Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Etorkizuneko erronkak kontrastatu ditu Etorkizuna Eraikizen Think Tank-ak Gipuzkoako gizartearekin

Etorkizuneko erronkak kontrastatu ditu Etorkizuna Eraikizen Think Tank-ak Gipuzkoako gizartearekin

Lehiakortasunaren, gizarte arloaren, gobernantzaren eta jasangarritasunaren inguruan egin duen gogoeta prozesuaren ondorioak aurkeztu ditu

Hainbat sektore eta lanbidetako 170 pertsona baino gehiago elkartu dira gaur arratsaldean Tabakaleran Etorkizuna Eraikiz ekimeneko Think-Tank taldeak egindako lanaren lehenengo ondorioak ezagutzeko. Gipuzkoako elkarteetako, enpresetako, hirugarren sektoreko, mundu akademikoko, edo kultur eta kirol arloetako hainbat ordezkarik, bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte hainbat sektoretako profesionalek osatutako Think Tank taldeak etorkizunera begira ezarritako lehentasunezko erronkak. Ekitaldian parte hartu dute Markel Olano diputatu Nagusiak, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta hausnarketa talde hau osatzen duten kideek. Lurraldearen erronka estrategikoak zehaztera, eta etorkizun ekonomiko, sozial eta politikoa bermatuko duten politikak eraikitzen laguntzera doa bideratuta hausnarketa hori.

Thin Tank-a “eskuzabaltasunez” eta “gipuzkoar guztion mesedetan” egiten ari den lana eskertu du Markel Olanok, bereziki urte hasieran bere bidea hasi zuen hausnarketarako talde honen “nukleoa” osatzen duten kideena. “Agenda politiko eta sozial berria dugu mahai gainean, aldi berean konponbide eta lan egiteko modu berriak exijitzen dituena. Think Tank-a sekulako garrantzia edukitzen ari da etorkizunari begira ditugun erronkak identifikatzeko, eta martxan jartzen ari garen agenda berri hori aberasteko. Kontua ez da bakarrik gizartea entzuteko mekanismoak edukitzea; tresna partekatuak eta elkarlanerako espazioak sortu behar ditugu, denok izan dezagun ekarpenak egiteko aukera, amesten dugun Gipuzkoa eraiki ahal izateko”.

“Hizki larriz idatzitako politika” aldarrikatu du Olanok, “etengabe aldatzen ari den munduari”, eta “hipersinplifikazioak eta populismoak mehatxatutako eztabaida politikoari” aurre egin ahal izateko. “Ez dago errezeta magikorik, baina ezin dugu etorkizunaren aurrean besoak gurutzatuta gelditu ere. Lan serioa, eta administrazioen, herritarren eta gizarte antolaturen arteko elkarlan sistematikoa da balio duena. Eztabaidak partekatu behar ditugu, eta politikarentzat denbora bat finkatu, berehalakotasunari lotu gabe. Dauzkagun arazoetarako konponbideak bilatu behar ditugu, komunitatea sendotuz. Badakigu bide konplexua dela, baina baita emaitzak emango dituen bakarra ere. Horretan datza Etorkizuna Eraikiz, eta baita Think Tank-a ere”, nabarmendu du

Imanol Lasak, berriz, adierazi du “Gipuzkoako kapital sozialaren talentua, ideiak, irudimena eta dinamismo guztia” Aldundiaren politiken diseinuan, garapenean eta ebaluazioan txertatzea dela Think Tank taldea martxan jartzeko arrazoi nagusia, “aberastasun hori behar dugulako” aurrera egiteko. Aditzera eman duenez, “belaunaldi berri bat dago, gazteek edo adin ertaineko pertsonek osatutakoa, gure lurraldeko enpresetan, erakundeetan eta elkarteetan oso erabaki garrantzitsuak hartzen ari dena”. Haatik, Gipuzkoako errealitate sozial eta ekonomikoarekin “eguneroko kontaktua” eta “trakziorako gaitasun handia” eduki arren, batzuetan “urruti” daude pertsona horiek “erakundeon errealitatetik”: “Profil hori duten profesionalak inplikatu ditugu, oso sektore desberdinetatik datozenak, eta ikuspegi desberdinak eskaintzen dituztenak”, azaldu du.

