Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoa Talent Forum topaketak 36 enpresa eta Gipuzkoan lan egin nahi duten 318 profesional elkartu ditu

Gipuzkoa Talent Forum topaketak 36 enpresa eta Gipuzkoan lan egin nahi duten 318 profesional elkartu ditu

www.gipuzkoatalent.eus webgune berria aurkeztu da, Be Basque Talent Network sarera sarbidea ematen duena, prestakuntza handiko 11.000 profesional baino gehiago, 350 enpresa eta 1.400 lan eskaintza biltzen dituena

Markel Olano diputatu nagusiak Gipuzkoa Talent Forum ekitaldiaren hirugarren edizioa ireki du eta adierazi du ezinbestekoa dela talentua behar bezala kudeatzea: «bizi garen mundu aldakor honetan erronka handiak ditugu aurrean, eta, zalantzarik gabe, talentuarena, erabakigarria eta presakoa da». Era berean, bertan izan dira Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko foru diputatua, eta baita 2017ko Gipuzkoa Talent Forum topaketan parte hartu zuten bi lagun ere, Idoia Iceta eta Irati Aroa, iazko esperientziaren berri eman dutenak, batek enpresaren ikuspegitik eta besteak lan bila zebilen -eta lortu duen- profesionalaren ikuspegitik.

Nazioartean esperientzia zabala duten prestakuntza maila altuko 318 profesionalek bertatik bertara ezagutu dute Gipuzkoako 36 enpresak egiten duten lana eta eman dituzten 162 lan eskaintza. Gipuzkoa Talent Forumen helburua da aurrez aurre jartzea, batetik, Gipuzkoako enpresetan lan egin nahi duten profesionalak eta, bestetik, enpresen eskaintzak eta eskaerak.  «Gipuzkoa Talent Forum topagune bat da, harremanetarako toki bat, enpresak, erakundeak eta talentua partekatzeko eta ezagutzeko» azaldu du Markel Olanok. «Gure lurraldeko ahalmen guztia garatu eta aprobetxatu nahi dugu. Talentua lurralde eta gizarte gisa kudeatzeak berebiziko garrantzia du, funtsezkoa delako gure ehun ekonomikoaren lehiakortasunerako eta pertsona guztien ongizaterako, batez ere gazteenentzako».

«10 urtean Euskadiko biztanleria aktiboa nabarmen jaitsiko da, 200.000 pertsona,  hain zuzen ere. Gero eta talentu gehiago beharko dugu gure enpresetan, eta ez nolanahikoa, gainera, enplegu berrien eskaintzen % 45 betetzeko, goi mailako prestakuntza eta orientazio tekniko eta teknologiko handia behar baita» gaineratu du diputatu nagusiak, eta azaldu du giza talentua dela faktorerik garrantzitsuena gizarte bezala hazteko, eta gaurtik bertatik heldu behar zaiola horri: «2017ko Gipuzkoa Talent topaketan parte hartu zuten 257 pertsonetatik % 90 urtebete edo bi urteko epean Gipuzkoara edo Euskadira itzultzeko asmotan zebilen.  Talentu hori behar bezala kudeatzea ezinbestekoa da Gipuzkoa gero eta gero eta toki hobea izan dadin bizitzeko eta lan egiteko».

Behin-behineko datuen arabera, Gipuzkoa Talent Forum topaketaren hirugarren edizioan parte hartu duten profesionalen ia erdiak ingeniaritza ikasketak egin ditu, eta %20ak Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza. Parte-hartzaileen %80a Euskadin jaioa da (%70a Gipuzkoan eta %10 Bizkaian), gainontzekoak beste erkidego eta herrialde batzuetan. Iazko datuek erakutsi zuten bezala, profesionalen %90ak urtebete edo bi urteren buruan itzuli nahi dute Gipuzkoara.

Topaketa hau Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Gipuzkoa Talent delako lurralde mailako estrategian kokatzen da, zeinaren helburua baita lurraldeko enpresetara talentua erakartzea, sortzea eta eustea.  Hau da, lurraldean giza kapitala sustatzea eta bultzatzea, eta etorkizuneko erronkei erantzuteko talentu bila dabiltzan enpresekin harremanetan jartzea. Horretarako, Gipuzkoa Talent bulegoa ireki da, atzerritik gure lurraldeko enpresetan lan egitera datozen profesionalei harrera egiteko. Era berean, hainbat ekimen jarri dira abian, besteak beste, Gipuzkoa Talent Forum ekitaldia, nazioarteko topaketak, Talentia programa, Fellows programa, eta hainbat diru laguntza ematen dira Gipuzkoara talentua erakartzeko, hemen talentua sortzeko eta talentuari eusteko.

36 enpresa hauek hartu dute parte aurtengo ekitaldian:  ABC Compressors, AF-Incepal, Ampo, CAF, CAF Power & Automation, CTI Spyro, Danobat S. Coop., Datik, Egile Corporación, Etxe-Tar, Fagor Arrasate, Fagor Automation, Fagor Ederlan, Fidenet, Grupo I68 (Zuchetti), Grupo Indaux, Grupo Sarralle, Grupo Ulma, Ibermatica, IK4-Ikerlan, Ikusi, Hispavista, Ibarmia, Indar, Irisbond, Kirolbet, Laulagun, NEM Solutions, Orona, Proyectos Onddi, Plastigaur, Salto Systems, Siemens, Tecnalia, Uvesco eta Vicomtech.

 

Abian da dagoeneko www.gipuzkoatalent.eus webgunea

Gipuzkoa Talent Forum topaketan Gipuzkoa Talent programaren webgune berria aurkeztu da: www.gipuzkoatalent.eus.

Gipuzkoa Talent programak eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko informazioa jasotzeaz gain, webguneak aplikazio bat du, mundu zabalean sakabanatuta dauden prestakuntza handiko 11.000 profesional inguru, 350 enpresa eta 1.400 lan eskaintza biltzen dituen sare batera sarbidea ematen duena. Be Basque Talent Network izeneko sare horren helburua da prestakuntza handiko profesionalak Gipuzkoako eta Euskadiko enpresa eta erakundeekin harremanetan jartzea; Bizkaia Talent programak ere parte hartzen du sarean, 2018ko hasieran Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz.

Enpresei zein profesionalei zuzendua dago, eta bertan lan eskaintzak bilatu eta  argitaratu daitezke, beste profesional batzuekin harremanetan jarri eta kontaktuak sortu, eta Gipuzkoa Talent programak eskaintzen dituen zerbitzuak erabili: Gipuzkoa Talent Forum topaketan eta nazioarteko beste topaketa batzuetan parte hartu (Be Basque Talent Conference), edo Relocation and Dual Career Center zerbitzua erabili, non harrera egiten baitzaie kanpotik Gipuzkoako enpresetara lanera datozen profesionalei.

  

2209