Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aspace Gipuzkoak 50. urteurrena ospatzen du aurten

Aspace Gipuzkoak 50. urteurrena ospatzen du aurten

Maite Peña, Gipuzkoako Gizarte politiketako diputatuak "Elkarrekin gai + gara" kanpaina aurkeztu du, Gipuzkoako Aspaceko lehendakari Elisa Carmonarekin eta Zuzendaritza Batzordeko kide Eneko Ziarsolorekin batera.

Maite Peña Gizarte politiketako diputatuak eman dio hasiera prentsaurrekoari, elkarteak 50 urte hauetan egin duen lan handia eskertzeko. "Aspace protagonista izan da 50 urte hauetan Gipuzkoan ditugun politika sozialetan. Gaur egun, Gipuzkoako gizarte-politiken eredu propioa osatzen duten babes, zaintza eta gizarte-politiken eredua daukagu, Aspace bezalako erakundeei esker.

Peñak gaineratu duenez, "Niri, pertsonalki, Aspacek gogorarazten dizkidanak etxea, zaintza, beroa, mimoa… dira, baina taldea ere bada, ilusioa, konpromisoa, berrikuntza, eta, nire ustez, balio horiek Gipuzkoako politika sozialaren DNAren parte dira, Aspacek ordezkatzen ditu, eta etorkizunean presente egongo direla uste dut."

 

Aspace Gipuzkoa, sorreratik gaurkotasunera

Jarraian, Elisa Carmona, Aspace Gipuzkoako Presidenteak hartu du hitza “Aspace Gipuzkoako lehendakari gisa, pozgarria da gure elkartearen 50. urteurrenaren ospakizuna foru egoitzan aurkeztea. Aspace Gipuzkoa (Garun-Paralisiaren Elkartea) Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakunde bat da. Garuneko paralisia duten 472 pertsona artatzen ditugu; horretarako, 340 profesional eta 126 boluntario ditugu.”

15 zentroak lurraldeko 11 udalerritan (Andoain, Arrasate, Beasain, Bergara, Eibar, Eskoriatza, Donostia, Irun, Tolosa, Urretxu eta Zarautz) banatuta daude, eta honek, arreta beren etxeetatik ahalik eta hurbilen ematea ahalbidetzen du.

Carmonak “Pandemiak gure urteurrena antolatzeko modua birpentsatzera behartu gaitu; urteurrena 2021eko urritik 2022ko urrira bitartean ospatuko dugu” gehitu du. Eta jarraian honakoa azaldu du “laguntzeko premia handiak dituzten seme-alaben familiak garenez, eskerrak eman nahi dizkiegu familia sortzaileei. Gaur egun Aspace Gipuzkoa errealitate bat izatea haien ahaleginari esker izan da. 50 urte hauetan zehar, beste familia batzuek hartu dugu lekukoa, garuneko paralisia duen pertsona bakoitzaren eta bere familiaren bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko.”

50 urte hauetan, Elkarteak eraldaketa handia bizi izan du, beti ere garun-paralisia duen pertsona eta bere familia gure eguneroko jardueraren ardatza izanez.

 

Kolaborazioa sarean

Hirugarren Sektore Sozialeko erakunde gisa, sarean kolaboratzen dugu beste erakunde batzuekin, bai Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeekin, bai Espainiar Estatuko beste erakunde batzuekin. Carmonak adierazi du “Ibilbide honetan, euskal erakunde publikoen laguntza eta aintzatespena jaso dugu. Erakundeekin egindako lankidetza-hitzarmenei esker, Aspacek garun-paralisia duen pertsonari arreta eman diezaioke bizitza osoan zehar, gazte-gaztetatik hasi eta ondorengo etapetaraino.”

50. urteurrenaren helburuak

Jarraian, Eneko Ziarsolo, Zuzendaritza Batzordeko kideak, 50. urteurrenaren helburuak eta datorren astelehenean, urriak 4, Tabakaleran egingo den ekitaldi instituzionalari buruzko azalpenak eman ditu “50. urteurrenaren helburuak 4 dira: eskerrak eman nahi dizkiogu gizarte gipuzkoarrari 50 urte hauetan erakutsi diguten babesagatik; Elkarteak egiten duen lana ikusarazi nahi dugu, eta garun-paralisia duten pertsonen eskubideetan aurrera egin; Elkarte-sentimendua indartu nahi dugu, eta azkenik, Elkarteko kolaboratzaile eta lagunen sarea zabaldu nahi dugu.”

 


Urteurrenaren jarraipena


Ziarsolok gehitu du “datorren astelehenean, urriak 4, hasiko gara ospatzen Tabakaleran. Covid-a dela eta, 215 pertsona izango ditugu bertan. Horien artean, familiak, garun-paralisia duten pertsonak, profesionalak eta boluntarioak egongo dira ordezkatuta. Honez gain, erakundeetako ordezkariek, Hirugarren Sektore Sozialeko sareetako ordezkariek eta lurraldeko beste gizarte-eragile batzuek ere bertan lagunduko digute.”


Horrez gain honakoa ere erantsi du “ekitaldi honetan 50 urteko ibilbidea konpartitu ahal izango dugu eta "elkarrekin gai + gara" leloa izango duen kanpaina bat ere aurkeztuko dugu. Kanpaina hori, urte osoan zehar ikusaraziko da Aspace presente dagoen udalerrietan.”

Ekitaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da gure YouTube-ko kanalean.

 

Ekitaldiak Gipuzkoako udalerri ezberdinetan

Zuzendaritza Batzordeko kideak honakoa ere azaldu du “Udalerri hauetan lantalde ezberdinak eratu dira, urtean zehar garatuko diren jarduerak definitzen joango direnak. Oraingoz, esan dezakegu azaroan ekitaldi bat egingo dela Arrasaten eta beste bat abenduan Irunen, eta horrela, hilero, bertan finkaturik gauden gainerako udalerrietan.”


Urtearen amaiera

Ospakizunak amaitzeko, Donostian "Aspace Eguna 2022" elkarte-jaia egitea aurreikusten da.

  

1967