Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoa Talent Forumek Gipuzkoan lan egin nahi duten talentu gazteak eta enpresak lotuko ditu

Gipuzkoa Talent Forumek Gipuzkoan lan egin nahi duten talentu gazteak eta enpresak lotuko ditu

Topaketaren laugarren edizioa abenduaren 23an izango da Donostiako Reale Arenan.

Nazioarteko esperientzia handia eta kualifikazio maila handia duten 300 pertsona inguruk aukera izango dute lurraldeko 40 enpresak eskaintzen dituzten lana eta lan aukerak bertatik bertara ezagutzeko, Gipuzkoa Talent Forumen laugarren edizioan, Gipuzkoako Foru Aldundiak talentua sortzeko, erakartzeko eta atxikitzeko duen estrategiaren barruan urtero antolatzen duen foroan. Markel Olano diputatu nagusiak eta Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak parte hartuko dute topaketan. Abenduaren 23an izango da, goizeko 9:30ean, lehenengo aldiz Donostiako Reale Arena estadioan.

Aurreko hiru edizioetan lortutako arrakastaren ondoren, Gipuzkoa Talent Forumen edizio honek ere helburutzat du Gipuzkoako enpresetan lan egin nahi duten profesionalak sare ekonomiko horren egungo eskaintza eta beharrekin konektatzen jarraitzea, eta talentuaren eta lurraldean errotuta eta finkatuta dauden konpainiek eskatzen dituzten profil berrien arteko topagune izatea. Profesionalentzako izen-emate epea zabalik dago oraindik, eta www.gipuzkoatalent.eus webgunearen bidez egin daiteke.

40 enpresa hauek parte hartuko dute Gipuzkoa Talent Forumeko laugarren edizioan:   ABC Compressors, AF Incepal, Alcad, Ampo, Angulas Aguinaga, Biele, BPTD (Basque Precision Technology District), CAF, CAF Power & Automation, Construcciones Amenabar, Danobat Group, Egile, Fagor Arrasate, Fagor Ederlan, Fagor Industrial, Fidenet, Grupo Indaux, Grupo Ulma, Ibarmia, Ibermatica, Ikerlan, Ikusi, Irisbond, Irizar, Jema Energy, Kirolbet, Mondragon Assembly, Nuavis, Orbea, Orkli, Orona, Salto Systems, Sarralle, Siemens-gamesa, Spyro, Talleres Myl, Tecnalia, Uvesco, Vicomtech, Viralgen eta Zuccheti..

Foro hau Gipuzkoa Talent izeneko lurralde estrategia integralaren barruan kokatzen da, Foru Aldundiak sustatzen du, eta lurraldeko enpresa eta erakundeetan talentua erakarri, sortu eta atxikitzea ditu ardatz. Estrategia horren bidez, lurraldean giza kapitala sustatu eta bultzatu nahi da, eta talentu hori bilatzen duten enpresetara erakarri, etorkizuneko erronkei bermeekin aurre egin diezaieten.  Horretarako, Gipuzkoa Talent Bulegoa jarri zen martxan, kanpotik Gipuzkoako enpresetan lan egitera etortzen diren profesionalei harrera egiteko asmoz. Gainera, Gipuzkoa Talent Forum, nazioarteko topaketak, Talentia programa edota Fellows ekimenak egiten ari dira, hainbat dirulaguntza eta laguntza eskaintzearekin batera, Gipuzkoan talentua sortzeko eta sendotzeko helburuarekin.

«Pertsonak, haien prestakuntza eta gaitasunak dira gure lehiakortasunaren faktore nagusia.  Pertsonek sortzen dituzte balio erantsia eta ezagutza. Haiek indartzen dituzte gure enpresak eta sortzen proiektu berriak, etengabe eraldatzera behartzen gaituen testuinguru global batean. Talentua sortzea, erakartzea eta atxikitzea funtsezkoa da ehun ekonomiko berritzaile eta nazioartekotu bat eta ekosistema ekintzaile bat izateko. Azken batean, kalitatezko enplegua oinarri hartuta gure eredu sozioekonomikoaren etorkizuna bermatzeko», azaldu du Imanol Lasak.

Gaineratu duenez, talentuaren erronka errealitate ekonomiko eta teknologiko «gero eta aldakor eta disruptiboago» batek baldintzatzen du «kasu askotan», baita «bilakaera demografikoak berak» ere, zeinak biztanleria aktiboaren beherakada eragingo baitu. «Ondorioak nabariak izango dira hamarkada bateko epean», adierazi du.  «Gure enpresek gero eta talentu handiagoa eskatzen dute, eta, neurri handi batean, talentu espezializatua; izan ere, enplegu berrien eskaintzen ia erdiek kualifikazio handia eta orientazio tekniko eta teknologiko handia eskatzen dute», azpimarratu du. Horregatik, Aldundiak «erraztaile» rola hartzen du talentu hori honelako ekimenekin bultzatzen duenean, finean «Gipuzkoa osoaren» erronka baita.  

Iaz, nazioarteko esperientzia handiko eta prestakuntza maila handiko 318 profesionalek lehen eskutik ezagutu zituzten Gipuzkoako 36 enpresak eskaini zituzten 162 lan eskaintza. Parte hartzaileen erdiek baino gehiagok ingeniaritza ikasketak zituzten, eta % 20k enpresen administrazioko eta zuzendaritzakoak. % 80 Euskadin jaioa zen (% 70 Gipuzkoan eta % 10 Bizkaian), eta gainerakoak beste autonomia erkidego edo herrialde batzuetan. % 90ek urte batean edo bitan Gipuzkoara itzultzeko interesa agertu zuen.

  

1901