Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak indarkeria matxistaren arloko arreta eredua xehatu du, pertsonalizazioa, parte hartzea eta birbiktimizaziorik eza oinarri hartuta

Gipuzkoak indarkeria matxistaren arloko arreta eredua xehatu du, pertsonalizazioa, parte hartzea eta birbiktimizaziorik eza oinarri hartuta

Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2019an abiatutako entzute eta ebaluazio parte hartzaileko prozesu baten ondoren, emakumeek jasaten dituzten indarkeriei ematen zaien erantzunaren kalitatea areagotzeko arreta eredu baten oinarriak ezarri ditu.

Maite Peña diputatua, Gunean egindako topaketan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 70 profesional eta  erakundeetako arduradun baino gehiago bildu ditu gaur goizean Etorkizuna Eraikiz Gunea aretoan, indarkeria matxista ardatz hartuta, "bizia eta oso beharrezkoa" izan den lan prozesu baten emaitzak aurkezteko.  Zehazki, eta Gizarte Politiketako foru diputatu Maite Peñak adierazi duenez, “emakumeek jasaten dituzten indarkeriei ematen zaien erantzunaren kalitatea areagotzen duen arreta eredu baten oinarriak ezarri ditugu, pertsona, etapa guztietan emakumeen parte hartzea, eta birbiktimizazio eza oinarri dituen plangintza batetik abiatuta”.

          Diputatuak defendatu duenez, indarkeria matxistaren arazoaren konplexutasuna eta ezaugarriak direla-eta, esku hartzeko eredu espezifiko bat ezarri behar da, eta, horregatik, 2019an hasitako entzute eta ebaluazio prozesu parte hartzailearen ondoren, ereduaren printzipio eta gako batzuk definitu dira, “irizpide homogeneo eta adostuekin”. Zehazki, hobekuntza arloak identifikatu dira, eta, “horien ondorioz, arreta ereduaren funtsezko printzipioak jardunbide zehatzetan ezartzen laguntzen duten jarraibide zehatzak sortu dira”.

          Gure gizartea indarrez astintzen ari den indarkeria matxistari aurre egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak duen konpromiso irmoa aldarrikatu ondoren, Maite Peñak nabarmendu du gizarte politikak etorkizuneko palanka gisa kokatzeko eta Gipuzkoan arreta eta zaintza eredua eraldatzea ahalbidetuko duten bideak eskaintzeko egiten ari den ahalegin kolektiboa. Plangintza horrek, Gipuzkoako 2020>2030 Agendak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko eredu integral berria hedatzea aurreikusten du.

          Zentzu horretan, diputatuak gogorarazi du bost urtean Aldundia indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko 32 plaza izatetik 66 plaza izatera igaro dela.  Bestalde, 1.000 emakume inguruk jasotzen dute urtean laguntza psikologikoa foru zerbitzuen bidez, eta prebentzioan oso lan garrantzitsua egiten ari gara, indarkeria matxistari aurre egiten dioten familiak eta nerabeak artatzeko proiektu berritzaile bat abian jarrita. Iragarri du, halaber, datorren urtean beste 22 plaza gehiago izango dituen arreta zentro bat irekiko dela. “Apustu hori arreta-ereduaren berrikuspenarekin amaitzen dugu, eta Gizarte Politiketako Sailaren 2023rako aurrekontua % 11,5 handitzea ekarri du” erantsi du.

.

123 gomendio praktiko

Gaurko jardunaldian izan den lan eta hausnarketa taldearen buru Gipuzkoako Foru Aldundia izan da, eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arretarako foru zerbitzuak eskaintzen dituzten gizarte erakundeetako ordezkariek parte hartu dute. “Alderdi asko harten dituen ebaluazioa egin da, eta iaz, EDE Fundazioarekin batera, hausnarketa prozesu bat egin genuen esku-hartze ereduari buruz”, azaldu du Peñak. Emaitza gaur aurkeztutako lana da. Guztira 123 gomendio praktiko biltzen ditu, eta dokumentu “bizi, malgu eta moldagarri” batean jasota daude.

          Diputatuak adierazi du erantzuna artikulatzeko eta zerbitzuak emateko moduak eragin nabarmena duela lortzen diren emaitzetan eta horien eraginkortasun mailan, eta gaineratu du indarkeria matxistaren arazoaren izaerak eta konplexutasunak “justifikatzen duela esku hartzeko eredu espezifiko bat egokitzeko beharra, ikuspegi feminista, genero ikuspegia eta giza eskubideen ikuspegia abiapuntu hartuta. Gainera, emakume bakoitzaren duintasuna, autonomia, segurtasuna, intimitatea, gizarteratzea eta erreparazioa bermatu behar ditu”.

          Horregatik, ondorioztatzen da intersekzionalitatetik eta ahalduntzetik jardun behar dela, eta esku-hartze estrategiei jarraikiz, hala nola integraltasuna, pertsonarengan oinarritutako plangintza, birbiktimizaziorik eza, erresilientzia eta parte hartzea. “Hori guztia esku hartze komunitarioko eredu batetik”, azpimarratu du Maite Peñak, betiere kontuan hartuta gune bakoitza zaintzea, taldeen antolaketa, ematen den informazioa eta egiten diren diagnostikoak, bai eta ebaluatzeko eta kasu bakoitzaren jarraipena egiteko modua ere, emakume bakoitzari erreferentziako profesional bat esleituta.

  

3436