Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasunari buruzko bi azterketak aztertu dute Plazaoako bide berdearen erabilera, haren jasangarritauna hobetzeko

Mugikortasunari buruzko bi azterketak aztertu dute Plazaoako bide berdearen erabilera, haren jasangarritauna hobetzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak eskatutako bi azterketa aurkeztu dira gaur goizean Andoainen, 30 bat lagunek parte hartu duten lan-jardunaldi batean.

2019/11/22

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Plazaola-Leitzarango Bide Berdearen errealitate turistikoa kudeatzeko ereduari buruzko lan-jardunaldia antolatu du ostiral honetarako Leitzarango Bisitarien Etxean. Lan-jardunaldi horretan, kudeaketaren garrantzia aztertu da, jarraitutasun jasangarria ziurtatzeko funtsezko elementua den heinean. Bide berde horren inguruan egindako bi azterketa aurkeztu dira: lehena, Plazaolako bide berdearen erabiltzaileei buruzkoa, eta, bigarrena, bide berdeko mugikortasun-ereduari buruzkoa.

 

Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eman dio hasiera ekitaldiari; Plazaolako natura-altxorraren balioa nabarmendu du eta haren kudeaketaren atzean dagoen erakunde arteko lana azpimarratu du. “Bide Berde hori Gipuzkoa eta Nafarroa artean luzatzen denez gero, behar-beharrezkoa da Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Nafarroako Gobernuaren, udalen, eskualdeko garapen-agentzien, turismo-eragileen eta bizikletaren sektoreko erakundeen arteko lankidetza. Izan ere, soilik elkarlanean arituz aprobetxa eta zain daiteke behar bezala natura-baliabide hori, eta soilik elkarlanean arituz jar daiteke abian kultura- eta paisaia-ondare gisa leheneratzeko beharrezkoak diren jarduerak; era berean, soilik elkarlanean arituz egoki daiteke ondarea, bisitariak erakartzeko eta horrekin lotzen diren jarduerak sustatzeko (bizikletak alokatzea edo konpontzea esate baterako). Bide berde horren atzean aberastasuna sortzeko eta tokiko ekonomia-jarduera sustatzeko aukera dago”.

 

Mugikortasuneko diputatuak hitz egin ondoren, Plazaola-Leitzarango Bide Berdeko txirrindulari erabiltzailearen profilaren azterketa aurkeztu da, baita Plazaola-Leitzaran bide berdearen mugikortasunari eta turismo-garapenari buruzko azterketa ere. Bi azterketa horiek Miren Arrigain Bizibiziki erakundeko komunikazioan eta turismo jasangarriko ikerketan adituak egin ditu.

 

Bisitarien profila

Azterketa horietatik oso datu interesgarriak ondoriozta daitezke, hala nola bisitarien % 40 zikloturistak direla eta haien motibazio nagusia Plazaolako bide berdea ezagutzea dela. Talde horren barruan, egun bateko bizikleta-txangoa egiten duen zikloturista da tipologiarik nagusiena, alde handiz gainera.  Bestalde, bisitari zikloturisten % 5 familia-segmentuarekin lotzen dira, eta gainerakoak banatzen dira mountain bikeko zikloturisten eta espezializatuagoa den kiroleko mountain bikeko zikloturisten artean.

 

Datuek erakusten dute, halaber, bisitarien % 94 nazionalak direla, eta ehuneko horretatik soilik % 22 direla gipuzkoarrak; hartara, bisitarien % 72 beste probintzia edo autonomia-erkidego batzuetakoak dira. Gainerako % 6a nazioarteko bisitariak dira, batez ere Frantziatik, Alemaniatik eta Belgikatik etorritakoak.

 

Ostatuak eta erabilera-denbora

Plazaola-Leitzarango bide berdea bisitatzen duten turisten % 60k Gipuzkoan hartzen dute ostatu, eta gero daude Nafarroan eta Bizkaian ostatu hartzen dutenak. Gipuzkoan ostatu hartzen dutenen % 40k Donostian egiten dute.

 

Gainera, bisitarien % 23k 1 ordu eta 2 ordu artean ematen dute bisitan; bisitarien erdiek baino gehiagok, % 56k, 3 ordu eta 4 ordu artean ematen dute, eta % 21ek 4 ordu baino gehiago (horietatik % 19,7k 5 ordu eta 6 ordu artean).

 

Bide berdera iristeko modua

Bide berdearen erabiltzaileen % 47k aditzera eman dute haien etxetik bertatik iritsi direla bizikletaz bide berdera; kasu horietan ondorioztatzen da tokiko eta hurbileko bisitariak direla. Aitzitik, % 45ek adierazi dute norberaren ibilgailuan iritsi direla, eta % 8k garraiabide gisa trena erabili dutela Andoaineraino eta bertatik iritsi direla bide berdera. Gaur egun, beraz, argi dago garraio pribatuaren erabilera nagusitzen zaiela beste aukera jasangarriagoei. Hori dela eta, egindako azterketak berak alternatibak eta ekintzak planteatzen ditu konexio hobea ahalbidetzeko eta bide berdera zuzendutako intermodalitatea hobetzeko.

 

Kontuan izanik, erabiltzaileen % 85,5 txangoa egingo duten bisitariak direla (hurbiltasunekoak bereziki) eta % 19,4 tokiko erabiltzaileak direla, interesgarria izango litzateke bide berdera iristeko bestelako garraiabideen erabilera sustatzea. Komunikazioa eta sentsibilizazioa ondo lantzea proposatzen da, bide berdera nola irits daitekeen behar bezala azaltzeko eta mugikortasun jasangarriko aukerak ikusarazteko.

 

Bestalde, bizikletaz iristea errazteko, proposatzen da Andoainen alokairuko bizikletak jasotzeko eta entregatzeko gune bat jartzea, gaur egun dagoen Leitzarango Bisitarien Etxeaz gain (Otieta parkea).

 

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak etorkizunean Plazaola-Leitzarango Bide Berdea indartzeko aurreikusi dituen ekintzen artean, nabarmentzen da Gipuzkoako ikastetxeei zuzenduko zaien sentsibilizazio-kanpaina bat egitea eta bide berde horretako mugikortasunari buruzko azterketa bat egitea. Egindako bi azterketa horien datuak eta ondorioak lagungarriak izango dira bide berdearen erabilera optimizatzeko eta erakundeen arteko lankidetza errazteko, betiere prestazioak hobetzera begira eta erabiltzaile gehiago erakartzera begira.

 

 

 

 

  

1370