Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ecomagnet eta Wattson proiektuek eskuratu dituzte MUBIL Mobility Awards sariak, mugikortasun iraunkor eta adimendunaren arloan landutako proiektu iraultzaileengatik

Ecomagnet eta Wattson proiektuek eskuratu dituzte MUBIL Mobility Awards sariak, mugikortasun iraunkor eta adimendunaren arloan landutako proiektu iraultzaileengatik

Gipuzkoako Ecomagnet enpresak 25.000 euroko lehen saria eskuratu du, eta Madrilgo Wattson izan da bigarren (10.000 euro). Gainera, bi enpresek urtebeteko egonaldia egingo dute MUBIL ekosisteman, beren proiektua gauzatu eta 2022ko martxoan egingo den Go Mobility by MUBIL azokaren hirugarren edizioan aurkeztu ahal izateko.

Ecomagnet eta Wattson proiektuek eskuratu dituzte MUBIL Mobility Awards sariak, mugikortasun iraunkor eta adimendunaren arloan landutako proiektu iraultzaileengatik. Bi enpresek urtebeteko egonaldia egingo dute nazioartean erreferentziazkoa den MUBIL ekosisteman beren proiektuak garatzeko, CAF, Irizar e-mobility, Petronor eta Iberdrola bezalako enpresen ondoan. Ecomagnetek 25.000 euroko lehen saria eskuratu ditu, eta Wattsonek, berriz, 10.000 euroko bigarren saria.

Donostiako Ecomagnet enpresak motor elektriko zaharkituen materialak berreskuratu eta prozesatzen ditu iman iraunkorrak egiteko lur arraroak lortze aldera, motor elektriko berrietan ezinbestekoak baitira. Orain arte, iman horiek Txinan egiten dira, sistema oso garesti eta kutsagarriarekin, eta alternatiba gisa, ekonomia zirkularrean oinarritutako prozesu bat diseinatu du Ecomagnetek, baztertutako elementuak aprobetxatzeko eta iman iraunkorrak egiteko hautsa lortzeko. Horrela, fabrikazio-prozesua ez litzateke kutsagarria izango, kostu txikia izango luke, Estatuan egin liteke eta hondakin horiek aprobetxatzea ahalbidetuko luke.

Bestalde, ibilgailu elektrikoen garapena zailtzen duten oztopoetako bat gainditu nahi du Wattsonek. Horretarako, biltegiratze-sistema eramangarri batean oinarritutako kargatze mugikorreko sistema bat asmatu dute; horrela, 'Elektrolinera' bat bidali ahal izango litzateke behar den lekura. Proiektu honen xede-talde dira bai azken erabiltzaileak eta bai ibilgailu-floten operadoreak. Gainera, proiektuak Porscheren eta Iberiaren laguntza du dagoeneko.

Sariak banatzeko ekitaldian, Tabakaleran (Donostia), bi ekimen irabazleek euren proposamenak defendatu behar izan dituzte adituen panel baten aurrean, beste lau proiektu finalistekin batera. Epaimahaiak horien guztien kalitatea azpimarratu du.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak parte hartu du sari-banaketa ekitaldian, eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak hitza hartu du: MUBIL "konbikzio sendo" baten emaitza dela azpimarratu du; izan ere, "etorkizuneko ekonomiaren aldeko apustua" da, industria ardatz duen eta klima-aldaketari erantzuna ematera bideratutako esfortzuak egiten ari den lurralde batean gauzatua. "MUBIL Europan mugikortasun berriaren abangoardian kokatzea nahi dugu. Industriaren arloan sendoak gara, berrikuntzarako gaitasuna eta ezagutza aurreratua baititugu. Horri esker, MUBIL errealitate bat da, anbiziotik mugikortasun berriari lotutako industria bultzatzen ari dena, gaur banatu diren sariek erakusten duten bezala", adierazi du ahaldun nagusiak.

Halaber, MUBIL Mobility Awards sarien lehen edizioaren "arrakasta" eta aurkeztutako proiektuen "maila oso altua" goraipatu ditu ahaldun nagusiak. "Parte hartzen duten ekimenek etorkizuneko mugikortasuna nolakoa izango den erakusten digute. Ziur nago, enpresen, teknologia-zentroen, unibertsitateen eta erakundeen arteko lankidetzaren bidez, aurrera egiten jarraituko dugula ekonomia berde baterantz, eta kalitatezko enplegua sortu eta gizarte jasangarriago baterantz hurbilduko garela", adierazi du Olanok. Gainera, MUBIL Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan sortu dela eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza duela gogorarazi du.

