Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aspace Gipuzkoak bere urteurrena ASPACE EGUNArekin itxiko du, urriaren 8an

Aspace Gipuzkoak bere urteurrena ASPACE EGUNArekin itxiko du, urriaren 8an

Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuaren hitzetan, Aspace “erreferentea” da Gipuzkoan, “50 urte baino gehiagoz lurraldeko politika sozialen protagonista izan da”. Gaineratu duenez, “Gipuzkoan gizarte, babes eta zaintza eredu propioa badugu, Aspace bezalako erakundeen lanari esker da”.

Maite Peña, ASPACEko ordezkariak alboetara dituela.

Bestalde, diputatuak bat egin du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, “hain esperotakoa” den Aspace Egunarekin, eta erakundeak egiten duen apustua eta bokazioa azpimarratu ditu, hain zuzen ere, “Gipuzkoar guztioi hain ekarpen handia egiten diguten elkarteen ondoan jarraitzeko”.

Rosa Iglesiasek, Aspace Gipuzkoako lehendakariordeak, iazko irailaren 29an gure 50. urteurreneko proiektua aurkezten egon ginela gogoratuz hasi du hitzaldia, “eta gaur berriro gatoz ospakizun hau nolakoa izan den eta nola amaituko dugun azaltzera.”

Ospakizun honetako helburuak hauek izan ziren: garun-paralisia ikusaraztea, elkarte-mugimendua indartzea, gure elkarteari lagunak gehitzea eta garun-paralisia duten pertsonen eskubideak defendatzea. “Esan dezakegu helburu horiek bete direla eta norabide berean lan egiten jarraitzeko indarrak batzen lagundu digutela” gehitu du Iglesiasek.

Ondoren, honakoa aipatu du “Hainbat jarduera egin dira eta zenbait aintzatespen eta sari jaso ditugu. Joan den urteko urriaren 4an Tabakaleran egindako aurkezpenetik abiatuta. Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Verdini dantza taldeak Verdini saria eman zigun. Urtarrilaren 20an, San Sebastian eguna zela eta, San Tomas Lizeoko haur danborradak omenaldi polita egin zion gure elkarteari, 50 urte hauetan egindako lanagatik.”

Halaber, Radio San Sebastián irratiko entzuleei esker Aspace Gipuzkoak Laboral Kutxa bikaintasunaren saria irabazi zuen.

ERAKUSKETA IBILTARIA

Otsailaren 23an “50 urte inklusioa bermatzen” erakusketa ibiltaria inauguratu zen, Orona Fundazioari esker. Aspace Gipuzkoakoa Lehendakariordeak esan bezala “Erakusketaren helburu nagusia gure elkarte-proiektua ikusaraztea eta ekimen hau abian jarri dugun udalerrietan ezagutaraztea izan da.”

Hernaniko Orona Fundazioaren eraikinean inauguratu zenetik, erakusketak Gipuzkoako Batzar Nagusiak bisitatu ditu, Donostiako, Irungo, Bergarako, Arrasateko, Eskoriatzako, Eibarko, Beasaingo, Urretxuko eta Tolosako hainbat leku, eta UPV/EHUren Ibaetako ikasgelategian amaitu du ibilbidea, non urriaren 28ra arte egongo den. “Jende askok bisitatu du erakusketa, gurekin egon diren udal ordezkariez gain, baita Mondragon Unibertsitateko eta EHUko ordezkariak ere” gehitu du Iglesiasek.

Iglesiasek eskerrak eman dizkio Gipuzkoako gizarteari, “ibilbide honi esker garun-paralisia duten pertsonok, familiek, profesionalek, boluntarioek eta udalerri bakoitzeko herritarrek une ahaztezinak eta oso aberasgarriak partekatu ahal izan ditugu.”

EKITALDIAK GIPUZKOAN ZEHAR


Aspaceko lehendakariordeak gaineratu duenez, "Gure ikasleek, erabiltzaileek eta haien familiek hainbat ekitalditan parte hartu dute. Abenduan Aspace Gipuzkoak Arrasateko institutuan duen gela egonkorreko ikasleek Gabonetako argiak pizten parte hartu zuten. Bergaran Oxirondo zentroko erabiltzaileek eta Bergarako gurasoek irakurri zuten pregoia, alkatearekin batera, Pestecoste jaien hasieran. Eibarren, Eibarko eskolako ikasleek eta erabiltzaile batek San Joan jaiei hasiera emateko txupina jaurti zuten. Irunen Arrupenea zentroko ikasleek eta Urdanibia zentroko erabiltzaileek eta familiek San Martzialen hasierako pregoia irakurri zuten. Aste Nagusian, Union Artesanak gonbidatutako erabiltzaile eta senide talde batek danborradan parte hartu zuen Konstituzio plazan egindako omenaldi batekin. Urretxun, Urretxuko zentroko erabiltzaileak eta familiak izan dira Santa Anastasiako jaiei hasiera eman dietenak pregoia irakurriz.”

GIZARTEAN ESKUBIDE OSOKO HERRITAR GISA PARTE HARTZEA


Iglesiasek azpimarratu duenez, gizartearen jardueretan parte hartzea eta eskubide osoko herritarra izatea gure helburuetako bi bete egin dira bizitako esperientzia horietan guztietan.


Aspace Gipuzkoaren erronka da betetako helburu horiek 50. urteurrena ospatzeko urte honetan ez geratzea, baizik eta garun-paralisia duten pertsonen bizitzan jarraitutasuna izatea.

IÑAKI URRETABIZKAIA, Aspace Gipuzkoako Zuzendaritza Batzordeko Idazkaria eta persona erabiltzaile baten neba

Bestalde, Urretabizkaiak urriaren 8an ospatuko den ASPACE EGUNAren programa aurkeztu du.

Oroitzapenezko egun honetan ehunka erabiltzaile eta haien familiak bilduko dira, goizeko 11.00etan, Alderdi Ederreko Lorategietan (Gabonetan noria jartzen den gunean). Oscar Terol komiko eta aktoreak aurkeztuko du ekitaldia, eta ekitaldiz betetako urteari amaiera emango dio.

Ekitaldian erakundeetako ordezkariak izango dira: Eneko Goia, Donostiako alkatea; Bakartxo Tejería, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Txaro Rodrigo, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria; Lide Amibilia, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordea. Era berean, Aspace Gipuzkoak presentzia duen udalerrietako alkateak joango dira.

Elisa Carmonak, Aspace Gipuzkoako presidenteak, bertaratuak agurtuko ditu eta, ondoren, familiek eta erabiltzaileek Manifestu bat irakurriko dute.
Eneko Goia Donostiako alkateak emango dio amaiera ekitaldiari.

11:30ean, Ondarretarainoko martxa inklusiboa hasiko da, Aspace Gipuzkoako erabiltzaile eta euren familien marea bikaina sortuz. Aspace Eguneko kamisetekin jantzita, Kontxako Pasealekua kolorez eta musikaz beteko dute, Musikeneko batukadak, Realeko Txurdin eta Itzurungo erraldoiek lagunduta.

Ondarretatik elkartearen egoitza nagusira igoko dira, Goienetxera, Elkarte-bazkariaz gozatzera, eta 400 familia baino gehiagok hartuko dute parte bertan. Ekitaldia musikaz, dantzaz eta Gipuzkoako hainbat erakundek emandako oparien zozketaz girotuko da.

  

3018