Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Politika Orokorreko hitzaldia

Politika Orokorreko hitzaldia

Markel Olano diputatu nagusiak Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako hitzaldia, 2020ko irailaren 29an.

2020/09/30

Pentsatuko duzuenez, gaurkoa ez da ohiko politika orokorreko mintzaldi bat izango. Bizi dugun salbuespenezko egoerarekin bat egin nahi nuke gaurko nire mintzaldian.

Horregatik, hurrengo minutuetan, agintaldiko lehen urteko ildo nagusiak azaltzen saiatuko naiz, eta pandemiaren ondorioz sortu den egoerari aurre egiteko diseinatu dugun ibilbide orria xehatuko dut, gure lurralderako norabide egokia eta zuzena emateko.

Agerraldi honi hasiera emateko, oso aipamen berezia egin nahi diet COVID-19a eta haren ondorioak gertutik pairatu dituzten guztiei. Orain dela hilabete gutxi arte hain ezezaguna zen gaixotasunak 360 hildako baino gehiago utzi ditu Gipuzkoan, eta beste 10.200 gaixo edo diagnostiko positibo izan dutenak. Horiei guztiei eta haien hurbilekoei lehen hitz hauek eskaini nahi dizkiet, eta gure laguntza, elkartasuna eta hurbiltasuna adierazi.

Hilabete gogorrak izan dira eta izaten ari dira, eta familia askok benetako dramak jasan dituzte. Badakigu batzuek ezin izan dituztela agurtu beren hurbilekoak; milaka pertsonak gaixotzeko beldurragatik larritasun asteak bizi izan dituztela; milaka lagunek lana galdu dutela eta beste askok ilusioz aspaldi hasitako negozioaren ateak itxi behar izan dituztela. Badakigu lan eta ekonomia arloko ziurgabetasunak herritar gehienen kezka larria sortzen duela, eta badakigu, halaber, gipuzkoarrek kezkatuta begiratzen diotela hemendik aurrera etor daitekeenari. 

Jaun-andreok, oso argi hitz egin nahi nuke, itzulingururik gabe: hilabete zailak espero ditugu.  Izugarri zailak. Arduradun publiko garen aldetik, unea irakurtzen jakin behar dugu, eta ausartak izan erabakiak hartzerakoan. Tribuna honetatik egoera hau gainditzeko nire konpromiso osoa erakutsi nahi dut, bai eta nire gobernu talde guztiarena ere. Egoera okerrenak pairatzen ari direnengandik gertu egoteko eta lurraldea arlo sozialean zein ekonomikoan berraktibatzeko ahalegin guztiak egingo ditugu.

Politikara iritsi nintzenetik –eta honezkero urte batzuk igaro dira–, inoiz ez diogu aurre egin behar izan COVID-19tik eratorritako halako egoera konplexu bati. Ehunka hildako, milaka gaixo, alarma egoera, ekonomia bat-batean geldirik, milaka lanpostu galduta, kutsatze olde berrien beldurra, ziurgabetasun orokorra eremu guztietan... Agertokia benetan gaiztoa eta ezezaguna izaten ari da. Baina, beste behin ere, gure lurraldea egoera makur honi aurre egiteko bere lekuaren bila ari da.

Ez zait gustatzen orokortzea, baina ausartuko nintzateke esaten Gipuzkoa, oro har, pertsonen komunitate gisa, asmatzen ari dela behar bezala jokatzen. Gure gizartearen gehiengoak modu arduratsuan jokatu du, baina munduko gainerako lekuetan bezala, gutxiengo bat ez dago prest betebeharrak bere gain hartzeko. Salbuespen izan arren, Gipuzkoak ez ditu horrelako jokabideak onartuko.

Gehiengoak, ordea. beste jokabide bat izan du. Azken sei hilabete hauetan jende askorekin egon naiz, hainbat eremu eta sektoretako pertsonekin, orobat aurrera egiteko lanean buru-belarri ari direnekin. Egunero negozioak irekitzeko, enpresak zutik mantentzeko eta gure gazteak hezten jarraitzeko egiten ari den ahaleginaren berri izan dugu.

Denbora horretan Gipuzkoan pandemiaren ondorio larriak arintzeko onena eman dutenak aipatu nahi nituzke bereziki. Osasun langileak, gure balkoietatik astez txalotu ditugunak; gure adinekoak zaindu dituztenak; egunero oinarrizko zerbitzuak ematera irten zirenak; etxean zazpi astez geratu zirenak, haur txikiekin, gaixoekin edo beren ardurapean dituzten mendeko pertsonekin; etxetik lanean aritzeko korapiloak askatu eta oztopoak saihestu behar izan dituztenak.

COVID-19a gure bizitzara iritsi zenetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak bereak eta bost egin ditu pertsonengandik gertu egoteko eta une bakoitzean behar izan diren neurriak hartzeko. Akatsak egingo genituen, ziur aski, baina ziurtatzen dizuet departamentu bakoitzak, bere diputatuekin, zuzendariekin eta teknikariekin batera, bere onena eman duela ahalegin honetan. Eta lurraldeko gainerako erakunde eta elkarteekin lankidetzan egin dugu. Beti defendatu izan dugu Gipuzkoa izan behar zela desberdintasun tasarik txikienetakoa duen Europako lurraldeetako bat. Eta orain, krisiaren eraginez desberdintasunak areagotzeko benetako arriskua dagoenez, inoiz baino gehiago, batera lan egin behar dugu pandemiaren ondorioz helburu horrek ez dezan erreka jo.

 

Legegintzaldiaren hasiera

Hamabost hilabete igaro dira inbestidura mintzaldia irakurri nuenetik. Eta aitortzen dizuet: badirudi gutxienez bost urte edo gehiago igaro direla. Nork esan behar zigun mundua hainbeste eta hain azkar aldatuko zenik, hain ezezaguna den pandemia baten ondorioz? Ez zegoen pentsatzerik ere. Eta horregatik, 2019ko ekainaren 28an, ilusioz betea agertu nintzen aurrean genituen lau urteekin. Eta ez zen gutxiagorako.

2008ko krisiaren ondoren, datu ekonomikoak berriro itxaropentsuak ziren Gipuzkoan, eta tribuna honetatik konpromisoa hartu nuen ekonomia arloan lurralde lehiakorragoa eta gizarte arloan kohesionatuagoa lortzeko lanean jarraitzeko. Etorkizunari begira egongo den lurraldea, gizarte aldaketak ongi ulertzen eta haietara egokitzen jakingo duena.

Aurreko legegintzaldiko esperientzia izan genuen oinarrian, 180 graduko bira egin baikenion Gipuzkoari. Hondakinen eta errepideen arloko egiturazko arazoak gaindituta, gure lurraldea posizio onean jartzeko proiektu politiko bat hedatu ahal izan genuen. Etorkizuna Eraikiz ekimenarekin jauzi kualitatibo bat eman, eta gure agenda politikoa Europako herrialde aurreratuenekin lerrokatu genuen. Digitalizazioa, zibersegurtasuna, kontziliazio erantzunkidea, berreskuratze berdea. Erronka berriak garai berrietarako. Desafio horiek Kudeaketa Planean jaso ziren, modu parte hartzailean, garatu beharreko 55 helburu estrategiko eta 400 ekintza definituta.

Gainera, legealdiaren hasieran datu makroekonomikoak alde genituen (langabezia, per capita errenta, esportazioak, zerga bilketa eta GINI indizea) eta ibilbide orri berria zabaltzeko aukera ematen ziguten.

Aldeko diagnostiko batekin eta hauteskundeetan herritarrek emandako babesarekin, duela 15 hilabete Batzar Nagusi hauetara etorri nintzen, ondo definitutako ibilbide orri batekin, Gipuzkoa are gehiago indartzeko asmoz. EAJk eta PSEk adostutako gobernu programa aurkeztu nizuen, ondo definitutako 13 helburuekin, geroago, legealdirako diseinatu genuen Kudeaketa Plan Estrategikoan jasotakoak.

Planteamendu programatikoa argia zen eta hala izaten jarraitzen du: Gipuzkoaren etorkizuna finkatzea.

Orduan, COVID-19ari buruz hitz egiten ere entzun ez genuenez, garai zalantzagarriak eta aldaketa sakonak iragarri genituen. Egoera hori handitu besterik ez da egin. Desafekzio politiko handi bat dago eta gizartearen haserrearen urak beren errotara bildu nahi dituzten planteamendu politiko hipersinplifikatuak izateko arriskua dago. Euskadin eta Gipuzkoan aldaketa handiak izaten ari gara, Herri eta lurralde gisa erantzun beharreko galdera izugarriak ditugu aurrez aurre.

Une honetan ditugun hiru eginkizun larriei buruz hitz egin nahiko nuke labur-labur: lehenik, kultura demokratikoa suspertzea; bigarrenik, elkarlaneko gobernantza ezartzea; eta, hirugarrenik, euskal sistema instituzionala defendatzea eta balioestea.

Lehen erronka demokrazia suspertzearekin dago lotuta. Gure herriaren azken urteetako historiaren ezaugarri nagusi izan dira ETAren terrorismoaren eta gainerako bortizkerien ondorio izugarri eta dramatikoak. Gaur, zorionez, garai politiko berri bat bizi dugu. Baina orrialdea pasatzeko premia sozial eta politikoak ezin du alde batera utzi autokritika politikoa, etorkizuneko belaunaldientzat pedagogia demokratikoa indartu nahi badugu behintzat. Era berean, ezin dugu pentsatu bizikidetza demokratikoa bere kabuz antolatzen denik kultura demokratikoa herritarren artean etengabe sozializatu gabe eta inolako ahaleginik egin gabe.

Eta beste gai bat ere badago: edozein prozesu komunitario planteatzerakoan beldurrak eta indarkeriak eragin duten nekea eta akidura soziala eragin zuzena izaten ari da gure herritarren desaktibazio eta desmobilizazio zibikoan.

Beraz, beharrezkoa da demokrazia suspertzearen alde lan egitea, gure herritarrak izan daitezen demokrazian sakonki sinesten dutenak, gaitasun kritikoa dutenak, komunitatean parte hartzen dutenak, konplexutasun demokratikoaren jakitun, eta tentazio totalitarioetatik ihes egiten dutenak.

Etorkizunak eginkizun berriak dakarzkio demokraziari: aniztasuna bizitzaren arlo guztietan, agenda politiko berri bat klima aldaketari edo gizarte desberdintasunei aurre egiteko, eta abar. Horretarako, ezinbestekoa da herritarrak ahalduntzea eta pertsona guztiak komunitate politikoan integratzea, inolako bazterkeriarik gabe.

