Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako gazteak klima-aldaketaren aurka lanean

Gipuzkoako gazteak klima-aldaketaren aurka lanean

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuko “Gazteak klimaren alde” hausnarketarako eta ekintzarako foroak, ideia berriak eman eta ekintzara pasatzeko gunea sortu du, bere jarduerei profil berriak gehitu dizkie eta gazteen kezketara eta haien beharretara egokitutako gaiak bultzatzen hasi da.

Bigarren saio honetan, Foru Aldundia gazteengana hobeto iristeko modua aztertu dute, herritarren ohitura iraunkorrak bultzatzeko proiektu giltzarrietako batean.

José Ignacio Asensio: “Gazteak etorkizunaren ahotsa dira, eta gure betebeharra haiei entzutea eta haien ideiak eta ekarpenak aintzat hartzea da”.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Mónica Pedreira Ingurumeneko zuzendariak ‘Gazteak klimaren alde” foroaren bigarren saioa burutu dute gaur arratsaldean. Ingurumeneko Departamentuaren ingurumen-politikak Gipuzkoako gazteekin kontrastatu eta egokitzeko lehen foroa da. Think Tank Green Recovery-ren parte da, “Etorkizuna Eraikiz” programaren barruan, eta belaunaldi berriei hausnartzeko, kontrastatzeko eta entzuteko gune bat sortzeko sortu zen, Departamentuaren politikak eta programak berrikusi ahal izateko, gazteen ikuspuntua kontuan hartuta.

Bigarren saio honetan, gazteak ekintzara igaro dira, eta Aldundia gazteengana hobeto iristeko modua aztertu dute, herritarren ohitura iraunkorrak bultzatzeko proiektu giltzarrietako batean, esterako, KlimaBai ekimenaren kasu. Horrela, beren kezkak eta ekarpenak ezagutu ditugu eta Ingurumeneko Departamentuak gai honen inguruan egiten ari den ekintzen berri eman die. Ondoren, gazteek erronka horri irtenbidea emanen diote Aldundiak epe laburrean egin ditzakeen ekintzen bidez.

Era berean, lau profil berri gehitu dira eta hiru adituren laguntza izan da. Hauek dira profil berriak: 22 urteko gazteak, herri txikiak, lanbide heziketa eta pertsona migratzaileak. Bigarren topaketa honetan, beraz, lehenengo saioan proposatutako iradokizun eta aldaketa guztiak jaso dira, eta lehenengo saioan emandako inkestan boto gehien jaso dituen ideia landu da: Herritarren ohitura iraunkorrak sustatzea.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatua oso pozik agertu da gazteek proiektuan duten inplikazioarekin, eta bere Departamentuarentzat beren ekarpenek duten garrantzia nabarmendu du: “Etorkizuneko ahotsa zarete, eta gure betebeharra hori entzutea eta kontuan hartzea da”.

Asensiok azpimarratu du garrantzitsua dela gazteen ikuspuntua klimaren gobernantzan sartzea: “Klima-krisia belaunaldi-demokrazia eskatzen duen erronka da;  izan ere, orain hartzen ditugun erabakien menpe egongo da gure gazteen bizi-kalitatea, eta horregatik da beharrezkoa haiekin batera lan egitea gizarte berde eta jasangarria berreraikitzen”.

Foro honek urtebeteko lan-plana du, eta 18 eta 30 urte bitarteko Gipuzkoako 11 gaztek hartzen dute parte modu aktiboan. Guztiek profil desberdinak dituzte. Foroan parte hartzen dute klima-krisiarekin sentsibilizatuta dauden elkarte nagusietako ordezkariek, hala nola, Impact Hub, Surfrider, Foru Aldundiko bertako langileak eta hainbat arlotako unibertsitate-graduetako eta lanbide-heziketako ikasleak, enpresen administrazioaren ingurukoak edo komunikazio arlokoak.

“Gazteak klimaren alde” da ezaugarri horiek dituen lehen foroa Euskadin, eta politika klimatikoa gaiarekin sentsibilizatuta dagoen sektore nagusietako batera hurbiltzeko asmoz sortu da. Gipuzkoan, 100.000 gazte  inguru ditugu, Gipuzkoako biztanle guztien % 15a, eta Eurobarometroaren (2019ko apirila) azken inkesten arabera, galdetutako gazteen % 67k adierazten dute ingurumena babesteak eta klima-aldaketaren aurkako borrokak izan behar dutela Europako Batzordearen lehentasun politiko nagusietako bat datozen urteetara begira.

Bestalde, 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-datuak % 25 ingurukoak dira. Asensio diputatuaren arabera, “krisi klimatikoa krisi sozial, ekonomiko eta bizi-ohituren islada da”, eta gaineratu duenez, “ekintza klimatikoa gure eredu sozial eta ekonomikoak eraldatzean hasten da, eta, erronka klimatikoari heltzen dion heinean, etorkizun jasangarri eta kalitatezkoa bermatzen du gure gazteentzat”.

Europako Batzordearen Ekintza Klimatikorako martxan dagoen Gazteriaren Foroak erreferentzia lerroa markatzen du “Gazteak Klimaren Alde” foroarentzat. Europako Batzordeak, ekintza-esparru bat sortzen du gazteentzako programak sortuz ekintza klimatikoari buruzko proiektuetan, eta gazteei klimarako eta beren komunitateetarako neurriak hartzen laguntzen die. Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoako gazte aktiboen eta klima-arloan sentsibilizatu dauden gazteen ikuspegia txertatu nahi du, Departamentuaren beraren erreferentzia-esparru gisa.

Foro hau abian jarrita, Ingurumeneko Departamentuak  gazteen ahotsa eta ahalmena areagotzeko konpromisoa hartu du, klima-aldaketari buruz eta neurri egokiak hartzen ez badira honek gure lurraldean utziko dituen ondorio sozial, ingurumeneko eta ekonomikoei buruz.

  

1381