Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Cristina Iglesiasen pieza eskultorikoa aurrera doa Eibarreko Alfa Arten

Cristina Iglesiasen pieza eskultorikoa aurrera doa Eibarreko Alfa Arten

Eskultoreak proiektu artistikoa azaldu die Denis Itxasori eta Eneko Goiari, bere taldearekin batera

2019/11/28

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak 200.000 euro jarriko ditu Cristina Iglesiasen eskultura proiektua finantzatzeko.

Cristina Iglesias Santa Klara uharteko Itsasargiaren Etxean jartzeko lantzen ari den eskultura lanak aurrera jarraitzen du sorkuntza fasean.  Prozesua Alfa Arte enpresak Eibarren dituen tailerretan ari dira garatzen. Bertan ari dira egiten Itsasargiaren eraikinaren barruan kokatuko den brontzezko ontzia.

Bertan, eskulturaren xehetasunen berri eman die Eneko Goia Donostiako alkateari eta Denis Itxaso Kultura foru diputatuari.  Haiekin batera, honako hauek izan dira bisitan: Miguel de los Toyos Eibarko alkatea; LKS ingeniaritzako arduradunak,  Itsasargiaren etxeko obra zibilaren arduraduna; Moyua, itsasargiaren hustuketaren esleipenduna; Banco Sabadell (esku-hartzeari finantzaketa emango diona; piezan lan egiten duen Eibarko enpresako arduradunak; eta beste udal teknikari batzuk.

Alfa Arteko brontzezko piezaren lanek erritmo onean doazela aurrera adierazi du Cristina Iglesiasek.  Hala, fabrikazioaz arduratzen den enpresako arduradunen kalkuluen arabera, 10 x 8 metroko azalera, 5 metroko altuera eta 15 tonako pisua duen pieza aurreikusitako epeetan amaituta egon liteke.

Donostiarako eta Gipuzkoarako etorkizuneko erreferente artistiko eta ikono kultural gisa baloratu du obra Denis Itxaso Kultura diputatuak; "Itsasargiaren etxearen lanak artearen elkarbizitzarako gune bat sortzen du, elementu natural batekin, itsasoa, zeinak hiria definitzen baitu eta bere esentziaren parte baita.  Apustu artistiko ausarta da, Donostiako paisaiari ikuspegi berri batetik begiratzeko aukera emango diguna".  Gipuzkoako Foru Aldundiak 200.000 euroko partida bat hitzeman du obra finantzatzeko.

Bestalde, Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi duenez, Itsasargiaren Etxearen barruko lanek "beren bidea jarraitzen dute", nahiz eta azken asteetako baldintza klimatologiko kaskarrek langileek uhartera sartzea eragotzi duten, olatu handien ondorioz. Udalak aurreikusitako epeei eusten die, eta obra 2020ko udazkenean instalatuta eta ikusgai egon dadin lan egiten ari da.  Hori guztia, Goiak adierazi duenez, "Donostiak erreferente kultural berri bat izan dezan, gure egungo eskultore internazionalarenak egina".

Instalazioa Kantauriko itsasertzeko erliebe geologikoetan inspiratuta dago, eta Cristina Iglesiasen beste lan batzuetan bezala, naturaren forma ez ageriko eta ikusgarriez hitz egiten du, hala nola geruza freatikoak, zorupea, etab. Instalazioak itsas hondoak birsortzen ditu, eta Iglesiasek berak bere ibilbide artistikoan landu dituen naturarekin lotutako formen erakusgarri da.

Eskultoreak adierazi duenez, obra gauzatzea "oso lan zaindua, zehatza eta neketsua izaten ari da, Alfa Arterekin batera egiten ditugun guztiak bezala, baina aldi berean oso kontu handikoa, zehatza eta inspiratzailea".

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

  

1651