Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Errenteriako Aizpitarte IV kobazuloan aurkitu diren Arte Parietal Paleolitikoko aurkikuntzek berebiziko garrantzia dute beren ezohikotasunagatik

Errenteriako Aizpitarte IV kobazuloan aurkitu diren Arte Parietal Paleolitikoko aurkikuntzek berebiziko garrantzia dute beren ezohikotasunagatik

Bisonteen eta zaldien 15 irudi aurkitu dira ezohiko egoera batean.

2017/07/10

Bisonteen eta zaldien 15 irudi aurkitu dira ezohiko egoera batean. Erabilitako teknika bereziki ezohikoa eta ezezaguna da Kantauri aldean, eta bisonteetako bat maisutasun handiz eginda dago.

Denis Itxaso Kulturako diputatuak aurkeztu ditu Errenteriako Aizpitarte IV kobazuloan aurkitu diren Arte Parietal Paleolitikoko aurkikuntzak. Berebiziko garrantzia duen aurkikuntza bat da, erabilitako teknikaren ezohikotasunagatik eta duen inpaktu bisualagatik, horietako batzuk behe-erliebeko figurak baitira. Prentsaurrekoan, Garazi Lopez de Etxezarreta Errenteriako kultur zinegotzia, Javier Busselo, Sergio Laburu eta Ainara Rodriguez, Felix Ugarteren espeleologia-taldekoak eta Diego Garate aditua ere izan dira .

Itxasok azpimarratu duenez, teknika eta teknologia berriek eta Aldundiak sustatutako azken urteetan egindako prospekzio lanek aurkikuntza garrantzitsuak ekarri dituzte. Aurkikuntzek gure arbasoen bizitza ezagutzeko aukera ematen dute, eta sinbolismoaren jatorriaren eta sormen artistikoaren ebidentzia gehien duen lurraldeetako bat bihurtu dute Gipuzkoa. “Aurkikuntza horiek frogatzen dute giza bizitzak hasiera hasieratik eduki dituela sormena eta artea alboan”, esan du.

Kulturako diputatuarentzat, beharrezkoa da indusketak eta ikerketa arkeologikoak sustatzea, horrela gaur egun oraindik oso gutxi ezagutzen dugun garai horien inguruko ikerketak sustatzeko, eta eskuratutako ezagutza guztiak sozializatzeko. Horrez gain, lan horien inpaktu soziala nabarmendu du. Gainera, esan du boluntario eta unibertsitate ikasle asko ibili direla lanean, zeinek kalitate handiko formazioa edukitzeko aukera izan duten. 

Aurreko apirilaren 6ean Javier Busselo eta Sergio Laburu Felix Ugarte Elkartea espeleologia-taldekoak Aizpitarte IV kobazulora joan ziren erdiko zatian dauden zenbait tximinia bertikal aztertzera. 10 metro inguruko tarte bat igo zuten eta, ondoren, 8 metro inguruko bi tutu erdibertikaletan zehar jarraitu zuten, “Y” formadun espazio batera iritsi arte. Espazioaren alboko adarretan Paleolitoko hainbat grabatu daude. Grabatuak paleolitikoak direla badakite, zimurrek duten patinarengatik eta sektoreko hormak eta zoruak ukitu gabe daudelako.

Espazioa izugarri hauspora da, duen tamaina txikiagatik (aldi berean bi pertsona sartzen diren katazulo bat da) eta buztin-euskarriarengatik berarengatik. Diego Gárate adituaren hasierako balorazio batean azaltzen denez, uste dute gutxienez 15 animalia-irudi (bisonteak eta zaldiak) eta bi bulba daudela. Denak ezohiko kontserbazio-egoeran daude. Irudiak zenbait taldetan sailkatzen dira:

Ezker-sektorea: 40x40cm besterik neurtzen ez duen tutu batetik 4 metro igota buztinean bertan marraztutako irudiak ikus daitezke. Madelein Erdia aldiko irudi horiek Kantauri-erlaitzean inoiz ikusi gabeko teknika bat dute. Frantziar Ariège-ean kaso paralelo gutxi batzuk daude. Silexdun beran bidez modelatutako bisonte bat eta oraindik zehaztu gabeko beste animalia bat daude. Eskuak erabili zituzten bolumena emateko; eta erliebezko planoak, gorputz-adarren perspektiba nabarmentzeko. Bisontea gutxitan ikusten den maisutasunez eginda dago.

Alboko panel batean metro bateko bulba bat dago eta, ondoan, beste txikiago bat. Aurkako horman neurri handiko zaldi bat dago (metro eta erdi), eta interpretatu gabeko hainbat lerro eta buztin-erauzketak. Zoruko erlaitzak oso–osorik daude.

Eskuin-sektorea: Buztin-erlaitz baten gainean ukitu gabe dagoen katazulo bat dago. Zorua ez hondatzeko, ez dute katazuloa aztertu. Bertan, urrunera, bisonte baten irudia ikus daiteke, beste irudi bat sabaian, eta, bien artean, buztinez egindako eta zangoak tolestuta dituen bisonte bat. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak kobazuloa itxi du, eta Eusko Jaurlaritzari aurkikuntzaren berri eman dio. Orain, automatikoki kobazuloak babes gorena edukiko du, labar-pinturak dituelako.

Goi Paleolitoan bizi izan ziren taldeentzat (duela 38.000 eta 12.000 urte artean), igarobide naturala izan zen Euskal Herria, non biztanle asko zebilen eta labar-arte paleolitiko mordoa dagoen. 

  

1984