Bestalde, Ane Insausti MUBILeko zuzendariak azpimarratu duenez, sari ekonomikoaz haratago, abantaila handiena da urtebetez MUBIL ekosisteman parte hartu ahal izatea. Horrez gain, adierazi du ekosistema horretara proiektu berriak batzea eta eragile guztien arteko lankidetza funtsezkoak direla MUBIL mugikortasun berrian nazioarteko erreferente bihurtzeko helburua lortzeko.

Ekitaldia Antonella Brogliak gidatu du, berrikuntza sozialaren arloan nazioarteko erreferentzia denak, eta MUBIL hirien garapen jasangarri eta inklusiboari dagokionez "eredugarria" dela esan du, elkarlan publikoa eta pribatua bateratzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko alternatiba bideragarriak proposatzeko gai delako. "Klimari dagokionez, alerta-garaian eta ia denborarik gabe gabiltzala, MUBILek argi erakusten du oraindik ere aldaketak eragin ditzakegula benetan nahi badugu", baieztatu du.

 

Finalistak

Ecomagnet eta Wattson enpresekin batera, beste lau proiektu iritsi dira finalera, sariketan parte hartu duten 28 ekimenen artean. Besteak beste, Bartzelonako Bia Powerren proposamena zegoen, ibilgailu elektrikoen karga optimizatzeko software plataforma baten garapenean oinarritzen dena, energia hornidura ahalik eta jasangarriena eta ekonomikoena izan dadin. Dagoeneko martxan dagoen ekimenak adimen artifiziala du ardatz, sare elektrikoaren eta kargatzeko puntuen egoera detektatzeko eta, aldi berean, mix energetikoa garbiagoa eta tarifa elektrikoa merkeagoa den uneetan kargatzea sustatzeko.

Beste finalistetako bat Proven donostiarra izan da, ibilgailu autonomoen garapena arintzeko datuak baliozkotzeko plataforma bat garatzen ari dena. Sistema batek gidariari laguntzea edo segurtasun osoz modu autonomoan zirkulatzea ahalbidetzen duten prozesuak oso luzeak, garestiak eta konplexuak dira; horregatik, enpresa honek azpiegitura bat sortu du ikusmen-sentsoreetatik datozen bilioi datuak modu eraginkorragoan kudeatzeko eta gordetzeko. Horrela, lagundutako autoen eta ibilgailu autonomoen ekoizpen-kostua askoz merkeagoa izango da, eta lehenago iritsi ahal izango dira merkatura.

Bestalde, Bizkaiko Asimob enpresak errepidea automatikoki ikuskatzeko sistema bat garatu du, bidearen ikuspen eta egoera egokiak modu sistematikoan egiaztatzeko. Bere proiektuaren helburua gidatzearen arriskua murriztea da, batez ere bigarren mailako errepideen sarean, bertan gertatzen baitira trafiko-heriotza gehienak. Gaur egun, errepide-sarea mantentzeaz arduratzen direnak errepideetan zirkulatuz egiten dute euren lana, eta arazoen erregistroa eskuz egiten dute. Enpresa honen proposamena ibilgailu horietan bertan ekipo arin bat instalatzea da, ibilbide osoaren irudiak automatikoki jasotzeko. Ondoren, ikuspen artifizialeko modeloekin aztertuko dira, seinaleak egoera onean daudela bermatzeko.

Seigarren finalista Ox Riders bizkaitarra izan da, % 100 elektrikoa eta adimenduna den motozikleta bat egiten ari dena. Ibilgailu hori edozein entxufetan kargatu ahal izango da, eta diseinu bereziki zaindua du. Gainera, fabrikazioan Estatuan landutako osagaiak erabiliko lirateke % 80n. Proiektua oso aurreratuta dago, eta dagoeneko itxarote-zerrenda dago Espainian, Frantzian eta Portugalen, eta urrian hasiko dira lehen unitateak jasotzen.

MUBIL Mobility Awards sarien laguntzaile dira BIC Gipuzkoa, Indar, IBIL, Innoenergy eta Urban Mobility Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak (EIT), CIDETEC, Euskadiko Energia Klusterra, Gipuzkoako Bazkundea eta MLC ITS Euskadi Mugikortasun eta Logistika Klusterra, baita aipatutako CAF, Irizar e-mobility, Petronor eta Iberdrola ere.

  

2187