Bigarren erronka gobernantza ereduekin dago lotuta. Argi dago egungo sistema instituzionala eta administrazio publikoak sakonki berraztertu behar direla ikuspegi horretatik. Argi dago gobernu onaren kodea eta dimentsio etikoa txertatu behar direla deliberazioan eta ekintza publikoan; baina hori bezain argi dago, baita ere, egitura publikoek lankidetza sistemak ezarri behar dituztela gizarte antolatuarekin eta herritarrekin, espazio erkidea indartzeko. Espazio publikoa ezin du administrazio publikoak bakarrik kudeatu.

Demokraziaren etorkizuna ziurtatzeko nahitaezkoa da, neurri batean edo bestean, eztabaida guneak birformulatzea, politika publikoak inklusiboagoak izan daitezen. Gipuzkoaren sustraiak zentzu komunitario sakon batean eta gizarte zibilaren bizitasunean errotzen dira.

Oinarri hori baliatu behar dugu garai politiko berri batean elkarlaneko gobernantza sistema bat eraikitzeko. Etorkizuna Eraikiz programaren bidez, helburu horretara bideratutako hainbat ekimen jarri ditugu abian, baina haratago joan behar dugu, egunez egun aktore politiko eta sozial gehiago txertatuz.

Hirugarren eginkizuna gure autogobernu sistemaren balioa nabarmentzea eta ahalduntzea da. Bizi duguna bezalako krisi bat  gertatzen denean, herritarrentzat garrantzitsuena da berehalako konponbideak ematea; datozen lekuetatik datozela, datozen bezala datozela. Berdin da krisi ekonomikoa edo pandemia bat izatea. Badirudi erantzun guztiak bideratu behar dituen antolaketa politikoari buruzko eztabaida bigarren mailako kontu bat dela, edo, gehienera ere, agertoki politikoan ebatzi beharreko gai bat.

Alabaina, nire ustez, instituzionalizazio politikoak berebiziko garrantzia du kudeaketa hurbila eta eraginkorra bermatzeko. Gure erakunde sistemari buruz ari naiz.

Trantsizio politikoan Gernikako Autonomia Estatutua onartu zen, gure herriaren eskubide historikoak eguneratuta. Gure arrakastekin eta gure akatsekin, euskal erakundetzeak  autogobernu maila handi bat ekarri du, erkidego bereizi gisa garatzeko aukera eman diguna. Autogobernuak bizi kalitate eta ongizate handiagoa ekarri du, baina baita nortasun kolektibo bereizia duen herrialde baten borondate kolektiboari erantzuteko aukera ere. Sistema instituzional horren adierazgarririk handiena, zalantzarik gabe, Ekonomia Ituna da.

Urte luze hauetan, ez-betetzeak egon dira, estrategia zentralizatzaileen bidez ahultze ahaleginak egin dira eta, era berean, deslegitimazio ahaleginak egin dira, argudiatuta Gernikako Estatutua subiranotasun konstituzionalean txertatzen zela, euskal herriaren gogoak eta nahiak albo batera utzita. Ez da gurea kasu bakarra, atzo bertan Kataluniako presidentearen inhabilitazioarekin ikusi genuen bezala. Honen aurrean, beste behin ere nire elkartasuna adierazi nahi diot Kataluniako herriari.

Higadura ahalegin horien guztien aurrean, euskal autogobernuak legitimitate handia du gaur egun. Eta nire ustez, horretan sakontzen jarraitu behar dugu, beharrezko akordioak bilatuz, baina euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko duen borondateari uko egin gabe.

Autogobernu gehiago izateak gure etorkizunari heltzeko gaitasun handiagoa ematen digu. Eta etorkizunak gaitasun ekonomiko, politiko eta sozial handiagoa izatea eskatuko digu. Egia da gero eta interdependenteagoak izango garela, baina, horretarako, lehenik eta behin, izan egin behar dugu, eta izateak esan nahi du erabakitzea.

Legebiltzarrean hasi berri den legegintzaldiak gai horri heltzeko balio beharko luke, ahalik eta adostasun handiena bilatuz, eta Herri honen gehiengoaren borondatea errespetatzeko prest ez dauden aukeren beto eskubidea saihestuz.  

COVID-19a Gipuzkoara iristea

Analisi hori eginda, legegintzaldia gogor hasi genuen, ideiak argi eta ondo definitutako plan estrategiko batekin.

Aho zapore onarekin hurbildu ginen, egia esateko, urte amaiera aldera. Zikloaren hasieran egin beharrekoak ongi landu izanaren uste osoarekin. Hurrengo ekitaldirako aurrekontuak onartu genituen, eta Aldundia prest zegoen urtea indarrez abiarazteko, ideia argiekin eta ondo mugatutako ibilbide orri batekin.

Baretasun horrekin agurtu genuen 2019a, Gabonetako urteko jaiak eta sariak ospatu genituen, hala nola boluntariotzarena edo lurraldeko emakumezko enpresaburu eta ekintzaileei eman genien urrezko domina, Aspegik ordezkatuta. Urtearen amaiera beti izaten da berezia Gipuzkoako Foru Aldundian. Eta iaz ez zen salbuespena izan. Wuhanen kokatutako merkatu txinatar urrun batetik iristen ziren lehen berriek ez ziguten iragartzen zer etorriko zitzaigun. 

Hilabete geroago, urtarrilaren amaieran, gizateriarentzat guztiz ezezaguna zen birus horrek izan zezakeen garrantziaz jabetzen hasi ginen. Espainiako gobernuak urtarrilaren 31n baieztatu zuen COVID-19aren lehen kasua, eta otsailaren 27an lehenengo bi kasu diagnostikatu ziren Euskadin, horietako bat Gipuzkoan.

Une hori, zalantzarik gabe, nahitaezko mugarri bat da, iragana eta oraina banatzen dituena, legealdiko lehen urtearen errepaso honetan. Gure beldurrik handiena gorputz hartzen ari zen. Koronabirusa gure artera iritsia zen, eta ahalegin guztiak haren aurka batu behar ziren.

 

Gizarte arloko erantzuna

Egun horretatik aurrera, Aldundia, eta bereziki Gizarte Politiketako departamentuaren Txarako egoitza, operazio areto handi bihurtu zen: bertatik diseinatu eta zuzentzen dira pandemiari aurre egiteko foru protokoloak, planak eta jarraibideak. Lehenengo lehentasuna herritarren osasuna, ongizatea eta bizitzak babestea zen eta hala izaten jarraitzen du, bereziki talde zaurgarrienak, besteak beste, Aldundiaren zaharren egoitzetan bizi diren 5.000 adinekoak.

Ordu asko beharko nituzke Aldundiak denbora honetan hartu dituen erabaki guztiak zerrendatzeko, baina ez dut horrenbesteko denborarik. Beraz, eremu sozialarekin eta ekonomikoarekin lotutako erabaki garrantzitsuenak aipatuko dizkizuet, eta zuen esanetara egongo naiz, erantzuteko txandan sakondu nahi izanez gero.

Pandemiaren asterik gogorrenak eta horietan ikasitakoa kontatu nahi dizuet, batez ere hurrengo hilabeteei begira.

Hasiko naiz, noski, gizarte arloarekin: Gizarte Politiketako Departamentuak egoitzen eta eguneko zentroen lehen protokolo espezifikoa argitaratu zuen, otsailean ezarritako lehen neurrien ondoren. Osakidetzarekin koordinatuta egin genuen, Gipuzkoan COVID-19aren lehen kasua berretsi eta sei egunera. Neurri horiek indartu egin ziren martxoaren 13an, egoitzetako bisitak bertan behera utzi baitziren.

Berriro diot: lehentasuna izan da, eta oraindik ere hala da, pertsona zaurgarrienak babestea birusaren aurrean. Horregatik, eta erabaki horiek milaka pertsonaren egunerokotasunari eragiten ziotela jakinda, une bakoitzean beharrezko guztia egin genuen.

Aitortuko dizuet ez dela batere erraza izan. Erabat jabetzen gara egoitzak iltzez eta giltzez ixtea oso gauza mingarria dela. Pertsona maiteengandik bereiztea zaila bada, pentsa ezazue zer esan nahi duen zaharren egoitzetan bizi diren adinekoentzat. Baina egoera batzuetan ez dago beste irtenbiderik, pertsona horien bizitza babesteko. Eta, beharrezkoa izan zenean, ondorioak arintzen saiatu ginen, komunikazio kanal berriak abian jarriz, hurbileko pertsonekin harremanetan egon ahal izateko.

Martxoko eta apirileko egun haiek benetan zailak izan ziren. Birusa aurrera egiten ari zen, eta haren aurkako euste-horma bat eraiki behar genuen, berandu gabe.

Horri buruz hartu genuen lehen erabaki nagusia Talka Plan bat onartzea izan zen, maila globalean aurrekaririk ez zuen egoera bati modu estrategikoan eta koordinatuan erantzun nahi ziona, baina tokian-tokian eragina zuena eremu guztietan: osasunean, gizartean eta ekonomian. Birusaren hedapenaren aurka ahal bezain laster jokatzea zen helburua. Horretarako, 90 neurri baino gehiago hartu genituen, lau zutabetan oinarrituta:  prebenitzea, eustea, indartzea eta informatzea.

Etsipen handiz ikusten genuen birusa geldiezina zela. Ez zituen mugak bereizten, eta denbora kontu huts bat zen gure artera iristea. Munduko potentziek eta herrialde osoek pandemiaren hondamendia jasaten ari ziren, eta horregatik zen hain garrantzitsua aurrea hartzea, birusaren hedapena atzeratuko zuten neurriekin. Prebentzioa funtsezkoa izan zen, bai zaharren egoitza zentroetan, bai desgaitasunerako, gizarteratzeko, gaixotasun mentalerako eta adingabeentzako zerbitzuek osatutako gainerako sarean.

Beti hobetu daitezkeen gauzak daude, eta are gehiago mehatxu ezezagun eta ikusezin baten aurka borrokatzen denean, baina ziurtatzen dizuet guztiz ezohiko egoera batean jokatu behar izan genuela. Hala, egoitza zentroekin etengabe koordinatuta, zentroak blindatzea erabaki zen, birusaren hedapenetik urruntzen saiatzeko. Horretarako, zentroetako bisitak eta irteerak aldi baterako eteteko erabaki gogorra hartu genuen eta osasun protokoloak, garbiketa integralekoak eta desinfekziokoak areagotu genituen, suhiltzaileek eta enpresa espezializatuek ia mila jarduera egin zituztelarik.

Zoritxarrez, ezin izan zen egoitzetan birusa sartzea saihestu, eta martxoaren 19an berretsi genituen lehenengo positiboak foru zentro batean. Zehazki, Tolosako Iurreamendi egoitzan, non diagnostiko positiboa izan duten 54 erabiltzaile zenbatzera iritsi diren.

