Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako berdintasun-politikak partekatu ditu Aldundiak Europako Genero Berdintasuneko Institutuarekin

Gipuzkoako berdintasun-politikak partekatu ditu Aldundiak Europako Genero Berdintasuneko Institutuarekin

Berdintasuneko zuzendariak, Miren Elgarrestak, Europako Institutuko Zuzendari Nagusiarekin, Virginija Langbakk-ekin bilera izan du gaur

2016/08/01

Gipuzkoako Foru Aldundiko delegazio bat Vilniusen (Lituania) da egunotan, Genero-Berdintasunerako Europako Institutuarekin harremanak estutu eta berdintasunaren arloko esperientziak elkar trukatu asmoz. Berdintasuneko foru zuzendariak, Miren Elgarrestak, eta Kanpo Harremanetako zuzendariak, Iker Goiriak, lan-jardunaldiak izango dituzte gaur eta bihar, bi erakundeen arteko lankidetza aukera berriak aztertzeko.

EIGE, Genero-Berdintasunerako Europako Institutua, Europako Batasuneko erakunde autonomoa da eta bere zeregin nagusia da gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzea europar herri-kideen artean. Bereziki Europako Batasuneko politiken diseinu eta inplementazioan genero-ikuspuntua txertatzeko aholkua eskaintzeko ardura du, ‘Gender mainstreaiming’ kontzeptuaren inguruko ikerketak eginez eta bultzatuz. Institutuak Lituaniako hiriburu Vilniusen du egoitza.

Joan den urteaz geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun-Saileko zerbitzu-burua ikerketa horietan parte hartzen ari da, Institutuko aditu-taldearen barruan ‘National Secondment Expert’ gisa; lehen aldia da euskal erakundeek gisa honetako partaidetza lortu dutena Europa mailako politikak bertako ikuspuntu eta esperientziatik ere aberasteko.

Bi erakundeen arteko harremanak sendotzeko, Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaria, Miren Elgarresta, Institutuko Zuzendari Nagusiarekin, Virginija Langbakk-ekin, bilera egin du gaur goizean, abuztuak 2, aurrera begirako lankidetza-bide posibleak jorratzeko.

Lituaniako hiriburuan egingo den lan-saioan, gainera, EIGE-ko kideek eta Foru Aldundiko Berdintasun-zuzendariak jardun-lerro komunak aztertu dituzte. Hala nola, biolentzia matxistaren kontrako ikerketa eta sentsibilizazio-programak, edota lana eta bizitza pertsonala uztartzeko politikak izan dituzte mintzagai; hain zuzen ere, Langbakk andrea Donostian izango da urrian, Foru Aldundiak antolatuko duen erantzunkidetasunari buruzko nazioarteko kongresuan parte hartzeko.

Azkenik, bi erakundeek aparteko interesa azaldu dute genero-estatistiken arloan sor daitezkeen proiektuak elkarrekin lantzeko, besteak beste, Gipuzkoako adierazleak Europa mailako genero-indizeetan integratu daitezen lankidetza jorratzeko.

  

1597