Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Jose Maria Ormaetxearen heriotzagatik “tristura eta samina"

Jose Maria Ormaetxearen heriotzagatik “tristura eta samina"

Markel Olano: "Euskal kooperatibismoaren sortzaileen ekarpena itzela izan da Gipuzkoaren garapen ekonomiko eta sozialerako"

Jose Maria Ormaetxea eta Markel Olano (iturria: tuLankide)

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Jose Maria Ormaetxearen heriotzagatik “tristura eta minik sakonena” adierazi du gaur. Euskal kooperatibismoaren fundatzaile taldeko kide eta Mondragon Taldeko lehen presidente, Ormaetxeak lurraldearen “giza, ekonomia eta gizarte garapenaren alde egindako ekarpen izugarria” nabarmendu du Olanok, zeinak joan den maiatzean parte hartu zuen Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak Ormaetxeari berari eta Alfonso Gorroñogoitiari eskainitako omenaldian.

Jose Maria Arizmendiarrietak garatutako balio kooperatiboen jarraitzaile eta bultzagile, Ormaetxea 1950eko hamarkadan Ulgor sortu zuen taldeko kide izan zen, gerora Arrasateko esperientzia kooperatiboaren sorburu. Gaur egun lurraldean indarrean jarraitzen duten kooperatiba askoren sustatzaile, 27 urtez Laboral Kutxako zuzendari nagusi izan zen. Ondoren Mondragon Taldearen lehen presidente izan zen, 1988 eta 1990 artean. Euskal kooperatibismoaren sortzaileei egindako errekonozimendu gisa, Ormaetxeak Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen 2005ean, Alfonso Gorroñogoitiarekin batera. Urte hartan domina jaso zuten, baita ere, Pedro Luis Uriartek eta Xabier Arzalluzek.

Diputatu nagusiak doluminak helarazi dizkie Ormaetxearen senitarteko eta lagunei, baita mugimendu kooperatibistako kide guztiei ere. “Gaur egungo Gipuzkoaren eta Euskadiren garapen soziala eta ekonomikoa, gure enpresen lehiakortasuna eta gizartearen kohesioa, ezin da ulertu kooperatibek eta haiek bultzatu zituzten pertsonek egindako ekarpen itzela gabe”, baieztatu du Olanok, zeinek nabarmendu nahi izan duen Ormaetxeak “bizitza osoan zehar erakutsitako konpromisoa balio kooperatiboekin eta gizarte aurreratu eta justu bat eraikitzeko lanarekin”.

(Argazkia: tuLANKIDE)

  

2152