Pentsa ezazue horrek zer esan nahi duen egoitza bakar baterako. Erabiltzaileentzat, langileentzat, senideentzat eta arduradunentzat dakarren nahasmendua. Pentsa nolako amorruz eta ezintasunez borrokatu behar izan zuten etsai ikusezin bezain basati hori, Tolosako zentro honetan 15 adineko hil zituena.

Berriro ere, zaharren egoitzetako lantaldeak egiten ari diren eginkizun ikaragarria nabarmendu nahi nuke, Maite Peñaren departamentuarekin koordinatuta, benetan zailak diren baldintzetan lan egiten ari direlako. Presio handiko egoeretan, ezkutuko etsai ezezagun bati aurre egiten ari dira, COVID-19ari, hain zuzen ere.

Birusa egoitzetara iritsi zela egiaztatu ondoren, euste fasera igaro ginen. Hedapena saihesteko garaira. Horretarako, jarraipen indibiduala eta egunerokoa egiten hasi ginen 65 egoitza zentroetan. Erabiltzaileen eta langileen kasu positiboak, susmagarriak edo egiteke zeuden probak ezagutzeko. Oso garrantzitsua da benetako argazkia ezagutzea erabakiak hartzeko.

Lehen minututik aurrera, Aldundi osoa COVID-19aren aurkako borrokan murgildu zen, eta funtsezko hainbat erabaki hartu genituen, hala nola Donostiako Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioa koronabirusak eragindako egoitzetako adinekoei arreta emateko gune bihurtzea. Toki horretan 89 adineko artatu ziren zortzi astez, udan ohiko funtzionamendura itzuli baino lehen. Ekainetik aurrera, zentro nagusia Eibarko Ospitaleko planta soziala da, eta bertan jarraitzen da gaur egun COVID-19 gaixotasuna duten pertsonak artatzen.

Talka planari esker, aldi honetan gizarte baliabideak indartu ahal izan ditugu, zenbait tresna abian jarrita, hala nola egoitzetako erabiltzaileen senideentzako arreta eta laguntza psikosozialeko zerbitzua. Aldi berean, arreta dispositibo ugari prestatu ditugu, hala nola Hondarribiko, Zarauzko eta Orioko aterpetxeak, 75 plazarekin COVID-19ak konprometitutako bizitegi bazterketako egoeran dauden pertsonentzat.

Planaren azken xedea, eta ez garrantzi gutxiagokoa, izan da krisia ahalik eta modurik gardenenean kudeatzea. Erabiltzaileek, haien senideek eta gizarte osoak jakin behar dute zein den une bakoitzeko egoera, eta, horregatik, ariketa garbia bat egin dugu une bakoitzean eskura izan dugun informazioa jendearengana helarazteko.

Dakizuenez, talka planak indarrean jarraitzen du foru sare osoan, eta aukera eman digu pandemiaren bigarren olatuari aurreikuspen handiagoz heltzeko. Alertan jarraitzen dugu, prebentzio eta zaintza sistema batekin eta talde espezializatu batekin, 10 astetan 15.000 PCR prebentibo baino gehiago egin baititu zaharren egoitzen eta eguneko zentroen sarean.

Gainera, egoitza guztietan komunikazio sistema segurua ezarri da zentroetako arduradunen, erabiltzaileen eta senideen artean. Egoiliarren eta senideen artean bideoz sustatutako komunikazioaz gain, kasu positiboak erregistratzen dituzten zentroetan egunero ematen zaie familiei zentroaren bilakaeraren berri.

Era berean, Telezaintza telefono zerbitzua jarri dugu erabiltzaileen eta, gizarte zerbitzuetako langileen eskura, laguntza psikosoziala emateko edo prestazio ekonomikoak izapidetzea errazteko.

Gure estimazioen arabera, pandemiari aurre egiteko hartutako neurriek 13 milioiko inbertsioa izango dute urte honetan.

Era berean, gizarte osoari egoeraren bilakaeraren berri emateko egiten ari garen gardentasun ahalegina nabarmenduko nuke. Webgune bat eratu genuen une bakoitzeko benetako egoera ezagutarazteko, eta martxoan lehenengo olatua hasi zenean, 95 egunez jarraian, egoitzen egoera zehatza jasotzen duen eguneroko parte bat eskaini genuen, Eider Mendoza gure bozeramailearen bitartez. Bigarren olatuan joera berari eutsi diogu, eguneroko parteekin.

Krisi egoeretan, eraginkortasuna eta gardentasuna. Hori izan da gure jokabidea, eta hala jarraitzen du izaten.

Ez nuke nahi atal hau amaitu gure eskerrik beroenak eman gabe zerbitzu eta baliabide sozialen sarea osatzen duen gizataldeari. Erabiltzaileak, haien familiak, langileak, zentroetako arduradunak eta Gizarte Politiketako Departamentua. Horietako bakoitza bere onena ematen ari da, eta pandemia izugarri honen ondorioak are okerragoak ez izatea ahalbidetzen dute.

Benetan gogorrak dira kopuruak: 563 zahar kutsatu ziren lehen olatuan; horietatik 395 sendatu ziren baina 168 hil ziren; eta 225 langile kutsatu ziren. Bigarren olatuan, 102 positibo zenbatu ditugu. Horietatik, 24 hil egin dira, 30 errekuperatu eta 48 daude positibo. Gure sarea 65 egoitzek osatzen dute eta horietatik lauetan daukagu birusa gaur egun.

Baina ez daukat inolako zalantzarik kopuru horiek askoz ere beldurgarriagoak izango zirela, baldin eta gure lurraldeak ez bazuen erantzun era kolektibo batean, erronka lazgarri honen aurrean. Komunitate oso bat ari da lanean, berriz ere erantzuteko gai izan den hirugarren sektore batekin elkarlanean, etsai komun beraren aurka borrokatuz. Gurutze Gorriaren, DYAren, Aita Meniren edo Gureak taldearen partaidetza, beste askoren artean, erabakigarria izan da. Jende guztiak aurrera egin du, elkartasun zentzu handi batekin, eta komunitate gisa erantzun du. Langileak. Zaharren egoitzak. Erabiltzaileak. Familiak. Administrazioak. Guztiok bat eginik. Eta horrek, beste behin ere, gure lurraldea bereiziko du.

Denbora igarotzen denean, atzera begiratu eta sistemak nola erantzun duen aztertu beharko dugu. Are eta gehiago, aztertu beharko dugu ez laguntzea erabaki eta egoitzetako agintari nahiz kudeatzaileak auzitara eraman zituenaren jarrera, egoitzetako langileen eskubideak ez babestea leporatuta. Arrazoia eman beharrean, bost epailek beren salaketak ezetsi dituzte, eta egiaztatu dute egoitzek eta Aldundiak prebentzio neurriak etengabe hartu zituztela eta eskubide horiek defendatu zituztela. Ez naiz ni izango, denbora izango da bakoitza bere lekuan jarriko duena, baina une kritikoenetan gertatu den oztopoa izan da larriena, zalantzarik gabe.

Hori alde batera utzita, erakunde eta organismo eskudunen arteko koordinazioa funtsezko faktorea izan da prozesu osoan. Eta hemendik nabarmendu nahi nuke zaharren egoitzek, udalek, eskualdeko garapen agentziek, aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, batez ere Osakidetzak, erakutsi duten gaitasuna, sortzen ari ziren beharretara egokitzen joateko.

Munduan oraingoz 31 milioi kutsatu eta ia milioi bat hildako izan direnean, pandemia hau izan da egungo gizartearentzako eta, bereziki, administrazio eskudunentzako erronkarik handiena. Izan ere, egoera oso zailetan eta denbora errekorrean hartu behar izan dira erabakiak. Ez genuen beti asmatuko, jakina, baina nik egiaztatu ahal izan dudanaren arabera, gure erakundeetako buru diren emakumeek eta gizonek beren onena ematen jarraitzen dute pandemiari aurre egiteko.

 

Erantzuna eremu ekonomikoan

Datozen minutuetan, saiatuko naiz azaltzen zein erantzun eman duen Aldundiak ikuspegi ekonomiko eta fiskalean. Izan ere, eremu sozialean neurriak hartzeaz gain, gauza bera egin dugu arlo ekonomikoan, ondo baitakigu birusak zer-nolako ondorio suntsitzaileak eragiten dituen gure ekoizpen sareko jarduera gehienetan. Martxoaren 15ean ezarritako alarma egoerak, konfinamendu neurriek eta ekonomia bat-batean geldiarazteak kalte ikaragarri bat eragin diete milaka autonomori, enpresa txikiei, esportazio konpainiei, ostalaritzari, turismoari eta aisiari lotutako negozioei, bakarren batzuk aipatzearren.

Adituek diotenez, COVID-19ak eragindako krisia II. Mundu Gerraz geroztik izan den kolpe handiena da, eta munduko ekonomia guztien % 90i baino gehiagori eragiten die. Munduaren eskualde guztietan, erakunde ofizialek aurreikusitako agertokiak eta aurreikuspen ekonomikoak ezkorrak dira, neurri handiagoan edo txikiagoan, 2020ko atzeraldiaren sakontasunari eta hurrengo urteetako indarberritze abiadurari dagokienez.

Euskadin, azken aurreikuspenen arabera, BPGd-a (barne produktu gordina) % 10 jaitsiko da 2020an, eta datorren urtean, 2021ean, % 8,9 haziko da; horrek susperraldia atzeratzea ekarriko luke, gutxienez 2022ra arte.

Langabeziari dagokionez, badakigu honezkero Gipuzkoan ekonomiaren gelditzeak 8.815 lanpostu suntsitu dituela 2020ko lehen sei hilabeteetan, nahiz eta langabeziaren hazkunde erritmoa moteldu egin den azken hilabeteetan.

Lehen seihilekoan, gure lurraldean joan den urtean baino 10.000 afiliatu gutxiago izan ziren Gizarte Segurantzan. Lehen uhinaren unerik okerrenetan, lurraldeko 36.000 langile baino gehiago egon ziren ERTEetan, eta gaur egun ia 7.000 geratzen dira oraindik. Kezkagarriak dira negozioak ixteko eta enpleguak galtzeko perspektibak, batez ere gehien zigortutako sektoreetan, hala nola merkataritzan eta ostalaritzan.

Goiz da jakiteko zein izango den COVID-19aren benetako eragina gure ekonomian, baina adierazle guztiek iragartzen dituzte ondorio oso gogorrak.

Horregatik, martxoaren 20an, alarma egoera dekretatu eta bost egun geroago, koordinazio organo ekonomikoa eratu genuen, foru erakundeko ordezkariek eta Gipuzkoako eragile ekonomikoek osatua, zeregin bikoitz batekin.