Lehenengo fase honetan, Think-Tank lan taldeak Gipuzkoako politika publikoen lau zehar esparru estrategiko aztertu ditu saio bakoitzean aditu batek eman duen hitzaldia oinarritzat hartuta: lehiakortasuna, gizarte arloa, gobernantza, eta jasangarritasuna. José Luis Larrea (Deusto/Orkestra), Joseba Zalakain (SIIS – Eguia-Careaga), Rafa Jiménez Asensio (administrazio publikoen kontsultoreak) eta Antxon Olabek (klima aldaketari buruzko aholkularia) eman dizkiete hitzaldiak talde sustatzaileari.

Think Tank taldeak indargune batzuk ezarri ditu, etorkizuneko lehentasun izan daitezen, eta datozen hilabeteetan garatuko ditu esperimentazio proiektuen bidez;  2019. urtearen hasieran aurkeztuko ditu horiek beste ekitaldi batean, ondoren Etorkizuna Eraikiz dinamikaren barruan txertatzeko. Gaurko ekitaldiaren bidez gizarte antolatuari eta herritarrei urte hasieratik egindako hausnarketa prozesuan ateratako ondorioak jakinarazi dizkie, eta haien ekarpenak jaso ditu. Bertaratutako pertsonak mahai desberdinetan banatu dira eta eztabaida saio laburra egin dute aurkeztutakoaren gainean. Ondoren, proposamenak egin dituzte faltan sumatzen dituzten esparruen inguruan, eta martxan jarri daitezkeen proiektu zehatzen inguruan.

Lan ildoak

Horrela, lehiakortasunaren esparruan, Think Tank taldeak Gipuzkoak dituen indarguneei eustea eta horiek indartzea proposatzen du, hau da, prestakuntza duala, bizitza guztiko prestakuntzaren sustapena,  ekintzailetasuna, industria politikei erakundeen babesa ematea, eta lurraldea nazioartean kokatzeko goraka doazen jarduerak sustatzea, besteak beste, zibersegurtasuna edo elektromugikortasuna.   Era berean, proposatzen du adimen artifiziala edo Blockchain teknologia sektoreak indartzea, erakunde berri bat bitarteko dela.

Lehentasunezkotzat jotzen ditu eragile publikoak eta pribatuak gaitasunak indartzera bideratzea ongizatearen zerbitzuan egongo den lehiakortasuna lortzeko; ikaskuntzaren gizartea sustatzea lehiakortasun paradigma berri batera joateko erakundeetan zein gizartean; eta ekintzailetasunaren aldeko apustua egitea, baliabideak ezarriz, eta hezkuntza curriculum sortzailea eta esperientzietan oinarrituta ardatz hartuta. Helburu horiek lortzeko, Think Tank taldeak esparru publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza plataforma bat eta ezagutza eraldatuko gelak diseinatzea proposatzen du.

Gizarte arloan, belaunaldien arteko harremanak, prebentzioko gizarte politikak, balioak eta ezagutza landu dira. Lantaldeak beharrezkotzat jotzen du belaunaldiak lotuko dituzten politikak abian jartzea, hezkuntza, enpresa, eta gizartea barne hartuta, eta lehiakortasunetik eta ekintzailetasunetik abiatuta. Prebentzioari dagokionez, proposatzen du talentuak ume-umetatik identifikatzea eta lantzea, eta bitartekoak jartzea baliabide gutxien dutenek bere ahalmen guztiak gara ditzaten.

Halaber, partekatzen ditugun balioak identifikatzeko eskatzen du, eta horiek zabaltzeko plan bat prestatzea, gizarte inklusiboagoa eta desberdintasun gutxiago dituena egiteko. Ezagutzaren balioa azpimarratzen du gizarte aurreratu baten motorra denez gero, irakaskuntzaren garrantzia, eta koordinazio handiagoa lortzea hezkuntza, enpresa eta esparru sozio-ekonomikoko ezagutza esparruen artean.  Etorkizuneko erronka horiei aurre egiteko, Think Tank taldeak zenbait proiektu proposatzen ditu hainbat gai oinarritzat hartuta: belaunaldien arteko lotura, haurren talentua babesteko plana, irakasleentzako MIR delakoa, edo Gipuzkoa balioak 2030 ekimena.

