Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ate irekien lehen jardunaldia egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak hilaren 25ean

Ate irekien lehen jardunaldia egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak hilaren 25ean

Erakundea herritarrei gerturatzea da helburua, foru jauregia eta bertan dagoen ondarea ezagutaraziz

2016/08/22

Ate irekien jardunaldia iragarri du Aldundiak hilaren 25erako. Bisita gidatua egin ahal izango dute hala nahi dutenek, foru jauregia eta bertako areto azpimarragarrienak ezagutuz. Hango objektu, margolan eta elementu nagusien bitartez, ibilbidea egin ahal izango dute historian eta arkitekturan barrena. Era berean, Aldundiaren, Batzar Nagusien, horien eskumenen eta antolaketa administratiboaren inguruko azalpenak jaso ahal izango dituzte.

Doan dira bisitak, 50 minutu inguruko iraupena edukiko dute, eta bi txandatan egingo dira, goiz eta arratsaldez, ordutegi hauekin: 10:00-11:00 (euskaraz), 11:00-12:00 (frantsesez), 12.00:13.00 (gaztelaniaz), 16:00-17:00 (ingelesez), 17:00-18:00 (euskaraz) eta 18:00-19:00 (gaztelaniaz). Kanpoko aldean hasiko dira, eta ondoren ohorezko solairuan jarraituko dute, han baitaude obra nabarmen gehienak. Amaieran, dibulgazio eskuorria banatuko zaie parte-hartzaileei. Herritarrentzako harrera gunean ere eskura daiteke eskuorria.

10 eta 20 lagun bitarteko taldeetan antolatuko dira bisitak. Gipuzkoa@gipuzkoa.eus helbidera idatziz, 943-112111 telefonora deituz, edo foru jauregiko harreran bertan eman daiteke izena. Aldundian antolatzen duen aurreneko ate irekien jardunaldi berezia izango da. Asmoa dago beste hitzordua errepikatzeko urtean zehar, data esanguratsuetan –Gabonetan, Aste Santuan…-.

Aldundia martxan jartzen ari den gardentasun eta irekitasun politika orokorraren barruan kokatu du jardunaldia Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak. “Bisitak begi-bistako interesa dauka historia, arte edo arkitektura ondarearen ikuspegitik, bai eraikinak eta baita bertan dauden elementuek balio handia baitute, baina hortik abiatuta, deialdi honen xede nagusia erakundea, bere jarduera eta bere ibilbidea herritarrei eta bisitatzen gaituztenei gerturatzea da. Ate eta leihoak irekitzeko ariketa hori fisikoki egin nahi dugu, politikoki egiten ari garen apustua irudikatuz. Paradoxikoki, Aldundiak bost mende baino gehiagoko historia badu ere, ezagutza falta handia dago oraindik bere inguruan”, azaldu du.

Hala, gogorarazi duenez, bisitan ezagutuko diren espazio asko, hala nola tronu aretoa edo kontseilu aretoa, “Gipuzkoaren antolaketa instituzionalaren eta historia politikoaren lekuko dira, gure autogobernuarena, gure ibilbidea markatu duten gertaera eta pertsonena. Gipuzkoarrontzat berebiziko garrantzia eduki duten erabakiak eta neurriak onartu dira bertan, eta jarraitzen dira onartzen: aurrekontuak, ekonomia, eta enplegua sustatzeko egitasmoak, ongizate eta zerga politikak, eta abar”.  

Jardunaldi honetaz gain, aurtengo martxoaz geroztik, Aldundiak bisita gidatuen zerbitzua ere eskaintzen du foru jauregian zehar. Aurretik hitzordua eskatuz egin daiteke erreserba, astebeteko gutxieneko epearekin, aipatutako helbide eta telefonoan. Bestalde, Aldundiak bisitarako gonbidapena luzatu ohi die hainbat kolektibori: Bigarren Hezkuntzako ikasleak, Zientzia Politikoak eta Soziologia, Zuzenbidea, Komunikazioa, Artea, Turismoa edota Arkitektura ikasleak, erretiratuak, eta bestelako elkarteak. 

Sektore hauei modu jarraituan egin ohi zaie gonbita, baina irailean, Aldundiak asmoa du deialdi berezia egiteko, bisita gidatuak gehiago ezagutarazteko eta parte-hartzea sustatzeko: “Aldundia gipuzkoar guztion etxea da eta dei egin nahi diegu bertaratzeko”, nabarmendu du Diputatuak. Orain arteko bisitetan, 230 lagunetik gora hartu dute parte.

Foru jauregian zehar, ibilbidea egin daiteke Gipuzkoaren, eta lurraldeko pertsona esanguratsuen historian barrena. Hauek dira kontuan hartzeko moduko elementuetako batzuk: Gaztelako Alfontso VIII.a irudikatzen duen beiratea, 1200. Urtean foruen zina eginez; Alejandro Iruretaren kupula; Gipuzkoako paisaia eta ohiturak irudikatzen dituen horma-dekorazioa; Julio Urquijoren erretratua (Erwal) eta liburutegia, non Aldundiak argitaratutako obra guztiak gordetzen diren; Elkanok munduari egindako itzuliaren omenez egindako tapiza, eta getariarrari Zuloagak egindako margolana; Albizuren Lekuona eta Barandiaran margolanak; Uztapide eta Basarri bertsolarienak; Orixek egindako eskuizkribu zaharrak; edota Leizaola Lehendakariaren eskultura.   

  

2165