Alde batetik, lurraldeko egoera ekonomikoaren jarraipena egitea; eta, bestetik, modu partekatuan neurri ekonomiko eta fiskalak antolatzea, pandemiak jarduera ekonomikoan eta enpleguan eragiten dituen ondorioak premiaz arintzeko.

Denbora horretan guztian, bilerak izaten jarraitu dugu industria, ekonomia, turismo eta lehen sektoreko ordezkariekin, eguneroko jardueran eragin handiena izan duten enpresentzako ad hoc laguntza ildoak eta ekimenak antolatu eta onartzeko, bereziki enpresa txiki eta ertainetarako, eta profesional autonomoetarako.

Lankidetza horren ondorioz, hainbat ekimen, laguntza ildo eta zerga neurri jarri ditugu abian, pandemiak eragindako kalteak gutxituz joateko.

 

Zerga neurriak

Hasteko, Ogasun Departamentuak hartutako neurriak azalduko dizkizuet, COVID-19ak lurraldearen ekonomian dituen ondorioak arintzeko eta susperraldia ahalik eta azkarren eragitearren oinarriak ezartzeko.

Zerga arloan, erabakitasunez jardun dugu krisiaren eragina murrizten saiatzeko. Guztira, lau foru dekretu arau onartu ditugu Batzar Nagusi hauetan:

  • 1/2020 Foru Dekretu Araua, martxoaren 24koa; horren bidez, premiazko lehen erantzuna eman genuen. Epeak luzatu eta malgutu genituen, eta zergadunei likidezia handiagoa emateko itzulketak eta prozedurak bultzatu genituen. Lehen une hartan, martxoan, premia horiek ziren oinarrizkoenak. Dekretu hau beste dekretu batekin indartu genuen, maiatzaren 5ean.
  • 5/2020 Foru Dekretu Araua, maiatzaren 26koa. Neurri fiskalen multzo hori munta handikoa da, eta ekonomia suspertzea du helburu. Alde batetik, likidezia falta arintzeko neurriak jasotzen ditu, egungo galerak iraganeko irabaziekin konpentsatzea ahalbidetuz, bai autonomoei bai enpresei. Bestetik, enpresa txiki eta ertainetan inbertitzeagatik eta enplegua sortzeagatik hobari fiskal berriak jasotzen ditu, bai eta saltoki txikien eraldaketa digitalari laguntzea ere, pizgarri berri eta indartsu batekin. Dekretu honen osagarri bat onartu genuen uztailaren 21ean.

Neurri horien guztien eragin metatua 700 milioi eurotik gorakoa izan da. Eragin horren zati handiena finantzarioa da, baina gai izan gara eragin hori onartzeko, kontu saneatu batzuei eta gure erakundeak duen finantza muskuluari esker.

Arauen aldaketekin batera, Ogasunak ahalegin berezia egin du itzulketak arintzeko; abuztura arte, iazko kopuru bera itzuli dugu, pandemiak jarduera ekonomikoa geldirik edo eraginpean egon den urte honetan, eta aurreko ekitaldiarekin alderatuta, zerga bilketari dagokionez errekorra izan baitzen orduan. Iruditzen zait erraz ulertuko duzuela zein garrantzizkoak diren itzulketa horiek krisi ekonomikoko testuinguru honetan, familiei eta enpresei likidezia zuzenean ematen baitiete.

Zerga arloarekin amaitzeko, Errenta, Ondare eta Sozietateen kanpainetan egindako lana ere nabarmendu nahi nuke (azken hori egun hauetan amaitu da). Oso salbuespenezko testuinguru batean, errentaren kanpaina abiarazi eta amaitu duen Estatuko lehen erakundea izan gara, eta aurrez aurreko arreta eskaintzen lehena; konfinamendu bete-betean, behar adina arintasun izan dugu herritarren eskura jarri ahal izateko beharrezkoak diren tresnak online aitorpena aurkeztu, aldatu eta osatu ahal izateko, etxetik mugitu ere egin gabe. Emaitza, ongi dakizuenez, bi alderditan izan da ona: kanpaina bikain bat egin dugu diru bilketari dagokionez; eta osasun arloan ez dugu inolako gorabeherarik izan.

 

Beste neurri ekonomiko batzuk

Koordinaziorako organo ekonomikoan egindako asteroko bilera telematikoei esker, berehala ezagutu ahal izan ditugu sare ekonomikoaren beharrak, eta azkar jardun ahal izan dugu.

Hala, denbora horretan, pisuzko hainbat neurri ekonomiko jarri ahal izan ditugu abian, hala nola 4 milioi euro enpresen lehiakortasun eraldaketa bultzatzeko; 850.000 euro 50 langile baino gutxiagoko enpresetan telelana bultzatzeko; edo 100.000 euroko dirulaguntzen lerro berria, zerbitzu turistikoen sektoreko autonomoentzat eta enpresa txikientzat.

Era berean, eskualde mailako erakundeei zuzendutako deialdi bat jarri da abian, 825.000 euroko zenbatekoarekin, pandemiak sortutako krisiaren aurrean ekonomia suspertzea bultzatzeko.

 

Lau plan espezifiko

Sektoreetako kontrasteei esker, gainera, Gipuzkoako funtsezko sektoreak bultzatzen saiatzeko berariazko lau plan aurkeztu ahal izan ditugu.

Lehenengoa, Ekonomia Berreskuratzeko Plana, COVID-19ak ekonomia eta enpresa sarean duen eragina arintzera zuzendua.

Guztira 28 milioi euroko inbertsioarekin, lehentasuna ematen zaio kalitatezko enplegua sortzeari eta mantentzeari, enpresa proiektu lehiakorren eta iraunkorren bidez, Gipuzkoa Europako desberdintasun maila txikieneko erkidegoa izan dadin lortzen laguntzeko.

Plan horren jarduera ardatzak dira:

  • Kalitatezko enplegua sortzea eta finkatzea.
  • Enpresei laguntzeko baliabide ekonomikoak ematea.
  • Etorkizuneko enpresa proiektuak sendotzeko laguntza ematea.
  • Sektore estrategikoen finkapenean sakontzea.
  • Tokiko kontsumoari laguntzeko mekanismoak eratzea.
  • Enpresa garapeneko ekosistemaren eginkizuna indartzea.

 

Kalkulatzen dugu zuzeneko laguntzak orain arte 562 enpresa, ETE, pertsona autonomo, elkarte eta eragilerengana iritsi direla, hau da, 10.000 lanpostu baino gehiago. Kontuan hartuta deialdi gehienak, ugarienak barne, irailetik urrira bitartean esleituko direla, gure aurreikuspenen arabera zifra horiek hirukoiztu edo laukoiztu egingo dira.

Bigarren suspertze plana da Piztu Kultura. Guztira 4 milioiko inbertsioarekin, ekimen honek zenbait neurri egituratzen ditu krisiak bereziki eragindako sektore batean izandako galerak arintzeko, kulturaren sektorean, hain zuzen ere. Proiektu kulturalei iraunkortasuna ematea eta Gipuzkoako gizartean kontsumo kulturala sustatzea du helburu.

Neurri nagusien artean nabarmentzekoak dira, besteak beste, autonomoentzako eta enpresa txikientzako laguntzak, edo ekainean erosketa sustatzeko kultura bonu ezohiko bat abiaraztea.

Orain arte, 40 autonomok, 59 liburu dendak eta 40 udal edo museo erakundek jaso dute planaren onura.

Hirugarren planaren helburua da Gipuzkoan turismoa suspertzea. Guztira 2,4 milioirekin, COVID-19ak sektorean dituen ondorio izugarriak arintzen saiatzen da.

Gogoan izan behar dugu turismoak goranzko joera garbi bat bizi zuela gure lurraldean. Bide hori, ordea, guztiz eten da bat-batean, COVID-19aren krisiak gehien eragindako sektoreetako bat izan baita, ziurgabetasun maila oso handiarekin, eta aurreikusten da susperraldia beste jarduera batzuetan baino motelagoa izan ote daitekeen.

Gipuzkoako hirugarren sektore ekonomikoa izanik, 36.500 enplegurekin iaz, neurriak hartzea premiazkoa zen, eta horregatik, maiatzaren 8an, Turismoa Suspertzeko Planaren berri eman genuen, hiru helbururekin: jarduera eta enplegua babestea; enplegua berreskuratzen laguntzea; eta pandemia osteko agertokian sustatzea eta berrabiaraztea.

Orain arte, turismoaren sektoreko 150 enpresa, erakunde, eragile eta elkarte baino gehiago izan da laguntza hauen jasotzaile.

Aldi berean, beste 2 milioi euro aktibatu genituen merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreei laguntzeko, COVID-19ak 1.500 biztanletik gorako udalerrietan sortutako gastuei eta inbertsioei aurre egiteko orduan. Deialdi hau Gipuzkoako 55 udalen eskutik egin dugu, eta horrek erakundeen arteko koordinazio garrantzitsu bat erakusten du.

Azkenik, lehen sektoreko jarduera ekonomikoa mantentzeko plana dago. Guztira 15,5 milioi euroko zenbatekoarekin, COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean lehen sektoreak dituen erronkei erantzun nahi zitzaien, jarduera ekonomikoari eta enpleguari eutsiz, azpisektore kaltetuenei lagunduz eta jardun ardatz nagusi gisa lurralde oreka bultzatuz. Plan horrek hainbat laguntza lerro biltzen ditu, milioi bat eurotik gorako hornidurarekin, krisiaren ondorioz kalte handiena jasan duten jarduerak erreskatatzeko berariazko plan gisa: ardiak, sagardoa, txakolina, nekazaritza turismoko establezimenduak...

Orain arte, 700 pertsona inguru izan dira ekimen honen onuradun.  Pandemiak agerian utzi du lehen sektorearen jarduera funtsezkoa dela gure etorkizunerako.

 

Etxea bera berregituratzea

Jarraian, Aldundia bera COVID-19ak sortutako errealitate berrira egokitzeko egin dugun berregituratze ariketa azalduko dizuet.

Pandemia hain handia izanik, milioika pertsona kaltetuta eta munduko ekonomia ahulduta, argi genuen hurrengo ahalegina izan behar zela etxea bera berregituratzea. Administrazioak, enpresak, negozioak eta familiak egoera berrira egokitzeko ahaleginak egiten ari dira, eta Aldundiak ezin zuen salbuespena izan.

Martxoan bertan, pandemiak ekonomian izandako eraginen ondorioz foru bilketa jasaten ari zen beherakadaren berri ematen hasi zitzaigun Ogasun Departamentua. Lehenengo kalkuluen arabera, urteko bilketa % 20 murriztu zitekeen.