Hausnarketaren hirugarren esparruari, gobernantzari dagokionez, Think Tank taldeak uste du lehentasunezkoa dela, alde batetik, funtzio publikoa eraldatzea talentuaren aldeko apustua egiteko, balio publikoa sortzeko eta erakundeak aldaketetara egokitzeko modua hobetzeko; bestetik, laguntza publikoetan erantzunkidetasuna bilatzea, eta horretarako, lankidetza proiektu bat posibletzat jotzen dute; eta, azkenik, politika publikoak planifikatzerakoan epe luzeko eta laburreko ikuspegia bateratzea.   

Era berean, erakundeen arteko sinergiaren aldeko apustua egiten du, «leihatila bakarra» egon dadin, direnak direla politika edo programen kudeaketan parte hartzen duten erakundeak, herritarrek zuzenean nora jo izan dezaten, alegia, erreferentziako kudeatzaile bat, baita garraioan, hirigintzan, etxebizitzan edo jarduera ekonomikoen arloan ere, horrela zerbitzu azkarragoa eta eraginkorragoa eskaintzeko.

Azkenik, jasangarritasunari dagokionez, zenbait jarduera esparru aipatzen ditu, besteak beste, hiri diseinu resilientea planifikatzea, ibilgailu elektrikoen erabilera sustatuta; aztarna ekologikoaren neurketa sustatzea; natura ingurunea zaintzea; eta kontsumo eta ekoizpen ohiturak aldatzea berotegi efektua eragiten duten gas isurketak murrizteko. Hori egiteko proposatzen du foru zein udal mailako zerga politika erabiltzea, tokiko erosketa eta kontsumoa sustatzea, eta birziklapena bultzatzea.

Talde eragilea

Think Tank taldearen muina talde eragilea da; 2017an sortu zen, eta Gipuzkoako elkarteetan, enpresetan edo kultura arloan ari diren ospe handiko 30 pertsonak osatzen dute.  Taldea 2018ko urtarrilean hasi zen lanean. Harrezkero, bost aldiz elkartu da aurrez aurre uztailera arte, eta, horrez gain, espazio birtual bat izan dute dokumentazioa eta lan materiala partekatzeko.

Saioak lan taldeetan egin dira, hitzaldiak oinarritzat hartuta; talde bakoitzak bozeramaile bat izendatu du eta gainerakoei beren ondorioak aurkeztu dizkie. Etorkizuna Eraikiz ekimeneko idazkaritza teknikoak, landutako materiala eta izandako eztabaidak eta lortutako akordioak oinarritzat hartuta, saio bakoitzeko txosten bat prestatzen du lantaldeei zuzendua, ondorioak indarguneen panel modura jarrita,  bertan etorkizuneko proiektuak oinarritzeko. Lan bilerak egin baino lehen, parte hartzaileei hausnarketa egin behar den gaiari buruzko erreferentziako eta testuinguruko materiala bidaltzen zaie, bai kualitatiboa eta bai kuantitaboa. 

Talde hori 100 adituren laguntza izaten ari da -enpresa, unibertsitate, kultura eta elkarteetako adituak, gehien bat- eta iradokizunak eta ekarpenak egin dizkie birtualki, askotan lan kontuak zirela eta, arazoak baitzituzten lan taldeetan aurrez aurre parte hartzeko.  

Gainera, talde egonkor bat dago, Foru Aldundiko arlo teknikoko 23 pertsonek osatuta; horiek Aldundiaren barruko ikuspegia ematen dute, eta Aldundiaren zeregina koordinatzen dute zehazten doazen proiektuak abian jartzen.  Azkenik, «Herri txikiak» izeneko taldea aipatu beharra dago, zenbait sektore eta esparrutako pertsonek osatua; Gipuzkoako udalerri txikien ordezkari izan dira, eta lurralde orekaren ikuspuntutik aztertu dute etorkizuna.

  

1496