Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Beasainen kontziliazio erantzunkidea hobetzeko hainbat proiektu pilotu abian jarriko ditu Herrilabek

Beasainen kontziliazio erantzunkidea hobetzeko hainbat proiektu pilotu abian jarriko ditu Herrilabek

‘Beasain berdintasunean bizi’ lemapean, 2022ko ekintza plana adostu dute laborategiko talde eragileko partaide diren ordezkariek.

Hiru ‘B’-z osatutako Beasain Berdintasunean Bizi lemapean, herrian berdintasuna eta  kontziliazio erantzunkidea sustatzeko hainbat proiektu pilotu abian jarriko ditu 2022an Herrilab egitasmoak. Esperimentazio aktiboaren bitartez, berdintasuna oztopatzen duten “egiturazko joerak, estereotipoak, genero rolak eta ohiturak” eraldatzeko ekintza praktiko eta positiboak garatuko dituzte datozen hilabeteetan udalerrian, urte honi dagokion ekintza planak jasotzen duen moduan. Hala adostu dute aste honetan bertan laborategiko talde eragileko ordezkariek, udaletxean egindako bileran batean.

2019an aurkeztu zuten herritarren aurrean Herrilab proiektua. Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean bultzatutako egitasmo honen bitartez, kontziliazio erantzunkidea hobetzeko esperimentazio laborategi da ordutik Beasain, herriko eragileen eta biztanleen inplikazioarekin. Guztiok elkarlanean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna era esanguratsu eta iraunkorrean sustatzeko ekintzak diseinatu, probatzea eta ezartzea du helburu. Esperientzia aitzindari honetatik eratorritako ezagutzak berdintasun eta kontziliazio politiketarako baliatuko dira, eta aldi berean, eredu izango dira lurraldeko beste udalerri eta eskualdeetan antzeko esperientziak garatzeko.

Talde eragilearen bileran parte hartu dute, Udalaz eta Aldundiaz gain, Asmube Emakumeen Elkarteak, Oriako Lamiak, Murumendi ikastetxeak, Goiekik, In Group eta CAF enpresak eta merkatarien ordezkaritza batek. Azken bi urteotan garatutako azterketa, jardunaldi eta lan-lerroei jarraipena emanez, datozen hilabeteetan hiru helburu nagusi bultzatuko ditu Herrilab 3Bk. Lehenik, herritarren sentsibilizazioa bultzatuko da, lanaren eta bizitza pertsonalaren kontziliazioak gure bizitzan duen garrantziaz ohartaraziz eta gizon-emakumeei ezartzen dizkiegun inpaktu desberdinak ikusaraziz. Bigarrenik, berriz, herritarrek eta eragileek egitasmo honetan duten parte-hartzea handitzea sustatuko da eta, hirugarrenik, udalerrian kontziliazio erantzunkidea hobetzeko proiektu pilotuak abian jarriko dira.

 

Ekintza pilotua merkataritzan

Orain arte Herrilabek landutako lerroetan sakonduz, ekintza esperimentalak hiru esparrutara bideratzea erabaki du talde eragileak. Merkataritzari lotuta, lau astez Beasaingo denden ordutegiak arrazionalizatzeko esperientzia pilotua egingo da, ondoren emakumeen eta gizonen kontziliazioan duen eragina baloratuz. Otsailean hasita, lau astez, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko ordutegia 16:00etik 19:00etara moldatuko dute ekimen honekin bat egiten duten merkatariek.

Ekintza aitzindari hau Bareak elkartearen babesarekin gauzatuko da. Horretarako, Solsonako eta Cardonako (Katalunia) tokiko garapen agentziaren eta bertako merkatari elkartearen parte hartzea lagungarri izango da, Herrilabekin partekatu baitute ordutegiak aldatzeko egin duten esperientzia. Hain zuzen ere, joan den urrian Beasaingo dendariekin partekatu zuten beren esperientzia, udaletxean egindako jardunaldi batean. Ekintzaren ondoren, parte hartu duten dendariekin batera emaitzak ebaluatu eta aztertuko dira, hausnarketa partekatu baten bidez.

Bigarren esperientzia pilotua hezkuntza komunitatearekin elkarlanean gauzatuko da. Ohiko genero-rolak hautsi eta aitek adingabeen zaintzan duten inplikazio maila handitu asmoz –bilera orokorretan eta jarraipen bileretan parte hartzea, etab.–, ikasturte honetan ikastetxeek aitarekin harremana lehenetsiko du edozein gorabeheraren aurrean; hau da, gurasoekin harremanetan jartzeko lehen deia beti aitari egingo diote. Gaur egun, herriko bost ikastetxeetatik hiruk parte hartzen dute ekintza pilotu honetan: Murumendik, Alkartasuna Lizeoak eta La Sallek, azken kasu honetan HHko 5 urteko gelan eta LHko 1. eta 2. mailetan. Esperientziaren amaieran, parte hartu duten hiru ikastetxeekin esperientziak, ikaskuntzak eta zailtasunak partekatuko dira eta ondorioak ikastetxeei eta familiei aurkeztuko zaizkie.

Azkenik, enpresa eta lan munduari dagokionez, seme-alaben oporraldi garaian familien kontziliazio erantzunkidea hobetzeko neurriak aztertuko dira, Goiekirekin elkarlanean. Izan ere, gurasoek garai horretan izaten dute zailtasun gehien arlo profesionala eta haurren zaintza bateragarri egiteko. Honetarako, enpresen eta langileen partaidetzarekin, ikerketa bat egingo da eta herrian eskura dauden baliabideen hobekuntza proposamena landuko da, ondoren proposamen hori errealitate bilakatzeko.

 

Beasain parekideagoa                  

Udal agintarien iritziz, Beasain bere ezaugarri sozio-demografikoengatik, izaera industrialagatik eta elkarte eta herritarren artean duen sareagatik, bizitza pertsonal, familiartekoa eta profesionalaren kontziliazio erantzunkidea bultzatzeko eredu egokia da. Herrilaben helburu nagusia kontuan hartuta, honek bat egiten du udal gobernuaren konpromisoekin, alegia, herritarren bizi kalitatean inpaktu positiboa izango duten prozesu eraldatzaileak abiaraztea.

Miren Elgarrestak, Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak, gogoratu du oraindik ere “asko” dugula egiteko “gizon eta emakumeen berdintasunera” bidean. “Hori lortzeko palanka nagusietako bat kontziliazio erantzunkidea da. Gaur egun emakumeek hartzen dutelako nagusiki beren gain etxeko lana eta zaintzaren ardura eta beharrezkoa da gizonezkoak alor horretan gehiago inplikatzea. Eraldatze hori modu positiboan gauzatu nahi dugu, elkarlanari eutsiz, herritar komunitate gisa desafio honi modu berritzailean erantzunez”, aipatu du. Sakondu duenez, horretarako jarriko dira abian hiru esperientzia pilotu horiek, hartutako neurriek funtzionatzen duten “elkarlanean aztertu eta gogoeta egin ondoren”, herrirako erabilgarri ez ezik, “lurralde osorako erreferentzia” izan daitezen.

 

 

  

2154