Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak 275.516 euro bideratu ditu industria-enpresetan zibersegurtasuna bultzatzeko

Foru Aldundiak 275.516 euro bideratu ditu industria-enpresetan zibersegurtasuna bultzatzeko

Lagundu zaie 28 konpainiak garatutako proiektuei, eta horien hedapenean protagonismo aktiboa izango du ZIUR zentroak

Foru Aldundiak gauzatu egin ditu Gipuzkoako industria-enpresetan zibersegurtasuna sustatzeko programari dagozkion dirulaguntzak; guztira, 275.516 euro bideratu ditu. 28 proiekturi lagundu zaie, beste hainbeste konpainiatan garatu direnei. “Industriaz hitz egitea, gaur egun, digitalizazioaz hitz egitea da. Eraldaketa digitalari lotutako tresna eta prozesu teknologiko berriak agertzeak erronka handia dakarkio gure industriari segurtasunaren eta lehiakortasunaren ikuspegitik. Alabaina, aukera bat ere ematen du garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko, Gipuzkoan ditugun gaitasunengatik. Bermeekin egokitzea ezinbestekoa da gure industria-sarea finkatzeko, ekonomia sendo eta etorkizunerako prestatu baten aldeko apustuaren barruan”, azpimarratu du Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Jabier Larrañagak.

          Etorkizuna Eraikiz dinamikak ezarritako etorkizuneko apustuekin bat etorriz, programak hainbat laguntza egituratzen ditu, bi helbururekin: batetik, industria-enpresen artean zibersegurtasun neurrien ezagutza eta ezarpen maila hobetzea, eta, bestetik, sektorean lan egiten duten enpresen ibilbidea indartzea, horietako asko erreferente baitira estatu eta nazioarte mailan, haien hazkundea bultzatzeko, eta Gipuzkoa arlo horretan lurralde aurreratu gisa finkatzen laguntzeko.

          Programak hiru laguntza-lerro ditu. Lehenengoa bideratuta dago Gipuzkoako industria-enpresa txiki eta ertainen zibersegurtasuna indartzera, 130.516 euro bereizita; guztira, 23 proiektu dira. Laguntzen zaio aholkularitza espezializatua kontratatzeari, honelako lanak egiteko: hardware/softwarearen egoera eta enpresaren antolaketa-egoera diagnostikatzea zibersegurtasunari dagokionez; arlo horretako planak idaztea; eta langileak sentsibilizatu edo prestatzea. Kontuan hartzen dira hainbat alderdi, hala nola ICS ahulezien analisia, IT/OT trafikoaren analisia, ICS GAP analisiak, ICS soluzioen integrazioa, laguntza-zerbitzuak, IC teknologien monitorizazioa eta mantenua, eta ICS heldutasunaren metrikak eta adierazleak.

          Enpresa guztiek ez dute aurrerapen maila bera beren segurtasuna blindatzeko orduan; beraz, laguntza-lerro hori egoera desberdinetara egokitzen da. Horretarako, horietako bakoitza dagoen fasearen arabera, Foru Aldundiak ibilbide bat proposatzen du zibersegurtasuna enpresan integratzeko, etapa guztiak kontuan hartuta. Onuradunen artean honelako enpresak daude: Herrekor, Laulagun, Alcad, Iditek, Egile, DanobatGroup, Goiko, Efiner, eta Cutting Tools.

          Bigarren lerroak izaera teknologikoa du; ikerketa eta garapena bultzatzen ditu, eta industria-zibersegurtasun arloko enpresei zuzenduta dago, bai produktu edo prozesu produktibo berrien garapen esperimentalerako, bai lehendik zeudenak nabarmen hobetzeko. Kasu honetan, Euchner eta Titanium enpresen bi proiekturi lagundu zaie, bakoitzari 50.000 euro emanez.

          Hirugarren laguntza-lerroa berria da aurreko deialdiekin alderatuta, eta helburutzat dauka industria-produktuen segurtasuna ebaluatzeko proiektuen garapena bultzatzea. Industria-gailuak garatzen edo diseinatzen dituzten enpresentzat da, diseinutik abiatuta zibersegurtasuna ezar dezaten sustatzeko, eta beren produktuen segurtasuna industria-laborategietan testatzeko aukera eskura jartzeko. “Badago makina bat tresna eta prozesu (Cloud computing, Big Data, Gauzen Internet...) konektibitate-maila handitzen ari dena gure enpresen ekoizteko eta barne balio-katea sortzeko eta egituratzeko moduan. Horregatik, jarraitu behar da sakontzen segurtasun teknikoko eta antolaketa-segurtasuneko neurrietan, produktu eta zerbitzuen garapenaren hasierako fasetik aurrera” adierazi du Larrañagak.

Programaren laugarren edizioa da, 2018an abiatu baitzen, eta aurten sartu diren berrikuntzak hauen arteko lankidetzaren emaitza dira: alde batetik, Proiektu Estrategikoetako Zuzendaritza, eta bestetik, ZIUR-Zibersegurtasun Industrialeko Zentroko profesionalen lantaldea. ZIUR zentroak protagonismo aktibo bat izango du lagundutako proiektuen hedapenean, haien jarraipena eginez, eta enpresek beren autodiagnostikoa egiteko metodologia eskainiz. Halaber, oinarrietan baloratu da proiektuen lankidetza-, koordinazio- eta lerrokatze-maila ZIURrek bultzatutako ekimenekin, horrela erreferentziazko zentroarekiko sinergiak eta lan partekatua sustatuz.

Abian jarri zenetik bi urte igaro direlarik, ZIUR lankidetzan aritu da ia 500 industria-enpresa, elkarte, zibersegurtasunaren arloko eragile, erakunde publiko eta ikastetxerekin, eta “horrek erakusten du bere garaian egindako apustu estrategikoa egokia izan dela. Errealitate kontrastatu bat da ZIUR, eragile hurbil eta konfiantzazko bat gure industria-enpresentzat, eta aldi berean zibersegurtasunari lotutako ekosistema osoaren katalizatzailea. Lanean jarraituko dugu zeregin hori indartzeko eta erronka berriei aurre egiteko, oraindik bide luzea baitago ibiltzeko. Arlo horren bilakaera azkarrak eskatzen digu erantzunen bilaketan etengabe berritzea, adi egotea eta sentsibilizazioa areagotzea”, amaitu du diputatuak.
  

1573