Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Balantze positiboarekin eta parte hartze maila onarekin amaitu da Etorkizuna Eraikiz Kongresua

Balantze positiboarekin eta parte hartze maila onarekin amaitu da Etorkizuna Eraikiz Kongresua

1.552 pertsonek hartu dute parte programako ekitaldietan, eta beste 1.000 lagun inguruk bisitatu dute Tabakalerako Plazan egon den erakusketa.

Etorkizuna Eraikiz Congress 2022 talde argazkia

Etorkizuna Eraikiz Congress 2022 talde argazkia


Etorkizuna Eraikiz Kongresuaren bigarren edizioa gaur amaitu da, balantze positiboarekin eta parte hartze arrakastatsuarekin. Guztira, 1.552 pertsonak hartu dute parte programan jasotako jardueretan, eta beste 1.000 lagunek baino gehiagok bisitatu dute Tabakalerako Plazan jarritako erakusketa. Kongresua pasa den asteko ostegunean hasi zen, nahiz eta irekiera instituzionala eta kongresu akademikoa aste honetan egin diren. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak topaketaren balorazio oso positiboa egin du, oraingoan formatu berritzaile, interaktibo eta herritarrentzat irekiago baten aldeko apustua egin dela azpimarratuz. “Kongresua baliagarria izan da bai Etorkizuna Eraikiz herritarrei gehiago hurbiltzeko, bai nazioarteko konexioak indartzeko eta kanal berriak irekitzeko, eta, beraz, oso jardunaldi produktiboak izan direla uste dut”, adierazi du.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak azaldu duenez, Kongresuak elkarlaneko gobernantzaren aldeko mezua indartzeko ere balio izan du. “Lankidetza balio saihestezina da ziurgabetasun garaian, baita etorkizuneko erronkei aurre egiteko orduan ere. Erakundeen eta herritarren arteko lankidetza eraginkorrik gabe, ezin izango dugu eraldaketa sozial, berde eta digitalaren bidean aurrera egin”, hausnartu du. Gaineratu duenez, hori izan zen Etorkizuna Eraikiz programa abian jartzeko arrazoi nagusietako bat: gizartearen eta erakundeen arteko distantzia gero eta handiagoa gainditzea eta lurraldean lankidetza sistematiko zabala, plurala eta berritzailea bultzatzea.

Kongresuaren irekiera instituzionala joan den astelehenean, azaroaren 28an, egin zen, eta bertan parte hartu zuten Iñigo Urkullu lehendakariak, Olanok berak eta Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolamenduko diputatuak. Inaugurazio jardunaldiak mahai-inguru batekin jarraitu zuen, Gipuzkoako unibertsitate nagusietako errektoreekin. Unibertsitate hauek aktiboki parte hartu dute ekitaldiaren antolakuntzan: Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea eta, hurrenez hurren, hauen errektore diren Eva Ferreira, José María Guibert eta Vicente Atxak hartu zuten hitza aipatutako mahai inguruan. Lehen eguna Etorkizuna Eraikizen ibilbidea eta irakaspenak jasotzen dituen dokumentalaren estreinaldiarekin amaitu zen. Guztira, 350 pertsona inguru bertaratu ziren ekitaldi horretara.

Kongresuan jardunaldi monografiko interesgarriak ere izan dira, parte hartu duten unibertsitateek antolatu dituztenak. Hala, hilaren 28an, astelehena, Deustuko Unibertsitateak antolatutakoa ospatu zen, alderdi sozialak eta komunitatearen kontzeptua jorratu zituena. Gaur goizean, Mondragon Unibertsitateak ekonomiari buruzko saio monografikoa egin du, enpresa ardatz hartuta, eta arratsaldean, berriz, Euskal Herriko Unibertsitateak Gipuzkoa 2030en inguruan lan egin du. Ekitaldi guztietan lehen mailako profesional eta akademikoak eta nazioarteko adituen hitzaldiak izan dira.

Era berean, harrera oso ona izan dute aste guztian zehar egin diren Plaza Irekia izeneko gunean egindako ekitaldiek, 800 pertsona baino gehiago bertaratu baitira hauetara. Kategoria honetan honako ekintza hauek sartzen dira: Gipuzkoa Talksen bi saioak, bat Clara Jiménezekin (Maldita.es), eta beste bat Arturo P. de Luciarekin (elektromugikortasunean aditua) eta Esteban Granerorekin (futbolari ohia eta enpresaria); neuromarketingaren, birziklapenaren, euskararen etorkizunaren edo nahi ez diren bakardadeen inguruko mintegiak; edo erreferentziako zentroek beren jardun eremuen inguruan antolatutako saio monografikoak, baita zuzeneko podcasta edo worldcafe-saioak ere. Azkenik, nabarmentzekoa da Tabakalerako Plazan jarritako erakusketak izan duen harrera ona ere; izan ere, azken egunotan 1.000 pertsona baino gehiagok bisitatu dute. Erakusketa honek zituen panelek Etorkizuna Eraikiz estrategiaren testuinguruan garatutako proiektu esperimental eta estrategikoak erakusten dituzte, modu didaktikoan.

  

3044