Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Fabrikazio aurreratua eta digitalizazioa aztertuko dituzte

Fabrikazio aurreratua eta digitalizazioa aztertuko dituzte

Hilaren 23tik aurrera Donostian egingo den 22. kongresua aurkeztu dute gaur Aldundiak eta AFMk

Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Turismoko diputatu Imanol Lasak, AFMko zuzendari nagusi Xabier Ortuetak eta SPRIko zuzendari nagusi Alex Arriolak Fabrikazio Aurreratuaren eta makina-erremintaren 22. Kongresua aurkeztu dute gaur goizean. Hilaren 23tik aurrera egingo da, hiru egunez, Donostian, Gipuzkoako zientzia eta teknologia parkean. Bi urtez behin egiten den kongresu hau erreferentziazko hitzordua da, estatu mailan, fabrikazio aurreratuaren esparruan jarduten diren enpresa, aditu, profesional, ikerketa eta prestakuntza zentro eta entitateentzat.

«The future of advanced manufacturing: a global vision» izenburupean, topaketak ikuspegi global bat eskainiko du fabrikazio aurreratuaren eta digitalizazioaren etorkizunari buruz. Horretarako, agendak bi atal izango ditu: dibulgaziozko kongresu bat, eta audientzia espezializatuagoa xede duen kongresu zientifikoa. Fabrikazio aurreratuarekin eta makina-erremintarekin lotutako produktuen eta zerbitzuen erakusketa eta sustapenez gain, aurten, berritasun gisa, kongresuan zehar sektoreko profesionalen artean B2B topaketak burutzeko espazio bat jarriko da, lankidetza sustatzeko eta merkataritza hitzarmenak sortzeko helburuarekin.   

Estatuan ibilbide luzeena egin duen kongresu honek berriro helduko dio industria konektatua erdigunean jartzen duen ikuspegiari. 1976an sortu zenetik, kongresuaren ezaugarrietako bat da abangoardiazko ikuspegi zientifiko-teknikoa duela, baina orain antolatzaileek erabaki dute hiru egunetan hiru ardatz nagusiren gaineko ikuspegi zehatza gehitzea: fabrikazio aurreratuaren digitalizazioa, fabrikazio gehigarria eta aeronautika, eta startupak eta talentua industrian. Hori guztia 40tik gora hitzaldi, mahai-inguru eta aurkezpenen bidez, non protagonista izango baitira punta-puntako enpresak eta ikerketaren eta ekintzailetasunaren esparruan prestigioa duten pertsonak. Aurtengoan, inaugurazio hitzaldia Francisco José Riberas Gestamp-eko presidente exekutiboak emango du, “Automozioaren Etorkizuna eta Erronkak” izenburupean. 

Aldi berean, kongresuan eztabaida piztu nahi da, ikuspegi berriak, industria aurreratuaren eta konektatuaren arloko gai interesgarrienen eta gaur-gaurkoenen inguruan. Hainbat esparrutako erronka nagusiak landuko dira, hala nola digitalizazioa, osagaien eta prozesuen diseinua, garapen industriala fabrikazio gehigarriaren bidez, fabrikazio sistema adimendun eta moldagarriak, aeronautikako etorkizuneko joerak, startupen eta enpresa finkatuen arteko lankidetzak edo talentuaren kudeaketa etorkizuneko industrian. Kongresuaren agenda eta izena emateko aukera eskura daude https://congresomh.afm.es webgunean.  

Edizio honetan, eta AFM Clusterrek Hegan Clusterrarekin duen lankidetza estuaren esparruan, Kongresuak Aerotrends, Aerospace Business Meetings & New Trends Conference-en edizio berria ospatuko du. Hegan-ek sustatutako biltzarra Espainiako aldizkako ekitaldi aeroespazialik handiena bihurtu da sektoreko profesionalen artean, eta Europa osoko agente aeronautikoen artean jarduera ekonomikoa errazteko zerbitzua proposatzen du.

