Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasun elektrikoan erreferente izateko estrategia, abian

Mugikortasun elektrikoan erreferente izateko estrategia, abian

40 eragile baino gehiagok hartu du parte estrategiaren osaketan

Estrategiaren aurkezpena

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, gaur goizean Hernanin aurkeztu dute mugikortasun elektrikoaren garapenerako lurralde estrategia, zeinetan parte hartu duten, azken hilabeteotan, 40 alorreko 40 eragile, enpresa, teknologia-zentro eta erakundek. Olanok jakinarazi duenez, lurralde estrategia honen bitartez, Gipuzkoa 2025erako mugikortasun elektrikoan eta energia metatzean erreferentzia industrial bilakatu nahi da, eta horretarako hainbat lan lerro eta egitasmo proposatzen ditu dokumentuak, enpresa sustapena, ekintzailetasuna, berrikuntza eta inbertsioak erakartzea, besteak beste.

Mugikortasun Elektrikoaren Industria Garapenerako Gipuzkoako Estrategia hiru ardatz estrategikotan banatzen da, garapen industriala eta teknologikoa bultzatzeko, azpiegiturak eta gaitasunak bultzatzeko, eta  gure lurraldea munduan kokatzeko mugikortasun elektrikoa eta energia metatzearen alorretan.

“Gure auzo eta hirietan mugitzeko ditugun ohitura eta baliabideak aldatzen ari dira. Eta Gipuzkoak biltzen ditu ezaugarriak mugikortasun jasangarriaren eta energia metatzearen alorretan sortzen ari den aukera-eremu hau probesteko. Galdu ezin dugun aukera da, izan ere”, azpimarratu du diputatu nagusiak, jardunaldiaren irekieran, enpresa, unibertsitate eta erakundeetako 60 ordezkariren aurrean.

Izan ere, Gipuzkoak “munduan erreferentzia” diren enpresa traktoreak ditu mugikortasunarekin zerikusia duten garraio eta ekipamendu ondasunen alorrean. Orobat daude lurraldean lehen lerroko zenbait teknologia zentro eta ikertzaile zentro, energia biltegiratzearen eta kudeaketa elektrikoaren ikerketan ibilbide nabarmen bat dutenak. Horren lekuko, Irizarrek Adunan autobus elektrikoak fabrikatzeko martxan jarriko duen lantegi berria, CAFek autobus hibridoak eta elektrikoak egiteko hartu duen bidea, Vectiaren bitartez, eta Cidetec eta Petronorren arteko aliantza garrantzitsua, bateria elektrikoen alorrean ikerkuntza bultzatzeko.

“Zuek dagoeneko egiten ari zareten apustuak sendotu eta indartu behar ditugu, aktibitate berria eta lanpostu gehiago bihurtzeko, Gipuzkoa etorkizuneko sektore honetan garapen gune bilakatu dadin”, baieztatu du.

Gure auzo eta hirietan mugitzeko ditugun ohitura eta baliabideak aldatzen ari dira. Eta Gipuzkoak biltzen ditu ezaugarriak mugikortasun jasangarriaren eta energia metatzearen alorretan sortzen ari den aukera-eremu hau probesteko. Galdu ezin dugun aukera da.

Azken hiru hilabetetan egindako hiru lan-dinamikaren ondorioa da gaur aurkeztutako dokumentu estrategikoa, zeinetan parte hartu duten mugikortasunera eta energiara lotutako 40 eragilek. Jarritako helburuen artean, estrategiak bilatzen du lurraldea living lab bilakatu dadin mugikortasun elektrikoa eta energia metatzean. Baita ere, bultzatu nahi da lurraldean existitzen diren gaitasun zientifiko-teknologiko eta industrialak lerrokatzea, ekonomia aktibitate berria sorrarazi dezaten, estrategiaren garapena gauzatuko duen lankidetza-sarea sortzea, ezagutza transferentzia hauspotuko duten mekanismoak sortzea, eta negozio nitxo berriak sustatzea.

Gipuzkoako diputatu nagusiak bere gain hartu du estrategia hau gauzatzeko baliabideak bideratzeko konpromisoa, beti ere Aldundiaren aukera eta eskuduntzen ikuspegitik. Alor horretan, gogorarazu du mugikortasun elektrikoa dela Foru Aldundiak legealdi honetan egingo duen apustu estrategiko nagusietako bat, etorkizuneko desafioei aurre egiteko Etorkizuna Eraikiz gobernantza eredu berriaren baitan. Testuinguru horretan, “lankidetza eremuak” sortzeko beharra azpimarratu du, eta gogorarazi du “elektromugikortasunaren eremuan berrikuntza eta experimentazioa” bultzatzeko gune bat sortzeko konpromisoa berretsi du. Horixe da, hain justu, Mugikortasun Elektrikoaren Industria Garapenerako Gipuzkoako Estrategian jasotako egitasmoetako bat.

Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk,  gogorarazi du Foru Aldundiaren lehentasunetako bat dela “etorkizun handiko” industria-sektoreetan aktibitatea bultzatzea, “enpresa eta kalitatezko lanpostu berrien sorrera” sustatu asmoz. Horretarako, Gipuzkoak “inbertsioa eta talentua” erakartzeko lan egingo du, azpiegituren eta legediaren egokitzea ahaztu gabe”. Mugikortasun elektrikoari lotutako industriaren garrantziaz herritarrak sentsibilizatzeko jarduerak, baita ere. 

  

2242