Urteko aurrekontua 915 milioi ingurukoa zelarik, birusaren eraginez 200 milioi inguru murriztuko dela kalkulatzen hasi zen. Beraz, ezinezkoa izango zen urte hasieran aurreikusi genituen proiektu eta inbertsio guztiak gauzatzea, gure zor maila handitzeko gaitasunik ez genuelako, gaur gaurkoz.

Dakizuenez, foru aldundien zorpetzeko gaitasuna argi eta garbi aitortzea datozen egunetan aztertuko dugu, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bileran. Gai honetan azpimarratu nahi dut ez garela soilik diru kopuruez ari, baizik, areago, lurralde historikoak tokiko erakundeez bestelako estatusa duten erakundetzat hartzeaz ari garela. Funtsezko puntu bat, euskal sistema instituzionala sendotzeko eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako lurralde historikoen berezitasuna aitortzeko.

Hilabeteak daramatzagu zorpetzeko gaitasun handiagoa aldarrikatzen, baina erantzunik jasotzen ez genuenez, bi erabaki garrantzitsu hartu genituen. Bat: lehentasunak ezartzea, betiere gizarte politikak eta sustapen ekonomikoa zainduz. Eta bi: lurraldeko udalei egoeraren berri eman, egoeraren arabera joka zezatela eskatzeko.

Analisiak egin ondoren, apirilaren 24an, Diputatuen Kontseiluak erabaki zuen ekitaldi honetarako aurrekontua 85 milioi murriztea.

Oso garrantzitsua zen erakundea prestatzeko eta Gipuzkoako gizartearen beharrei behar bezala erantzuten jarraitzeko beharrezko doikuntzak lehenbailehen egitea.

Azken urteetako kudeaketari esker, foru erakundeak finantza egoera onbideratua du; beraz, zerga bilketan jasoko ez dugunaren zati bat estaliko da legeak ahalbidetzen digun zorraren muga goratuz eta soberakina erabiliz. Gainerakoan, 85 milioi inguru, inbertsioak geroratzea eta gastuari eustea erabaki genuen.

Foru Aldundiak honako irizpide hauen arabera egingo du egokitzapen hori:

  • Gizarte politikak eta gizarte babesa mantentzea eta indartzea.
  • Ekonomia mantentzea eta indartzea.
  • Garraio publikoa mantentzea.
  • Etorkizuna Eraikiz ekimenaren apustuari eustea, pandemiak sortutako testuingurura birbideratuz.
  • Foru Aldundia bera prestatzea pandemiaren ondorengo agertokian funtzionatzeko.
  • Izaera estrategikoko inbertsioak eta proiektuak berriz periodifikatzea, prozesua motelduz.

Aurrerago sakonduko dudan neurri horiekin, lehentasunak ezarri eta gizarte politikak eta sustapen ekonomikoa babestuko ditugu. Hau da, bi aurrekontu sai horiek bere horretan mantentzen ditugu, alde batetik, krisialdi honetan talde ahulenei laguntzeko eta desberdintasunen aurka borrokatzeko; eta bestetik, sektore ekonomikoei eusteko eta ahalik eta enplegu gehien izateko.

Horrela, Aldundiak aurrea hartu die krisiaren ondorioei, eta, aldi berean, prestatzen hasi da sumatzen hasi garen egoera kritikoari aurre egiteko. Lurralde historikoen zorpetze gaitasuna berresten denean, oso argi izan behar dugu baliabide horiek gure aurrekontuak berregituratu ondoren ezarritako lehentasunak indartzeko erabiliko direla. Paradigma aldaketa hori legegintzaldi osora zabalduko da.

Udalen zeregina oso garrantzitsua da prozesu honetan. Horregatik, prozesu honen hasieratik ikusi genuen beharrezkoa zela udalekin komunikazio irekia eta zuzena izatea, gauza bera egiteko beharra izango zutelako. Dagoeneko martxoaren 28an jakinarazi genien osasun krisiak ekonomian eragindako inpaktuak bete-betean eragingo ziola zerga bilketari, eta lasaitasunez eta zuhurtziaz jokatzeko eskatu genien, administrazio guztiok modu koordinatuan jardutea lehenetsiz. Hiru egun geroago, bilera telematiko bat egin genuen Gipuzkoako alkate guztiekin, agertoki berri horri elkarrekin heltzeko.

Era berean, Aldundiak eta Eudeleko Gipuzkoako Lurralde Batzordean dauden udalek erakundeen arteko elkarrizketa mahaia eratu genuen, pandemiak eragindako ondorio negatiboei erantzuteko ekimenak bultzatzeko eta koordinatzeko. Batzorde mistoaren bileran gure erakundeak zorpetzeko duen gaitasuna handitu egingo dela berresten denean, mahai horrek helduko dio Gipuzkoako udalei Aldundiak ematen dien finantza laguntzari.

 

 

2020-2023 Plan Estrategikoa berrikustea

Pandemiaren magnitudea eta eremu guztietan sortu dituen ondorioak ikusita, eta aurrekontuaren berregituratzearekin batera, joan den apirilean Diputatuen Kontseiluak erabaki zuen legealdiko Plan Estrategikoa berrikustea eta errealitate berrira egokitzea. Ez bakarrik diru bilketaren jaitsierak ezinezko egingo lukeelako dokumentuan jasotako helburu guztiak gauzatzea, baizik eta jabetzen ginelako mundua aldatzen ari den neurrian paradigma berri bati erantzun behar diogula.

Dokumentua uztailean aurkeztu zen, bi premisa argirekin. Lehenengoa: gizarte kohesioaren alde lan egiten jarraitzeko beharra; eta bigarrena, garapen ekonomiko inklusiboago eta iraunkorrago bat sustatzea.

Kudeaketa plan estrategiko berriak lehentasunezko bost eremu jasotzen ditu; banan-banan aztertuko ditut:

 

  1. Erabateko lehentasuna ematea gizarte kohesioari eta desberdintasunen aurkako borrokari.

Lehenengoa gizarte kohesioari buruzkoa da. Orain, inoiz baino gehiago, gure politikak, programak eta ekintzak pertsonarengan eta haren bizi kalitatea hobetzean oinarrituko dira. Eta, horretarako, gizarte babesaren, ongizatearen eta bizikidetza komunitarioaren alde lan egiten jarraituko dugu, COVID-19aren testuinguruan. Ziurtatzen dizuet are eta indar handiagoz borrokatuko dugula emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean, mugikortasunean, euskaran, kulturan edo kirolean larriagotu daitezkeen desberdintasun sozialen aurka.

Ildo horretan, lanean jarraituko dugu zerbitzu eskaintza on bat ematen jarraitzeko, krisi ekonomiko, sanitario eta sozialaren eraginez sortutako gizarte premia berrietara egokituta. Eta pandemiak Gipuzkoako gizarte baliabideen sare publikoan duen inpaktuari aurre egiten jarraituko dugu; horretarako, etengabeko alerta-prebentzio-zaintza egoera aktibatu dugu, eta inplikatutako eragile guztien arteko koordinazioa sustatu dugu, berriz ere kutsatze aldiak eta horien ondoriozko premiak gertatzen direnerako.

Krisi honek prospektiba ariketak egitera behartu gaitu. Errealitatera egokitzeko eta behar berriei erantzuteko epe ertaina eta luzea nolakoa izango diren irudikatzen saiatu gara. Eta aitortuko dizuet hausnarketa ariketa honek berretsi egin duela adinekoen arretarako eta zahartze aktiborako eredu berri baterantz aurrera egiteko gure apustua, etxeko arreta integralean oinarritua. Urteak daramatzagu Gipuzkoan pertsonengan oinarritutako gizarte berrikuntzako eredu bat ezartzeko lanean, zerbitzu, eredu eta teknologia berriak eskaintzeko helburuarekin, 2030 Agendaren eta garapen jasangarrien helburuen lorpenarekin bat etorriz. Eta orain proiektu esperimentalen bidez indartuko dugu, hala nola Etxean Bizi, OK etxean edo Gipuzkoa Care; eta indar berezia emango diegu gizarteratze plan berriari eta Elkar-Ekin Lanean Gipuzkoako Kalitatezko Enplegu Inklusiboaren Estrategiari.

Askotan entzun didazue Elkar-Ekin Lanean ekimenaz hitz egiten, eta honezkero jakingo duzue, noski, sortu zenetik harrotasunez betetzen nauen proiektu estrategiko bat dela. Izan ere, Elkar-Ekin Lanean ekimenak bere 4 urteetan bazterkeria arriskuan zeuden ia 2.000 pertsona kontratatzeko aukera eman du, eta, horrela, populismoaren eta xenofobiaren aurkako txerto bat izan da Gipuzkoan.

Orain, inoiz baino gehiago, ekimen hori indartzea eta pandemiaren ondorio sozioekonomikoak jasaten ari diren milaka pertsonei erantzuna ematea dagokigu.

Azken batean, pertsona guztien kalitatezko enplegua eta enplegu inklusiboa bultzatzeko estrategia da, arreta berezia jarriz bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonei, enplegagarritasun maila ertain-baxuko langabezia egoeran daudenei eta lan prekaritate egoeran dauden pertsonei.

Horiei guztiei zuzenduta, Aldundiak enplegagarritasun plan hori indartuko du 3 milioi euroko aparteko zuzkidurarekin, etxe honek enplegua indartzera bideratutako politiketan jada inbertitzen ari garen 35 milioi euroei gehituta.

Kalkuluen arabera, datozen hamabi hilabeteetan 700 pertsonak lortuko dute lanpostu bat Elkar-Ekin Lanean estrategiari esker. 

Elkar-Ekin Lanean Gipuzkoako lurralde osoaren apustua da, erakunde publikoetatik hasita, eskualdeko agentzietatik jarraituta eta hirugarren sektorearen eta enpresen inplikazio oso beharrezkoarekin. Eusko Jaurlaritza funtsezko beste eragile bat da estrategia hedatzen laguntzeko. Alde horretatik, laster Lan eta Enplegu Sailarekin bilera bat egiteko asmoa dugu. Datozen asteetan Elkar-Ekin Lanean enplegagarritasun estrategia jendaurrean aurkezteko asmoa dugu.

Desberdintasunei aurre egiteko, genero berdintasunaren eta hizkuntza berdintasunaren arloan datozen hilabeteetan landuko ditugun lan ildoak ere aipatuko dizkizuet.

Lehenengotik hasita, azpimarratu nahi dizuet arreta berezia eskainiko diogula gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari, eta aurreratu nahi dizuet datozen egunetan aurkeztuko dugula III. Berdintasun Plana, arlo horretan ditugun politika publikoak gidatuko dituena. 

