Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Azidoarekin erasoa jasandako indiar bi emakume Gipuzkoan dira

Azidoarekin erasoa jasandako indiar bi emakume Gipuzkoan dira

Gipuzkoako Foru Aldundiko Nazioarteko Lankidetzako Zuzendaritza eta Pasaiako Bekoz Beko Elkartea elkarlanean ari dira, halako praktikak salatzeko eta emakumeei laguntza emateko.

2019/10/28

Gaur goizean Shabnam eta Anshu Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian izan dira, Kulturako eta Nazioarteko Lankidetzako foru diputatu Denis Itxasok eta Nazioarteko Lankidetzako zuzendari Mikel Diezek gonbidatuta. Bi foru arduradunek bertatik bertara ezagutu dute Bekoz Beko garapeneko GKEk egiten duen lana, Foru Aldundiaren laguntzaz, emakume hauen eskubideen alde.  Hori dela eta, informazio gosari bat egin dute hedabideekin, emakume hauen istorioaren berri emateko, eta emakumeen aurka munduan ezagutzen den indarkeria kasurik makurrenetakoa salatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzaren dirulaguntza bati esker, 2017an elkarte horretako emakume talde batek Indiara joateko aukera izan zuen, emakume hauen egoera bertatik bertara ezagutu ahal izateko. Han jakin zuten Chhanv Fundazioaren «Sheroes Hangout» proiektuaren berri: kafetegi batzuk zabalduak dituzte, egoera honetan dauden emakumeak ahaldundu eta ezagutarazteko, non eta emakumeen egoera ezin okerragoa den herrialde batean. Geroztik, halako eraso bat jasandako hiru emakume etorri ziren Pasaiara, euskal erakundeei beren langintzaren berri ematera eta, aldi berean, emakumeak gurean bizi duen egoera ezagutzera. Azken urte honetan, Aldundiko Lankidetza Zuzendaritzak emandako laguntzaren bitartez, lankidetza proiektu bat garatu dute Chhanv Fundazioarekin, Agra-n eta Luckonw-n kafetegietan lan egiten duten emakumeen alde. Prestakuntza programa bat landu dute: ingelesa ikasteko klaseak ematez gain, ostalaritzako prestakuntza eskaini diete eta ekofeminismoari buruzko oinarriak azaldu dizkiete, programarako berariaz sortu duten aplikazioaz lagunduta. Bezeroen arretaren gaineko profesional batek eskaini die prestakuntza emakume hauei, jangelako oinarrizko protokolo nozioen gainean: prestakuntza aldia amaitzeko, Pasaiako sukaldaritza eskolan saio bat ere egin dute.

 

Shabnam eta Anshu bisitan dira egun hauetan Gipuzkoan, Bekoz Beko Elkartearen eskutik, esan bezala, Chhanv Fundazioarekin lankidetzan, «Sheroes Hangout» proiektua indartu eta ezagutarazteko asmoz.  Proiektuaren muina da lan bat eskaintzea azidoarekin eraso bat jasandako emakumeei. Horretarako, bi kafetegi zabaldu ditu Indian, era horretako eraso lazgarri bat jasan duten 30 bat emakumeri lana eta bizitokia emateko. Izan ere, halako eraso bat jasan duten emakumeak bazterturik sentitzen dira, gobernuaren inolako laguntzarik gabe, eta aurpegia estaltzera zigortuta, etxetik atera gabe. Gizarteak ez ezik, askotan familiek ere baztertu egiten dituzte, eta etxetik bota. 

Anshuk 15 urte zituen azidoarekin eraso egin ziotenean. Bizilagun bat, bera baino 40 urte zaharragoa, ezkondua eta seme-alaben aita, atzetik hasi zitzaion. «Esaten zuen nirekin maiteminduta zegoela eta atzetik ibiltzen zitzaidan beti. Egun batean, berarekin hitz egin nuen, argi esan nion ez nuela deus ere nahi berarekin. Beraren emazteak ere ohartarazi zidan oso oldarkorra izan zitekeela».

Gau batean, bizilaguna etxera sartu zitzaion, gelaraino, eta azidoa jaurti zion aurpegira. Anshuk, orain 20 urte dituen arren, ez du inoiz zorigaiztoko gau hura ahaztuko. Hurbileko osasun zentrora eraman zuten, baina han ez zuten behar bezalako bitartekorik arreta egoki bat emateko. Beraz, ospitale batera bidali zuten, eta handik, beste batera. Bide luze hartan, begi bat galdu zuen eta bestea galtzeko zorian egon zen. Eraso egin zion bizilagunari 10 urteko kartzela zigorra ezarri zioten.  Anshuren gurasoek, zorionez, jakin zuten arazoa ulertzen eta bigarren aukera bat ematen; «nire egoeran dauden beste neska asko etxetik botatzen dituzte». 

Shabnam lo zegoela eraso zuten, 14 urte zituela. Bere etxeko langile bat izan zen erasotzailea. Hilabete bat lehenago, berarekin harreman sexualak izaten saiatu zen, baina neskak ez zuen onartu. Erasoaren ostean, gizonak urte eta erdi pasa zuen espetxean, fidantzapean atera arte. Neskak, berriz, 11 urte egin zituen giltzapeturik etxean, inork ez zezan ikusi. Familiak beste gizon batekin ezkontzera behartu zuen, 17 urte zituela. Bi seme-alaba izan zituen, baina bat hil egin zitzaionez, senarra joan egin zitzaion.

Lau urte geroago, egunkariaren bitartez, jakin zuen kafetegi haiek zabaldu zituztela, eta hara joan zen, alabarekin batera. Han beste emakume asko ezagutu zituen bere antzeko egoeran zeudenak, orban izugarriak erakusten zituztenak; «egun hartan erabaki nuen aurpegia gehiago ez ezkutatzea». Chhanv Fundazioak antolatutako Sheroes Hangout kafetegien bitartez, azidoarekin eraso bat jasandako emakumeek aukera bat dute lan egiteko, prestatzeko eta tratamendu kirurgikoak jasotzeko.  Aurretik, Shabnam-ek ez zekien irakurtzen eta idazten. Proiektu honi esker, orain ingelesez hitz egiten du, moda diseinuak lantzen ditu eta beste emakume gazte askori joskintza irakasten dio. Anshu aktibista sozial bat da gaur egun; sare sozialen bitartez bere istorioa eta beste emakume askoren ezagutarazten du.   Jarraitzaile ugari ditu. 

Azidoarekin eraso bat jasandakoen % 70 emakumeak dira. Erasoa jendaurrean jasaten dute % 40k eta etxean, % 37k. Erasoen % 41en arrazoia izan ohi da erantzunik gabeko maitasun bat edo etxeko indarkeria. Erasoa jasandako emakume gehienak 11 eta 30 urte bitartekoak dira.

Izaskun Barbier, Bekoz Beko Elkarteko lehendakariak dioenez, «bidai hau sari bat da emakume hauentzat. Hemen egon diren egunotan, Pasaiako Oinarrizko Lanbide Heziketarako Zentroan egon dira, baita zenbait jatetxetan ere. Asko ikasi dute, zalantzarik gabe, baina guri bizitzaren benetako ikasgai bat eman digute».

 

 

 

  

1427