutako harremana finkatzeko”. 

  

1523