Dakizuenez, azken urteotan, Gipuzkoak nabarmen egin du aurrera genero berdintasunaren arloan. Elkarlanean egindako lana izan da, Gipuzkoako gizarte osoaren lorpen kolektiboa. Baina oraindik bide luzea dago egiteko, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oraindik ere irismen handiko erronka da, Gipuzkoa gizarte berdinzaleago baterantz eraldatzeko politika gehiago eskatzen dituena.

Datu batzuek erakusten dute desberdintasun horren alderik ilunena. Adibidez, Gipuzkoan emakumeak gizonak baino gehiago dira unibertsitate prestakuntzan, baina haien jarduera tasa gizonena baino 10 puntu txikiagoa da oraindik ere; soldata arrakala 7.000 euro baino zertxobait gehiago da gizonen aldekoa urtean; eta gizonak dira, halaber, erantzukizun postuetan gehiengo irmoa dutenak. Ez dira ahaztu behar urtero indarkeria matxistaren biktima izan direla salatzen duten 1.500 emakume gipuzkoarrak, gure lurraldean gaitz horren icebergaren tontorra direnak. Gogora ekarri nahi nuke arazo horri aurre egiteko, pasatako legegintzaldian Aurre Plana bultzatu genuela, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko.

 

Pandemiaren erdian, eta ziurgabetasunak markatutako garai batean, Eustatek Europako herrialdeen genero berdintasunaren indize berria plazaratu du. Lehen aldiz, Euskadiko hiru lurraldeak hartzen ditu. Indize hori tresna estatistiko bat da, berdintasun politiken lorpenak eta aurrerapenak objektibatzeko gaitasuna duena, eta Gipuzkoa jarri du lehen postuetan, berdintasunaren alorrean aurreratuen dauden Europako lau herrialdeen atzetik soilik: Finlandia, Frantzia, Danimarka eta Suedia. Hala ere, lehen esan bezala, asko daukagu hobetzeko oraindik.

Hurrengo hilabeteei begira, indartu beharreko beste eremu bat hizkuntza berdintasuna izango da. Dakizuenez, euskararen normalizazioa beti egon da foru gobernu honek ezarritako lehentasunen barruan, eta azken bost urteetan aurrerapen handiak egin dira, hala nola Euskara Normalizatzeko VI. Plana onartzea, Gipuzkoa Berdinago bezalako ekimenak abian jartzea, eta euskaraz lan egiten duten hedabideen finantzaketa publikorako eredu berria, besteak beste.

Datozen hilabeteei begira, nabarmentzekoa da Hizkuntza Berrikuntzako Laborategi Kooperatiboaren sorrera, aurten Etorkizuna Eraikiz programaren barruan bultzatuko duguna. Zentro horren egitekoa izango da euskal gizarteko hainbat sektoretan proiektu berritzaileak sortzea eta bultzatzea, euskara gaur egungo testuinguru eleaniztunean hizkuntza protagonista izan dadin.

Era berean, gainerako erakundeekiko etengabeko koordinazioa bilatzen jarraituko dugu, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko eta, horrela, eskolak sei hilabetez ixtearen ondorioz gerta daitezkeen atzerapenei aurre egiteko. Alde horretatik, ikus-entzunezko edukien zeregina funtsezkoa da gazteek euskara gehiago erabil dezaten, eta, horregatik, euskarazko sorkuntzen 2deO laborategia bultzatzen jarraituko dugu Tabakaleran.

 

  1. Garapen ekonomiko inklusiboagoa eta jasangarriagoa sustatzea.

Kudeaketa plan berriaren lehentasunezko bigarren eremua garapen ekonomiko inklusiboagoa eta iraunkorragoa sustatzea da.

Pandemiak kudeaketa duala egitera behartzen gaitu arlo ekonomikoan, bi helburu uztartuz: epe laburrera berreskuratzea, eta epe ertainera eredu sozioekonomiko inklusiboagoa, iraunkorragoa eta erresilienteagoa eraikitzea krisi berrien aurrean.

Epe laburrean, gure lehentasuna pertsonak eta lanpostuak babestea da, inoiz baino hurbilago baikaude enplegua ematen duten enpresetatik.

Gure ekonomia eta industria sareari eutsi behar diogu, ahalegin handia egin behar izan baitugu hori eraikitzeko. Gipuzkoa, batez ere, lehiakortasun ekonomikoaren eta gizarte kohesioaren uztarketa da.  Gure enpresen lehiakortasun eta giza osagaia indartu behar da. Inoiz baino gehiago, Gipuzkoako enpresa ereduaren aldeko apustua egiten dugu, lurraldearekin eta hura osatzen duten pertsonekin konpromisoa duena, etikoa, baina baita malgua ere, gero eta konplexuagoa den ingurunera egokitzeko gai dena.

Dakizuenez, gure enpresak oso une gogorrak bizitzen ari dira, eta ikasturte hasiera zaila da Gipuzkoako sare ekonomiko osoan.

Egoerak askotarikoak dira sektoreen arabera, baina kezka bizia daukagu, hasi denda txikietan, ordainketei aurre egiteko arazoak baitituzte; eta bukatu enpresa traktoreetan, nazioarteko eskaerak nola erortzen diren ikusten baitugu. ERTEetan 7.000 lagunek jarraitzen dute, aurtengo lehen sei hilabeteetan esportazioek behera egin dute (ia % 25); horrek erakusten du etorkizuna zaila dela: likideziarik eta inbertsiorik ez dago, eskari globala murriztu egin da, eta eskaerak gutxitu.

Martxoan, ekonomia eta enplegua azkar suspertuko zirela uste genuen, osasun krisia konfinamenduarekin gainditu ondoren.  Zoritxarrez, dena askoz zailagoa izan da. Izan ere, ekonomia ez da botoi huts batekin itzaltzen eta pizten. Pentsatu nahi izan genuenaren aurka, badirudi birus hau denbora luzez egongo dela gure artean. Eta, batez ere, krisi global honen eragina espero baino askoz ere handiagoa izan da.

Ziurgabetasuna ikaragarria da, baina ausartuko nintzateke esaten Gipuzkoako enpresa ehuna, oro har, ondo jasaten ari dela.

Lurralde honek badu lan egiteko modu bat, Gipuzkoa lehiakorra izatera eta ongizate maila ikusgarriak lortzera eraman duena. Ziur nago oinarri nahiko sendoak ditugula garai berri honi aurre egiteko. Horretarako, baliagarri gertatu diren lan ildoetan sakontzen jarraitu behar dugu, eta erronka berriei aurre egitea ahalbidetuko diguten lan ildoak berritu, hala nola telelana, nazioartekotzea eta barne ekintzailetza, besteak beste.

Hala, aurreratu nahi dizuet, aurten egin dugun bezala, lehiakortasuna eta ekoizpen prozesuen eraldaketa, ekintzailetza eta ikerketa, garapena eta berrikuntza politikak indartzen jarraituko dugula. Jakintza aurreratua sare ekonomikora eramateko ahalegina are gehiago hobetzea funtsezkoa izango da garai berri horiei aurre egiteko. Langintza horretan protagonismo nagusi bat izan behar dute zientzia eta teknologiaren Gipuzkoako sareak eta sare hori inguratzen duen ekintzailetza aurreratuaren ekosistema osoak.

Talentuaren aldeko estrategiak ere birdefinituko ditugu, pandemia osteko aro berrira egokituz, eta Gipuzkoako enpresetan langileen errotzea sustatuko dugu. Gizatasunez betetako enpresa lehiakorrak sustatu nahi ditugu, mundura irekita daudenak, kalitatezko enplegua sortzen dutenak eta belaunaldi gazteenen talentua erakartzeko gai direnak. Lan proiektua garatzeko leku erakargarriak izan daitezen, eta, aldi berean, jarraitu dezaten izaten aberastasun sortzaile eta desberdintasun gero eta gutxiago duen gizarte baten eraikitzaile.

Epe ertain-luzean, Gipuzkoa espezializazio adimendunaren bidez ondo kokatuta dagoen sektoreen aldeko apustua egiten jarraituko dugu, eta gure ekosistema ekonomiko, enpresarial eta jakintzakoan lankidetza sendotzen jarraituko dugu. Gainera, enpresa lehiakorragoak sustatuko ditugu, enpleguaren kalitatearen eta pertsonen garapenaren alde egiten dutenak, emakumeen eta gazteen garapen profesional nahiz pertsonalari arreta berezia eskainiz, 2030 Agendaren eta garapen jasangarriaren helburuen lorpenarekin bat.

Jakintzaren, teknologiaren eta talentuaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu, batez ere zahartze aktiboan, mugikortasun berrian, ekonomia zirkularrean eta digitalizazioan lanean ari diren sektoreetan.

Tribuna honetatik eskaintzen didazuen aukera baliatu nahi dut Aldundiak hartuko dituen hiru konpromiso handi aurreratzeko, pandemiak bizkortutako garai berrietarako trantsizio honetan gure enpresei laguntzeko helburuarekin.

Lehenengo konpromiso handia izango da Ekonomia Suspertzeko eta Biziberritzeko Plan bat aurkeztea, urtea amaitu aurretik. Plan horrek, sustapen ekonomikorako neurriak ez ezik, neurri fiskal berriak ere jasoko ditu, sare ekonomikoari COVID-19aren osteko egoera berrian laguntzeko asmoarekin lerrokatuta.

Bigarren konpromisoa izango da pertsona zaurgarriengandik eta zailtasun handienak dituzten enpresetatik hurbil egotea. Ongi dakizue Aldundi honek ahalegin handia egin duela zubiak eraikitzeko eta enpresekiko loturak sendotzeko, eta orain zeregin hori indartzea dagokigu, eskualdeetako agentziak funtsezkoak izan direla aitortuta. Zailtasunak dituzten enpresentzako laguntza, beraz, indartu egingo da datorren ekitaldian.

Ekonomiaren arloan hartutako hirugarren eta azken konpromisoa izango da hilero egoera ekonomikoari buruzko azterlanak egitea. Etengabeko jarraipen sakon horri esker, gure ekonomiaren egoera ezagutu ahal izango dugu, garaiz jarduteko eta aldaketetara egokitzeko. Aldundiak jokabide aktiboa hartuko du une gogor hauetan enpresei laguntzeko orduan, eta bideragarritasun agertokiak irekitzen lagunduko du.

Gipuzkoaren izateko modua aldarrikatu nahiko nuke. Jende ekintzailea gara, anbizio handikoa, adiskidetzailea, arlo guztietan aurrera egin nahi duena. Orain erakutsi egin behar dugu hori, gure ekonomia errealitate berrira egokituz.