Aurten, beste askoren artean, Berger Group, Siemens, ISG Virtous, HP, GF Precicast Additive, Danobatgroup, Loire Gestamp, CAF, Gonvarri eta Valeo enpresen presentzia izango da. Ordezkaritza instituzional zabala izango du kongresuak: Iñigo Urkullu lehendakariak eta Markel Olano diputatu nagusiak, besteak beste, kongresua ireki eta ixteko ekitaldietan parte hartuko dute, berrikuntza industrialaren, lankidetzaren eta ezagutza aurreratua sortzearen aldeko apustu irmoa egiten duen ekimenarekiko duten konpromiso partekatua islatzeko.

Ekonomia Sustapeneko diputatu Imanol Lasak azpimarratu duenez, kongresuak azpimarra jartzen du Gipuzkoaren sare ekonomikoa eraldatzeko faktore garrantzitsuenetan; izan ere, eraldatze prozesu hori «funtsezkoa» da gure «eredu sozioekonomikoa, ongizatea xede duena, mantendu eta eusteko». Gogorarazi du industriak «pisu garrantzitsua» duela lurraldearen ekonomian, industriak sortzen baitu balio erantsi gordinaren % 28, eta makina-erremintaren sektoreak «ardatza» izaten jarraitzen duela industriaren barruan, «trakzio gaitasuna duelako eta nazioartekotuta dagoelako». Horregatik, diputatuak aurreratu duenez, Aldundiarentzat «lehentasunezkoa» izango da sektorearen garapena babestea, «erronka horretan Gipuzkoak asko baitu jokoan».

Alex Arriolak, SPRIko zuzendari nagusiak, esan du makina erremintaren sektorearekin eta fabrikazio teknologia aurreratuekin lotutako alderdien garrantzi estrategikoaz gain, “22 CMH-k eragin handiko beste arazo batzuk” jorratzen dituela, “besteak beste, teknologia handiko ekintzailetza, fabrikazio gehigarria, digitalizazio industriala, "Digital Twin"-a eta, halaber, adimen artifizialarekin edo "Deep Learning"-arekin lotutako ideiak”. Gehitu du Jaurlaritzatik, “oso modu positiboan” baloratzen dutela ekitaldi berezi hau. Azkenik, “bertako enpresen lehiakortasuna areagotzen duten teknologia eta berrikuntzak gehitzeko Jaurlaritzak duen konpromisoa” azpimarratu du. Ildo beretik, azaroaren 20tik 21era BI 4.0 ekitaldia ospatuko dela oroitarazi nahi izan du, eta bertan gaur egungo gaietan sakontzen saiatuko direla erantsi du, bai digitalizazioan eta baita zibersegurtasunean ere.

Bestalde, AFM Clusterreko zuzendari nagusi Xabier Ortuetak azpimarratu duenez, “urtebete baino gehiago” daramate Kongresuaren egitaraua “ahalik eta erakargarriena eta puntakoena izateko. Modu sakonean baina entretenigarrian jorratu ditugu gaur egun gure industriak dituen erronka gehienak: digitalizazioa, fabrikazio gehigarriari lotutako berritasunak, talentua industrian… Nazioarteko ospea duten hizlariekin, eta goi mailako edukiekin. Uste dut ez dagoela merkatuan halakorik eskaintzen duenik, ikuspegi benetan praktiko eta erabilgarri batekin, gainera. Fabrikazio Aurreratuaren esparruko profesional onenen topagune izango da. Galdu ezin den hitzordua delakoan gaude”.

Ohikoa den moduan, urriaren 25ean kongresuari amaiera emateko egingo den ekitaldian bost sari emango dira: enpresa batek aurkeztutako ponentzia berritzaileenari, komunitate zientifiko-teknikoak aurkeztutako ponentzia onenari, eskola tekniko batek aurkeztutako ikasketa amaierako proiektu onenari, euskaraz idatzitako ponentzia onenari eta poster modalitatean aurkeztutako ikerlan onenari. 

2017ko urrian egindako azken edizioan, ekitaldiak 440 bertaratu bildu zituen, eta hauek, 50 hitzalditara eta I+G+B proiektuetako 20 kartel baino gehiagoren aurkezpenetara joateko aukera izan zuten. Enpresa parte-hartzaileen artean, aurreko edizioetako marka aipagarrien artean daude ABB, Microsoft, HP, Airbus, Siemens edo Böhler dira. Hizlari entzutetsuenetako batzuk Terry Wholers, Jaume Homs, Alex Rovira edo Guillermo Tena izan ziren.

  

1372