Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskal erakundeek estrategia anbiziotsua aurkeztu dute Euskadiko behi okelaren ekoizpenerako eta komertzializaziorako

Euskal erakundeek estrategia anbiziotsua aurkeztu dute Euskadiko behi okelaren ekoizpenerako eta komertzializaziorako

Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek, sektoreko erakundeek, sindikatuek eta ekoizleen beraiek elkarrekin egindako lanaren emaitza da.

“Euskadiko Behi Okelaren Ekoizpena eta Komertzializazioa Bultzatzeko Estrategia” aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak. Exekutibo autonomoak, foru aldundiek, sektoreko erakundeek, sindikatuek eta ekoizleek beraiek elkarrekin eta estuki egindako lanaren ondorioa da plana, eta bere helburua da sektore honetako balio kate osoa berpiztea eta indartzea; izan ere, sektore estrategikoa jotzen da, bai baserri munduaren iraupenean duen zereginagatik bai Euskadiko ekonomiari oro har egiten dion ekarpenagatik. Ekimena sektorearen eta instituzioen babes sendoarekin eman da jakitera; besteak beste, ENBAk, EHNEk, UAGAk, Harakai-Urkaikok, Gitxegik eta 3 foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak babestu dute ekintza.

Euskadiko lehen sektorearen lehiakortasuna areagotzeko eta, horrekin batera, elikagai industria sendoa eta komertzializazio iraunkorra izatea lortzeko asmoarekin Eusko Jaurlaritza politika jakin bat garatzen ari da legegintzaldi honetan, eta politika horren baitan kokatzen da ekimena.

SEKTOREAREN DIAGNOSTIKOA

Kontuan hartuta nekazaritzako elikagaien sektoreak askotariko funtzioak dituela (EAEko lurraldearen %85en kudeaketa, ingurumenaren eta paisaiaren zaintzan kultur ondarea, etab.), esango genuke Euskadirako estrategikoa dela eta euskal baserri ingurunearen funtsa ere bai. Ustiategien batez besteko tamaina, baita ustiategiak oso handiak ez direnean ere, funtsezkoa da landa ingurunearen iraunkortasunerako.

 

Horrez gain, aintzat hartu behar da bi urtetik hona tokiko produktua lehentasunezko estrategiaren lekua hartzen ari dela banaketa kanal guztien bereizgarri gisa. Fenomeno hori hainbat gauzek eragin dute, tartean gizartea gero eta sentsibilizatuagoa dagoela oro har tokiko produktuarekin, ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik iraunkorra baita.

Zehazki, behi okelaren sektoreak egun duen egoerari dagokionez, hainbat datu garrantzitsu nabarmendu daitezke:

- Okelaren kontsumoa egonkorra da edo jaisten ari da.
- Kontsumitzaileak positiboki baloratzen du behi okela bertakoa izatea, eta horregatik ordaintzeko prest dago.
- Tokiko produkzioa ez da nahiko eskaerari erantzuteko.
- Defizit estrukturala dago, behi gutxi daudelako eta, era berean, dauden behiek gutxi produzitzen dutelako.
- Behien salmenta prezioak ez du ez gora ez behera egiten, eta marjina, diru laguntze aurretik, negatiboa da.
- Tokiko okela batez ere Harategietan saltzen da, eta establezimendu horiek doikuntzak egiten ari dira une honetan.
- Supermerkatu eta hipermerkatuen bitartez saltzeko aukera mugatua da.
- Kontsumitzaileek ordaintzen dituzten prezioekin marjina garrantzitsuak lortu daitezke bai supermerkatuen eta hipermerkatuen segmentuan bai harategietan.

 

ESTRATEGIAREN OINARRIZKO ILDOAK

Antzemandako ahulguneak zuzentzeko, Eusko Jaurlaritzak “Euskadin ekoizten den behi okelaren produkzioa eta komertzializazioa bultzatzeko estrategia" hau landu du, foru aldundiekin, HAZI Fundazioarekin eta sektorearekin berarekin elkarlanean; izan ere, beharrezkoa da balio proposamen integratu bat batera edukitzea sektorea berpiztu eta haren garrantzia indartu ahal izateko, Euskal Okela markaren bilakaera ahalbidetuta, azkenean euskal okelaren ekoizleen eta saltzaileen sektorea babesteko tresna eraginkorra izateko.

