Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Gipuzkoako mugikortasun berriari lotutako 15 proiektu babestuko ditu

Aldundiak Gipuzkoako mugikortasun berriari lotutako 15 proiektu babestuko ditu

‘Smart Mobility Industry’ programako laguntza ekonomikoak 690.000 eurokoak izango dira aurten

Smart Mobility Industry

Aldundiak onartu du Gipuzkoan mugikortasun berriaren sektorea bultzatzeko "Smart Mobility Industry" programari dagozkion laguntzak ematea. Guztira 690.000 euro banatuko dira, eta 20 enpresa, ikerketa zentro eta erakunde izango dira onuradun. Ekimen horren helburua da lurraldeko sare ekonomikoaren eraldaketa bultzatzea. Horretarako, mugikortasun berriarekin lotutako negozio nitxo berrietara bideratuko da jarduera; zehazki, honako hauetara: elektromugikortasuna, karga azpiegitura eta gidatze autonomoa. Gainera, lehendik dagoen enpresa ehuna sostengatuko da, eta haren dibertsifikazio eta egokitzapen gaitasuna indartuko da, erronka eta premia berriei aurre egiteko.

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak jakinarazi duenez, laguntzak hiru ataletan banatuko dira. Lehenengoak 202.396 euro izango ditu, eta bultzatuko du mugikortasun berriarekin lotutako erakustaldi teknologikoko proiektu pilotuen garapena. 8 eragilek parte hartuko duten 3 ekimen bultzatuko dira. Horietako 2 elkarlanekoak izango dira, eta horien artean daude hauek garatzea: elektromugikortasunerako eta energia laser-zelulan biltegiratzeko demostratzaile teknologikoak, kode irekiko energia adimenduna kudeatzeko sistema bat, edo ontzi elektrikoak kaian daudenean kargatzeko azpiegitura bat. Lortek, Azti, Elkor edo Usurbil eta Lezoko LHII dira parte hartzen duten erakundeetako batzuk.   

Bigarren ildoak arlo hauetako proiektuak babesten ditu: hausnarketa estrategikoa, negozioaren birorientazioa, dibertsifikazioa, eraldaketa digitala, lehiakortasuna hobetzeko azterketa, edo enpresako edozein prozesuren berrantolaketa. Kasu honetan, 75.000 euro bideratuko dira, Gipuzkoako Bazkundearen eskutik, mugikortasun elektrikoranzko eta enpresen arteko barne-ekintzailetzaranzko dibertsifikazio sektoriala sustatzeko, eta CEG enpresan aurreko ekimenetik abiatuta trazatutako ibilbide orria gauzatzeko, merkatu azterketa batetik abiatuta.

Azkenik, hirugarren ildoak berrikuntza teknologikoa du jomugan, eta aurten 412.604 euroko zuzkidura izango du guztira. Ildo horrek berrikuntza teknologikoko proiektuak bultzatzen ditu, produktu edo prozesu produktibo berriak sortzeko edo nabarmen hobetzeko, MUBIL estrategiak mugikortasun berriaren eremuan zehaztutako eremuekin lerrokatuta –elektromugikortasuna, karga azpiegitura eta gidatze autonomoa–. Aurten 7 proiektu babestu dira, eta 10 eragilek parte hartu dute, besteak beste, Kimua, Katea Legaia, Efiner, Kaize, Gureak, Ulma edo Mobilsafe enpresek.

Askotariko gaiak lantzen dituzte: zamak manipulatzeko patinete elektriko industrialen belaunaldi berri bat; trenbide-sektorerako energia biltegiratzeko sistemak muntatzeko prozesuak industrializatzea eta abian jartzea; jabeen erkidegoetan kokatutako aparkaleku pribatuen barruan ibilgailu elektrikoen kargak kudeatzeko produktu bat; kargagailu elektrikoaren azpiegitura bat, aire zabalean instalatzeko eta, horrela, ospitaleen, enpresen edo merkataritza-zentroen merkatua asetzeko; hidrogeno-pilaz elikatutako ibilgailuetan potentzia hibridoko trenen portaera simulatzeko eredu bat; edo datuak aztertu eta ikertzea, 'big data' erabiliz, gidatzean gertakari arriskutsuak saihesteko.

Gipuzkoako eragileek deialdiari emandako erantzunaren balorazio positiboa egin du Jabier Larrañagak. “Gure ekonomia indartzeko, industriaren lehiakortasuna espezializazio adimentsuaren esku uztearen aldeko apustua egin behar dugu, eta dagoeneko indargune garrantzitsuak dituzten eremuak landu behar ditugu. Mugikortasuna da horietako bat. Gure helburuetako bat da eragileen arteko lankidetza eta esperimentazioa sustatzea, arlo horretan egiten ari diren aurrerapenak ezartzera eramango gaituzten gaitasunak batzea, eta oinarri teknologikodun negozio-eredu berriak sortzea. Gure ustez, proiektuak gure enpresa sarearen eta gure ezagutza-zentroen dinamismoaren isla dira, etorkizuneko ekonomia eraikitzeko erabakigarria den eremu batean, hau da, mugikortasun berrian”.

Horrela, iaz bezala, oinarrietan baloratu da MUBIL Mugikortasun Adimendun eta Jasangarrirako Zentroak bultzatutako ekimenak dituzten proiektuen lankidetza-, koordinazio- eta lerrokatze-maila, horrela sinergiak eta zentroarekin partekatutako lana bultzatuz. Neurri horren bidez, MUBILen gaitasunak eta ezagutza maximizatu nahi dira proiektuen definizioan, hedapenean edo jarraipenean.

Diputatuak azpimarratu duenez, egungo egoera "energiaren eta erregaiaren garestitzeak markatzen du, eta egoera berri baterako indar handiagoz prestatu behar dugula gogorarazi digu. Mugikortasuna lehendik ere konektibitateak, ibilgailu autonomoak eta klima-aldaketaren aurreko deskarbonizazioak markatutako iraultzan murgilduta zegoen jada, eta bizi dugun egoeraren ondorioz, lurralde gisa egokitzeko eta indartzeko aukera emango diguten eraldaketak bizkortu behar ditugu. Automobilgintzarekin eta, oro har, mugikortasunarekin lotutako enpresa asko ditugu Gipuzkoan. Aldaketa horiek erronkak dakartzate, baina baita aukera berriak ere, eta zenbat eta lehenago aprobetxatu, orduan eta hobeto kokatuko gara, eta handiagoa izango da gizarte guztiarentzako onura".

Donostia, 2022ko abuztuaren 31

  

2822