Gure balioak indartzeko unea da. Ondo egiten genuena hobeto eta azkarrago egiteko. Indarrak batzeko, erabakitasunez ekin diezaiegun etorkizuna jokoan dugun eraldaketa prozesuei: digitalizazioa, eraginkortasuna, produktuen eta merkatuen dibertsifikazioa, etorkizun handieneko sektoreen aldeko apustua, kalitatezko enplegua, belaunaldien arteko erreleboa, errotzea, talentua sustatzea, kontziliazio erantzunkidea edo langileen parte hartzea.

 

  1. Zeharkako apustu berdea eta digitala.

Orain hirugarren eremuan geldituko naiz: apustu berde eta digitalean.

Krisi guztietan bezala, pandemiak balio izan du joerak bizkortzeko eta erronka edo paradigma jakin batzuen garrantzia handitzeko; izan ere —badirudi honetan denok ados gaudela—, datozen urteetan, gizarte, ekonomia, lurralde eta politika mailan, suspertze eta aurrerabide eragile zeharkako bihur daitezke erronka edo paradigma horiek. Etapa berri honetan, uste dugu beharrezkoa dela lehentasun estrategikoaren fokua jartzea azken urteotan Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan irmoki lantzen ari garen bi alorretan; horregatik, abantaila posizioan jartzen gaituzte une hau behar bezala baliatzeko.

Alde batetik, berreskuratze berdearen estrategiak aukera paregabea eskaintzen digu gure ekonomia eta enpresak suspertzeko, eta jarduera ekonomiko berria eta kalitatezko enplegua sortzen laguntzeko. Horregatik planteatzen dugu apustu indartu bat, berrikuntza teknologiko berdearen, ekonomia zirkularraren eta birziklapenaren sustapenean oinarritua, susperraldiaren alde egiteko eta gure lurralde ereduan modu koherentean txertatzeko, bai ekonomia mailan, bai azpiegitura, mugikortasun eta biodibertsitate mailan.

Azken batean, aukera hau baliatu nahi dugu energia eredu jasangarri bateranzko trantsizioa bizkortzeko, mugikortasun jasangarria eta lurralde oreka sustatuz, klima aldaketaren aurkako borrokaren esparruan.

Horregatik, bide azpiegituren eta mugikortasunaren arloan ditugun eskumenetan oinarrituta, zerbitzu onenak eskaintzen jarraituko dugu, egoeretara egokituz eta hobekuntzak ezarriz. Horrela, Mugikortasun Departamentutik mugikortasun jasangarria eta garraio publikoaren erabilera sustatzen jarraituko dugu, eta bizikletaren erabilera bultzatuko dugu, orain ibilgailu pribatu osasungarri, jasangarri eta seguruen aukerarik onenetakoa baita. Aldi berean, MUGI txartela are gehiago indartzeko lan egingo dugu, plataforma mugikorrekin konektatzeko hobekuntza teknologikoak txertatuz.

Gainera, Mugikortasun Departamentuak Pasaia eta Pasaialdea osorik berroneratzeko lanean jarraituko du, baita herritarren ongizatean eta gizartearen ekitatean eragina duten hondatutako beste eremu batzuk ere.

Zehazki, Pasaian, eta Adinberri zentroari dagokionez, gogorarazi behar da 2019ko otsailean Adinberri eraikitzeko proiektua onartu zela, eta bi hilabete geroago, Portu Agintaritzak erreferentziazko zentroa kokatuko den lur sailen desafektazioa onartu zuela eta Aldundiari laga zizkiola.  Bestalde, Pasaian, ekitaldi honetan Hospitalilloko aparkalekua eta Adinberri konplexua eraikitzeko ezinbestekoak diren aldez aurreko lanak egingo dira, hala nola Iberdrolarekiko akordioa, obretarako aparkaleku alternatiboaren proiektuaren garapena eta lurraren erabilgarritasunerako atal juridikoen formalizazioa. Horrela, espero dugu eraikuntza lanak 2021. urtearen amaieran hasiko direla.

Bestalde, Bide Azpiegituren Departamentutik ere esku hartze garrantzitsuak egitea aurreikusten dugu, hala nola Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen errepidea hobetzeko lanak edo Belabietako tunela birmoldatzea A-15 errepidean, 17 milioiko aurrekontuarekin. Era berean, AP-8 autobidean garraio zentro integrala eraikitzeko lanak 2021ean amaitzea aurreikusten dugu, eta, horrela, Estatuko ibilgailu astunentzako aparkalekurik handiena eta berritzaileena izango da.

Apustu digitala errepideen eremuan ere islatuko da. Dakizuenez, Gipuzkoa aitzindaria da AT bezalako garraio sistema adimendunak martxan jartzen, eta orain jauzi kualitatibo bat emango dugu, ibilgailuen eta errepideen arteko hodi komunikatzaileak hobetzeko aukera emango duen azterlan batekin. Horrela, berehala emango diegu errepideei buruzko informazio erabilgarria erabiltzaileei.

Puntu honetan ezin dugu alde batera utzi Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren azken epaia, N-1 errepidearen kanona arautzen duen foru arauaren aurkakoa. Ildo honetan, berretsi egin nahi genuke gure konpromisoa, bidesariak N-1 errepidean legealdi honen amaieran finkatutako errealitatea izan daitezen.

Azken hilabeteetan egiaztatu dugunez, teknologia digitalak gure gizartea eraldatzen ari dira, eta elkarrekin eragiteko, jokatzeko eta komunikatzeko modu berriak sortzen. Enpresen, gobernuen eta gizartearen arteko harremanak birformulatzen ari dira. Eta erakundeok apustu sendoak egiteko unea da. Guk Gipuzkoa Digital bat nahi dugu. Gure gizartea, enpresak eta erakundeak pixkanaka digitalizatu nahi ditugu, IZFEren eskutik, gure erakundearen funtsezko baliabide gisa. Lurraldeari adimena eman nahi diogu, eta horren bidez balioa sortu.

Gobernantza Departamentuak protagonismo berezia izango du atal honetan, erakundeak berak hiru helburu ezarri baititu. Lehenengoa: bere egitura egokitzea. Gaur egun ia 1.900 langilek osatzen dute, eta horietatik erdiak datozen zazpi urteetan erretiratuko dira. Bigarrena: lan egiteko moduak eraldatzea, premia berrietara egokituz. Eta hirugarrena: etxea digitalizatzeko prozesuan sakontzea, herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzeko.

Aldunditik bertatik hasita, gainerako erakunde, enpresa eta organismoekin jarraituko dugu, eta gure enpresen prozesuak, negozio ereduak eta zibersegurtasun sistema digitalizatzen lagunduko diegu. Halaber, banda zabala lurralde osora hedatuko dugu, landa eremuko eten digitalari aurre egiteko. Teknologia digitalen erabilera bultzatuko dugu sormen eta kultura industrien sektorean eta gastronomiaren balio katean; eta funtsezko proiektuak osatuko ditugu datuen kudeaketa digitalizatzeko eta lurraldeko herritarrei funtsezko zerbitzu publikoak emateko.

 

  1. Elkarlaneko gobernantza praktikatzea.

Datozen minutuetan elkarlaneko gobernantzaren arloa jorratu nahi dut.

Legegintzaldiaren hasieran, Gipuzkoa eredua aitortzearen garrantzia eta hura etorkizuneko estrategia gisa babesten eta indartzen laguntzeko beharra planteatu genituen abiapuntu gisa. Eredu horrek arrakastaz konbinatzen ditu aberastasunaren sorrera eta gizarte babesa, eta lurralde orekatua eta komunitate kohesionatua, euskal kultura eta euskara, gure hizkuntza propioa, sustatzen ditu.

Horregatik, gobernu ekintza gidatzen duen indar ideia da Gipuzkoaren etorkizunaren eraikuntza partekatua, Gipuzkoa eredua oinarri hartuta. Eta eraikuntza kolektibo hori bideratzen duen ikuspegia da Gipuzkoa izatea eremu guztietan desberdintasun maila txikiena duten pertsonen erkidegoa. Norabide horretan aurrera egiteko, Etorkizuna Eraikiz da Aldundiaren ekimen nagusia. Horixe da gobernantza irekia eta kooperatiboa ulertzeko, aplikatzeko eta irudikatzeko modua, politika egiteko modu berria. Gobernantza eredu honek ederki bat egiten du Gipuzkoa ereduarekin; izan ere, estu lotuta dago Gipuzkoako lurralde eta gizarte ezaugarriekin, hau da, ekimen, elkarlan eta lankidetza irizpideekin jarduteko gaitasunarekin. Eta Etorkizuna Eraikiz programaren bidez, Aldundiak Gipuzkoa eredua indartzen lagundu nahi du.

Aurreko legegintzaldian jada presente zegoen inspirazio horrekin, Etorkizuna Eraikiz indartzeko prozesuari ekin genion, eta hainbat modutan ekin zitzaion:

1) Esparru honetan garatzen diren prozesuei euskarria emateko egiturak indartuz.

 2) Aurrekontu baliabide gehiago emanez, proiektu berriak abian jarriz eta martxan zeudenak sendotuz.

 3) Ahalegin handia eginez Aldundiko departamentu guztiak inplikatzeko politika publikoen kudeaketan epe luzeko ikuspegia (aurrea hartzea eta berrikuntza), zeharkako ikuspegia eta elkarlaneko gobernantza txertatuz.

Horren guztiaren ondorioz, jauzi kualitatibo eta kuantitatibo bat gertatu da, Diputatuen Kontseiluak, 2020ko urtarrilean, Etorkizuna Eraikiz gobernantza eredua eta Etorkizuna Eraikiz 2020 Kudeaketa Plana onartu zituenez.

Labur azalduko ditut Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan garatzen ari diren proiektuak.

Gipuzkoa Taldean eremuan, Etorkizuna Eraikiz hausnargunea (Think Tank) martxan jarri da. Lau eztabaida taldek osatzen dute: Kultura politiko berria, Lanaren etorkizuna, Ongizatearen etorkizuna eta Susperraldi berdea. Guztira, 90 pertsona ari dira parte hartzen, hilean behin biltzen den foro horretan. Gainera, lau eztabaida taldeek dituzten erronken inguruan jarduten duten ekosistemetako pertsona eta eragileengana iristeko bideak bilatuko dira, bai eta herritarrengana ere, oro har.

Gipuzkoa Taldean proiektuaren barruan herritar proiektuak ere bultzatuko dira. 2020an, batetik, 17 proiektu babestu dira, gobernantza kooperatiboko eredu berriekin, garapenarekin eta aktibazio komunitarioarekin lotuta. Eta, bestetik, 10 proiektu eskualdeko gobernantza ereduak indartzeko. Bost urteetan 108 berrikuntza proiektu aktibatu dira, 3 milioi euro baino gehiago bideratu dira horietara, eta 200 gizarte eragile baino gehiago inplikatu dira.

