Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak ATECEri emango dio Boluntariotzaren 2022ko Saria

Aldundiak ATECEri emango dio Boluntariotzaren 2022ko Saria

ATECEk 28 urte daramatza boluntariotza bultzatzen eta hartutako kalte zerebrala duten pertsonen alde lan egiten. Sari banaketa abenduaren 1ean izango da, Foru Jauregian.

Maite Peña foru diputatua, ATECE elkarteko ordezkariekin.

Maite Peña foru diputatua, ATECE elkarteko ordezkariekin.


Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak iragarri duenez, ATECE elkarteak jasoko du Gipuzkoako Boluntariotzaren 2022ko Saria. “Lurraldean erabat errotuta dagoen erakundea da, eta 28 urte daramatza hartutako kalte zerebrala duten pertsonen eta haien familien alde lanean”. Egunerokotasunean boluntariotza sustatzeaz gain, ATECEk gizarteari kolektibo horren errealitatearen berri emateko eta horren inguruan sentsibilizatzeko lan egiten du, eta kaltetutako pertsonak, senideak, profesionalak eta boluntarioak batzen ditu. Halaber, kolektibo horrentzako erreferentzia espazio bat sendotzea lortu du Gipuzkoan, “ez soilik alderdi terapeutikoan eta errehabilitazioan, baita ludikoan eta aisialdian ere”.

          Gipuzkoako Boluntariotzaren Sariaren helburua da jendaurrean aitortzea gizarte mailan egindako lanagatik eta boluntariotza bultzatzeagatik nabarmendu diren eta, horrela, “Gipuzkoa gero eta solidarioagoa izan dadin lan egin duten” pertsonen eta gizarte erakundeen ibilbidea, azaldu du diputatuak. Sari honen XXVIII. edizioan, Gipuzkoako Foru Aldundiak ATECEri emango dio saria. Horrela, elkarteak egindako lana eta ibilbidea aintzatetsiko ditu, bai eta boluntariotzarekiko erakutsitako konpromisoa ere.

Saria banatzeko ekitaldia abenduaren 1ean, osteguna, izango da, 18:00etan, Foru Jauregiko Jargi Aretoan. Bertan, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Gipuzkoako 2022ko Boluntariotzaren Saria emango dio ATECEri. Bi urteko pandemiaren ondoren, aurten, saria emateko ekitaldira bertaratzen den gonbidatu kopurua pandemia aurreko mailara itzuliko da, eta bide telematikoz ere jarraitu ahal izango da.

ATECEren hautagaitza Paula Azquetak aurkeztu du, hartutako kalte zerebrala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko egindako lana balioesteko eta egindako ibilbide luzea aintzatesteko asmoz, eta honako erakunde hauek osatutako epaimahai batek eman dio aurtengo saria ATECEri: Harri Beltza, DYA Gipuzkoa, Adinkide, AECC, Begisare, SOS Arrazakeria, Lagael, Hazi eta Ikasi, Afagi, eta Kemen.

ATECEk 225 pertsona inguru artatzen ditu urtean, bere zerbitzu eta programen bidez. Zerbitzu eta programa horiek, informazio eta harrera zerbitzutik hasita, laguntza psikologikoa, errehabilitazio kognitiboa, eskulan tailerrak eta logopedia eta fisioterapia zerbitzuak eskaintzen dituzte. ATECEk arreta integrala eskaintzen die hartutako kalte zerebrala duten pertsonei eta haien familiei. “Gainera, sentsibilizazio eta prebentzio lana egiten dute, eta lan hori funtsezkoa da”, nabarmendu du Maite Peñak.

Ia hiru hamarkadako ibilbidea boluntariotzarekin estu lotuta dago. Hasieran, boluntarioek osatu zuten elkartea, eta, gaur egun, senideek eta boluntarioek zuzentzen dute, gainerako bazkideekin esperientzia eta prestakuntza modu altruistan partekatuta, horrela, elkarteak hazten jarrai dezan. Maite Peñak azpimarratu duenez, ATECEk etengabeko ahalegina egiten du boluntarioak prestatzeko, haiei laguntzeko eta orientatzeko, bai eta haien lana aintzatesteko eta parte hartzeko bideak hobetzeko ere, haien lankidetza erabakiak hartzean eta proiektuak egitean ere isla dadin.

Foru diputatuaren hitzetan, Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria "oso lagungarria" da "egunero eta trukean ezer espero gabe milaka pertsonak egiten duten lan ordainezina" ikusarazteko, eta, aldi berean, boluntariotzak lurralde osorako duen "garrantziaz eta onuraz" kontzientziatzeko. "Gipuzkoa lurralde solidarioa da, 700.000 biztanle inguru gara, eta 40.800 boluntario baino gehiago ditugu". Diputatuak gaineratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarte horiei laguntzen jarraituko duela, "ezinbestekoak" baitira Gipuzkoa "lurralde gero eta berdinagoa, kohesionatuagoa eta solidarioagoa" izateko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak duela 28 urte sortu zuen Gipuzkoako Boluntariotza Saria, Gipuzkoako Hirugarren Sektore Soziala osatzen duten pertsona eta erakundeen dedikazioa eta ekarpena aitortzeko. Azken urteetako irabazleak honako hauek izan dira: AGIPAD (1999), ACASGI (2000), Gipuzkoako pentsiodunen elkartea (2001), Nagusilan (2002), Karitatearen alabak (2003), DEE (2004), CERMI (2005), Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza (2006), Juan María Garitano (2007), Izan Fundazioa–Gizakia Helburu (2008), Behar Bidasoa (2009), DYA Gipuzkoa (2010), Itxaropen Telefonoa (2011), Laringetomizatuen elkartea (2012), Odol emaileen elkartea (2013), Koldo Aulestia (2014), Gipuzkoako Elikagaien Bankua (2015), Hurkoa (2016), Atzegiko boluntarioak (2017), Jose Mari Soroa (2018), Charo Martínez Lascurain (2019), Begisare (2020), eta Kemen (2021).

  

2954