Askotariko kanalak dituen estrategia komertzializatzailea da, zeina kontsumoaren segmentazioan oinarritzen den, ohiko dendak, banaketa handikoak eta laugarren eta bosgarren gamako ekimenak bereizita. Lau jardute ildo nagusi proposatzen ditu:

1. Behi okelaren ekoizpena sustatzea, bazkategiak aktibatzea ere barruan sartuta.

2. Lantalde bat sortzea ganadua hiltzeko azpiegiturak (hiltegiak) kudeatzeko moduak analizatzeko.

3. Hiltegiko kanalen eskema berrikustea eta kontsumitzailearen zatia zatikatze gelan.

4. Ohiko harategien sustapena, kanaleko kobranding-a abian jarrita.

 

Lan ildo guztiak honako ekintza hauez osatuta daude:

1. Ekoizpena babesteko plan integrala

Oinarrizko lehen lan ildo honen barruan, estrategiak honako ekintza eta neurri hauek aurreikusten ditu:

- Neurriak hartzea produkzioa sasoikako zerbait ez izateko eta horrela galerak arintzeko eta txahalak urteko sasoi jaki batzuetan gizentzeko lehiakortasun falta konpentsatzeko eta horrekin eskaeraren produkzio zikloak egokitu ahal izateko.
- Kalitatea bultzatzearen aldeko apustu sendoa, testak egiteko zentroa berritu eta bultzatuz eta AIA salduz.
- Okelaren ekoizpena sustatzen duten inbertsioak babesteko neurriak hartzea 2015-2010 aldirako Landa Garapenerako Planaren bitartez (LGP).
- “Minimi”-en laguntza erregimena aplikatzea ekoizleentzat; horien bitartez 15.000 euro ere eman ahal izango lirateke hiru ekitaldi fiskaletan.
- Zirkulatzailearen finantzaketa errazteko neurriak hartzea, ekoizleek likidezia nahikoa eduki ahal izateko, bereziki bazkategiak aktibatzeko.

 

2. Hiltegiak

Azken hamar urteetan EAEko hiltegiek izan duten bilakaerak, haien itxiera ekarri baitu -lehenengo Gasteizkoa eta ondoren Bilbokoa eta Durangokoa- erakusten du zein ahul dagoen behi okelaren eta ardi okelaren ekoizleen sektorea gure erkidegoan. Estrategiak proposatzen du lantalde bat sortzea ganadua hiltzeko azpiegituren arazoak aztertzeko, bai eta haien bideragarritasuna eta egiturak eta kudeatzeko eskemak modernizatzeko premia ere.

 

3. Egiaztapen sistemak

Egiaztapen sistema aldatzea planteatzen da, egun dauden establezimenduentzat eta proiektuarekin bat egin dezaketen beste batzuentzat aukera berriak errazteko eta sortzeko. Euskal Okelaren egungo sistema, zeina kontsumitzaileari saltzeko eragiketa bakoitzaren egiaztapenean oinarritzen den, aldatzen ari da eta kontrol genetikoan oinarritzen den egiaztapen sistema batera jotzen ari da. Zentzu horretan, azken hamarkadetan bizi izandako bilakaera teknologikoari esker ADN proba ugari egin daitezke ekoizpen eta merkaturatze kate osoan okelaren trazabilitatea bermatzeko. Horrela, gorpuzkiak eta zatiak hiltegian egiaztatzea eskatzen du, kontrolaren kaltetan gabe, establezimendu gehiago proiektuan sartzen laguntzea.

 

4. Harategi berriak: Basque Label Harategiak

Ildo estrategiko honen asmoa da ohiko harategiei beste bultzada bat ematea, kanal marka baten garapenaz, esaterako, "Basque Label Harategiak" izenekoa. Ohiko harategien irudia eta kontzeptua aldaraziko dira, Euskal Herriko baserritarrekin eta kalitateko produktuekin duten konpromisoa balioetsita.

Helburua da lehen sektorearekin eta Euskal Okela proiektu instituzionalarekin konprometitutako harategi kopurua handitzea, izan ere, gaur egun Euskadin dauden 1500 harategitik 164 daude alta emanda. Proiektuarekin bat egiten duten harategiek Euskadin ekoitzitako okelarekiko konpromisoa hartuko dute beren gain. Hau da, behi okela guztia (gorpuzkia eta zatiak) Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako baserritarren hazi eta euskal hiltegietan hildako abereena izan beharko da.

Era berean, gidaliburu bat lantzen ari da kontsumitzaileek Basque Label Harategietan erostean esperientzia hobea izateko eta horrela ohiko kontsumitzaileek sarriago erostea lortzeko eta erosle berriak erakartzeko.

Gomendatzen diren beste ekintza batzuk dira sustapen ekintzak eta publizitate kanpainak, inbertsioak egiteko laguntzak artikulatzea, formazio jarduerak antolatzea eta belaunaldien arteko erreleboa erraztea.

  

1570