Azkenik, Gipuzkoa Taldean erakundearen esparruan, Partaidetzazko Aurrekontuak edo Aurrekontu Irekiak daude, herritarren kezkak konektatzeko eta ezagutzeko balio dutenak. Herritarren parte hartzea sustatzen dute milaka proposamenen bidez, eta horietako asko aurrekontu programetan txertatuta onartzen dira. Aurten, zehazki, 1,2 milioi euro bideratu dira herritarrek aukeratutako proiektuetara.

Gipuzkoa Lab eremuan, legegintzaldi berri honetan bultzada handi bat eman zaio, proiektu asko jarri baitira abian; izan ere, 8 proiektu esperimental inguru kudeatzetik gaur egun 30 proiektu kudeatzera igaro da. Proiektu horiek lurraldearen erronkei erantzuten saiatzen dira, lankidetza guneak eratuta Aldundiko partaideekin, eragile ekonomiko eta sozialekin, unibertsitateekin eta nazioarteko sareekin. Esperimentazio horrek, Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan aktibatutako gainerako prozesuekin batera, agenda publiko berri bat eraikitzen lagundu behar du.

Pasaia Herri LAB adibidea aipatu nahi nuke, jokatzeko modu berri hori azaltzeko. Ekimen hori osatzen de Etorkizuna Eraikiz erakundearen hiru proiektu esperimentalekin eta Adinberriren beste bi proiekturekin, erabiltzaileei osasun sistemaren eta gizarte zerbitzuen eskaintza integrala emateko. Lehen aldiz, arreta eremu desberdinak elkartzen dira pertsonarengan oinarritutako zaintza ekosistema aitzindari bat sortzeko.

Etorkizuna Eraikiz programaren azken atala erreferentzia zentroek osatzen dute, gure ibilbide orriaren giltzarriak. Dakizuenez, aurreko legegintzaldian foru erakundeak espezializazio adimenduneko estrategia oso bat diseinatu zuen Gipuzkoa sektore garrantzitsu batzuen buruan jartzen laguntzeko, hala nola mugikortasun berria, zibersegurtasuna, zahartze osasuntsua eta sormen industriak, besteak beste.

Hortik sortu ziren Adinberri, Mubil, Ziur, Naturklima, LABe eta 2deO proiektuak.

Ziur Zibersegurtasun zentroa, LABe laborategi gastronomikoa eta 2deO euskarazko ikus-entzunezkoen laborategia erabateko errendimenduan daude dagoeneko; baina Naturklima, Adinberri eta MUBIL mamitze prozesuan daude oraindik, fundazioen eta gizataldeen bitartez, eta horiei esker lortu dira klima aldaketarako, zahartze osasungarrirako eta elektromugikortasunerako erreferentziazko zentro berritzaile horien lehen emaitzak, hurrenez hurren. 

Horiek guztiak Eusko Jaurlaritzari aurkeztu zaizkio, Next Generation Europako berreskuratze tresna edo Green Deal – Green Recovery binomio berdea finantzatzeko aukera izango duten proiektuen zerrenda osa dezaten. Aipatutako proiektu estrategikoez gain, Aldundiak beste 25 proiektu aurkeztu ditu Europako funts horietarako hautagai gisa.

Pandemiaren ondorioz, Etorkizuna Eraikiz abian jartzea inspiratu zuten hausnarketak berretsi egin dira eta Aldundiak hautatutako bidea nabarmendu da, hausnarketa foro guztietan egiaztatu baita Etorkizuna Eraikiz ekimenaren definizioa gidatu zuten printzipioetan neurri handi batean inspiratutako mekanismoak aktibatu behar direla.

Testuinguru horretan, Aldundiak hitzarmen bat izenpetu du OPSI-OECD erakundearekin, Etorkizuna Eraikiz kasua aztertu eta ebaluatu dezan, Anticipatory Innovation Governance proiektuaren esparruan; ikasteko bide bat da hori, eta Etorkizuna Eraikiz nazioarteko panoraman praktika on eta arrakastatsu gisa kokatzea ahalbidetuko du. Bestalde, Climate Kic-en eskutik hasitako prozesuak baliatu behar dugu Etorkizuna Eraikiz eredu aurreratu eta erreferentziazkoa bihurtzeko, ikuspegi sistemiko eta estruktural batetik Gipuzkoako eraldaketa sozial eta ekonomikoa sustatzeko. Lankidetza horiek jarraipena izango dute etorkizunean, eta aukera ona izan daiteke Etorkizuna Eraikiz kasua Europan agerian jartzeko eta, hala badagokio, finantzaketa iturriak eskuratzeko.

 

5. Gipuzkoaren etorkizuna modu kolektiboan eraikitzea.

Bosgarren eta azken atala izango da Gipuzkoako etorkizuna kolektiboki eraikitzea.

Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da etorkizuna egungo agendara ekartzea, aurrea hartzeko eta lurraldearen erronka handiei erantzungo dien etorkizuna eraikitzen saiatzeko. Izan ere, agenda publiko berrian zenbait eginkizun atzeraezin bihurtu dira pandemiarekin: gizarte eta lan arloko inklusioa, zahartze osasuntsua eta adinekoen zaintzen eredua, klima eta trantsizio energetikoa, lurralde oreka, digitalizazioaren bizkortzea eta teknologiaren erabilera, edo euskararen etorkizunari buruzko hausnarketa, besteak beste.

Etorkizunari begiratzea izan behar da gobernuen ikusmolde berria. Gure politika publikoak eta lan formulak etengabe zaintzea, haien inguruan hausnartzea eta eguneratzea. Horregatik, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez apustu nagusi eta berritu bat egiten dugu, herritarrekin eta gizarte antolatuarekin harremanak izateko modu berri bat ezartzeko, erreferentziazko nazioarteko eragileen kontrastearekin.

Etorkizuna Eraikiz ekimenaren irekitasun bokazio horrekin, badakizue datozen asteetan, Batzar Nagusi hauen agindua betez, tresna berri bat eratuko dugula biltzarkide taldeekin, lankidetza, ekarpenak eta informazioaren transmisioa bideratzeko, COVID-19aren krisiak eragindako arazoei aurre egiteko.

Estropadatan bezala, elkarrekin arraun egiteko unea da. Gogoetak partekatzeko eta lankidetzarako bidea diseinatzeko. Ziur gaude Gipuzkoako garapen ekonomikoa eta soziala Gipuzkoako gizartearen lidergo, bizitasun eta lankidetza gaitasunaren bidez eraiki dela. Sakondu dezagun horretan. Aberastasunaren sorkuntza eta gizarte babesa arrakastaz konbinatuta lortu dugu lurralde orekatu bat izatea, komunitate kohesionatua, euskal kultura eta euskara hizkuntza propiotzat dituena. Eredu hori lau hitzetan laburbil daiteke: etorkizuna, lehiakortasuna, berdintasuna eta lankidetza.

Ikusten duzuen bezala, plan eta ekimen ugari ditugu datorren urte politiko honetarako. Badakigu ez dela urte erraza izango. Aurre egin beharko diogu egoera zail bati, besteak beste kutsatze agerraldi berriei eta ekonomiaren albiste ezkorrei. Baina ziurtatzen dizuet Aldundi hau buru-belarri ariko dela, eskura duen guztia egingo duela egoera gainditzeko eta lurraldea prestatzeko, etorkizunari aurre egiteko gizartearekin, eragileekin eta gainerako erakundeekin modu koordinatuan.

Gure proiektua partekatuko dugu gizartearekin, Batzar Nagusi hauekin eta Eusko Jaurlaritzarekin. Eta urratsak egingo ditugu Espainiako gobernuarekin eta Europako erakundeekin lankidetzan aritzeko bideak aztertzeko. Horien guztien inplikazioa funtsezkoa izango da asmo handiko proiektuak gauzatu ahal izateko, hala nola Mubil, Naturklima edo Adinberri.

Baina ez bakarrik erreferentziazko zentro horien kasuan. Arestian aipatutako estrategia guztiak sortu dira nazioarteko erreferentzia gune bihurtzeko helburuarekin, sormen parekatuko, ezagutza aurreratuko eta berrikuntzako beste gune batzuekin konektatuta. Etorkizuna Eraikiz ekimenaren funtsezko baldintza da hori, eta, gainera, Gipuzkoak Europara eta mundura zabaldutako lurralde gisa izan duen tradizio historikoarekin lotzen da.

Ziurgabetasun eta globalizazio gero eta handiagoa dugun garaiotan, Aldundiak nazioartekotzearen alde egingo du, inoiz baino gehiago. Bere tresna guztiak erabiliko ditu etorkizuneko proiektuak sektore bakoitzeko esperientzia aurreratuenekin konekta daitezen.

Badakigu baliabideak murritzak direla eta foru gobernu baten eskumenak mugatuak direla, orobat. Baina ziurtatzen dizuet bide guztiak agortuko ditugula aipatu berri ditudan ekimenak gauzatzeko. Ziur baitakigu hori dela Gipuzkoarako ibilbide orririk onena.

Gurea lurralde berezia da. Bakarra dela esango nuke. Txikia da tamainari eta biztanle kopuruari dagokionez, baina potentzial izugarria du. Kemenaren osagai sendo bat dugu, mugitzera eta ez konformatzera garamatzana. Eta komunitatean egiten dugu. Elkarrekin. Ez da kasualitatea gure sare ekonomikoa, funtsean, lurraldean oso errotuta dauden enpresa txiki eta ertainetan oinarritzea, edo mundu osoan ezagunak izatea kooperatibismoaren sehaska delako.

Horregatik, ez da kasualitatea puntako gizarte politikak izatea, hirugarren sektorearekiko lankidetzan oinarrituak, edo 40.000 pertsona baino gehiago boluntarioak izatea elkarte, gobernuz kanpoko erakunde edo udalerri, gizarte, kultura edo kirol elkarteetan. Eskua elkarri luzatzea eta inplikatzea gure nortasunean iltzaturik daude. Eta horixe da, hain zuzen ere, ziurgabetasuneko une hauetan sustatuko dugun Gipuzkoako ereduaren funtsezko elementua. Komunitatea eta komunitatea. Gure errezeta zen pandemiaren aurretik, eta orain ere hala da, inoiz baino gehiago, aurre egin behar diegun erronka berriei aurre egiteko. Eta Gipuzkoaren eredua indartuz egingo dugu hori, Gipuzkoa ongizate maila handiko lurralde aurreratu bihurtu duen eskema sozioekonomiko horrekin.

  

1921